PAI: Epai gazi-gozoa

Pasa den maiatzaren 20an APS, LAB eta steilas sindikatuok 37/2014 Foru Dekretuari egindako helegiteren epaia ezagutu genuen. Hezkuntza Departamentuak ad hoc egindako Foru Dekretu horrek PAIri sostengu juridikoa emateaz gain, hezkuntza komunitate osoaren kritikak isiltzea zuen helburu, eta sindikalgintzan dekretazoa deitu izan dugu.

Amaia Zubieta eta Kepa Yécora. STEILAS Sindikatua.

2016-ko ekainak 1

Lehenik eta behin steilasek azpimarratu nahi du epaian sindikatuok langileen eskubide

kolektiboen defentsako zilegitasuna aitortu izana garrantzitsua dela. Eta hau diogu Hezkuntza

Departamentua behin eta berriro saiatu baita gure jarduera sindikala murrizten. Haren

jokamoldeak erakutsi du, eta erakusten segitzen du, sindikatuok administrazioaren erabakien

hartzaile pasiboak baino ez garela haiendako.

Baina gure poztasun osoa horretara mugatzen da. Hiru atali jarri genion helegitea, eta

hiruren kontrako epaia jaso dugu: haur hezkuntzan aritzeko etapa horretako habilitazioa

izatearen beharra; ingelesean C1 maila akreditatua izatea; eta, irakasleen arteko

dizkriminazioa behin betiko destinoa erdiesteko.

Ez ote da sobera ausarta epai gozoa ere izan dela esatea? Litekeena da, baina epaiak

errealitatea ongi islatzen du, eta 27 orrialdetan behin eta berriro argudio bera ematen du:

LOMCEk hala esaten duelako. Eta halaxe da, LOMCE dugu egoera honen iturburu eta babesle.

Haur hezkuntzan aritzeko etapako titulazioa izateak ezinbesteko baldintza izan behar

duela sinisten dugulako egin genuen helegitea, baina epaileak LOMCEk ezartzen duen

salbuespena gogorarazi digu: “hezkuntza-administrazioek behar besteko hizkuntza

gaitasunak dituzten irakasle falta dagoenean, salbuespen gisa, atzerriko hizkuntzak

menderatzen dituzten adituak, estatukoak nahiz atzerrikoak, programa elebidun edo

eleaniztunetako irakasle gisa hartu ahal izango dituzte (…). Edonola ere, adituek, irakasle

lanetan jarduteko, doktore, lizentziatu, ingeniari, edo arkitekto-titulua edo dagokion graduko

titulua eduki beharko dute, edo irakaskuntzari begira baliokidea den beste bat”. Gauzak

honela, LOMCEk berak ahalbidetzen du programa elebidunetan edo eleaniztunetan haur

hezkuntzako bigarren zikloan edozein irakasle aritu daitekeela, betiere hizkuntza maila egokia

badu.

Eta beste bi punturen inguruko helegitea egin genuen: behin behineko akreditazioa

programetan jarduteko C1 maila izan gabe, eta leku-aldatze lehiaketan sor litezkeen

bereizkeriak. Bi kontuotan ere atzera egiteko LOMCEren hitzaurrean agertzen denera jo du

epaileak: “bigarren zein hirugarren hizkuntza, hezkuntzan, lehentasun bihurtu da bizi dugun

globalizazio-prozesuaren ondorioz”.

UPNren gobernuak, inolako kontsentsurik gabe PAI bultzatu zuen. Kosta ahala kosta

inposatu egin zuen eta horretarako LOMCEren izpirituari estuki heldu zion. Hezkuntza

komunitatea, ia aho batez, arau orokor honen kontra agertu zen, eta egungo gobernua

sostengatzen duten alderdiek kontrakotasun hori gobernu akordioan jaso zuten.

Garbi geratu da LOMCE dela PAI sostengatzeko ezinbesteko araudia. UPNren jarduerari

bide ematen ziona, euren ideologiarekin bat datorrena. Baina gure kezka handia da Mendoza

kontseilaria 37/2014 Dekretuaz behin eta berriro baliatzen dela ikusten dugunean. Jakin ez

dakigu zein ote den haren arrazoia: bere egiten duelako? errazkeriagatik?. Steilasek galdera

zuzena egiten dio kontseilariari: aldaketa gobernuak LOMCEn oinarritutako legeak mantenduko

ditu? LOMCEren kontrako jarrerari eutsiko dio ala kalteak “leuntzeko” ahaleginean segituko ote

du? Guk ez dugu zalantza izpirik erakusten: LOMCEn oinarritutako Dekretua mantentzeak

LOMCErekin berarekin bat egitea suposatzen du.

Epaileak gure zerbitzu juridikoek egindako helegitea atzera egiteko arrazoiak LOMCEn

oinarritzen badira, buka dezagun behingoz LOMCErekin, eta bila dezagun langile eta ikasleen

mesedetan bestelako hezkuntza araua, Nafarroako jendartearen beharrei benetan erantzuten

dien hezkuntza araua.

LOMCE inposatutako legea dugu, Mendoza jauna. Orain zure txanda da.

Gehiago