OSPA!ren oharra Altsasuko atxiloketa eta okupazioaren aurrean

Gaur Altsasun gertatutakoaren harira OSPA! Herri Mugimenduak gogorki gaitzetsi nahi du beste behin Estatuaren indar armatuek aurrera eramandako oldarraldi errepresibo berri hau.

Ospa Herri Mugimendua

2018-ko ekainak 6

Altsasuko kasuaren epaia eman zenetik indar polizialen presentzia nabari handitu da herrian, kalez jantzitakoak, patrolak… Batez ere astelehen arratsaldetik ikusi genuen hau; jarraipenak, polizia mugimendu nabariak…
Atzo airean zebilen atxilotze susmo hori gaur goizaldean konfirmatu da. Goizeko 8:00ak pasata Goardia Zibilak Altsasuko gazteak atxilotzeko operazio ikaragarria martxan jarri du. Altsasuko 4 gazteren etxean bertaratu eta bahitu egin ditu indar armatu honek, hauen babesean ateratako herritarrak mehatxatuz eta jipoituz.

OSPA!-k argi utzi nahi du ez duela inoiz onartu eta ez duela inoiz onartuko herriaren aurkako edozein ekintza errepresiborik. Aldi berean, erasoen aurrean herritarrek erakutsitako kemena eta duintasuna azpimarratu nahi du OSPA!-k.

Asanblada antierrepresibotik nabarmenki adierazi izan dugu kasuaren bitartez mugimendu antierrepresiboen kriminilaziazioa bilatu dela, hauen mezu, borroka zein izate beraren zilegitasuna kolokan jarri nahian. Prozesu osoan zehar argi ikusi den bezala, Estatuaren helburua indar aparatuen presentzia eta funtzioa kritika ezineko zerbait bilakatzea da, bizikidetza faltsu bat indarrez ezarri nahian.

Guk argi dugu, Euskal Herria zapaltzera etorri zirenekin edonolako bizikidetza ezinezkoa dela. Indar errepresiboen funtzioa erreprimitzea den heinean, errepresioaren aurkako borroka beharrezkoa izango da. Izan ere, azken aldian ikusten ari garen bezala, Estatuaren oldarraldiek (abeslarien, sare sozialen erabiltzaileen, militanteen… aurkakoak) uzten ari dituen askatasun maila geroz eta murritzagoen aurrean, gure buruak elkar babesteko beharra inoiz baino beharrezkoagoa da.

Aipatutakoaren aurrean, OSPA! Herri Mugimendutik desmilitarizazioaren aldeko eta errepresioaren aurkako borrokan jarraitzearen beharran berresten gara, eta, hauetan jarraitu eta zentzu horretan aurrerapauso bat emateko deia egiten diogu Euskal Herriari.

ATXILOTU ETA ESPETXERATUAK ASKATU! ERREPRESIOAREN AURREAN HERRI ERANTZUNA! ALDE HEMENDIK!

Gehiago