OMERTÀ

Ekainaren 14an beste hainbat albisteren artean eta oihartzun handirik gabe, ezagutzera eman ziren CIAren agiri desklasifikatuak. Horien arabera, Felipe Gonzalezek, Espainiako presidente ohiak ETAko buruzagiak hiltzeko mertzenario-talde bat sortzeari onespena eman zion.

Laura Perez Ruano. Irakaslea eta abokatua.

2020-ko ekainak 20

Agiriek mertzenario
talde hori GAL ote zen argitzen ez duten arren, argi uzten dute, ordea, “armadak kontrolatuko” zuela.
Hots, indar publikoak, guztion diruarekin ordaintzen ditugunak, gerra zikina egiteko erabili zirela
azaleratu zen. Guztiok ordaintzen ditugun zergetatik jasotzen diren etekinak norberaren onurarako
erabiltzea ustelkeria da; baina sos hori jendea erailtzeko bideratu izana izendatuko lukeen hitz potolorik
ez da oraindik asmatu! Polizia-indarra eta armada pertsonak torturatzea eta desagerraraztea pentsaezina
izan beharko luke zuzenbide estatu eta demokrazia batean. 

Eta zer gertatu da hori guztia jakin denean? Ezer ez. Isiltasunaren ituna nagusitu da berriro ere,
hedabideetan, botere judizialean, zein ordezkari publikoen artean. Eskuineko alderdiek berek ere, PSOEk
egiten duen edozer kritikatzeko joera ohi dutenek, ez dute tutik ere esan. Egia da, garai bateko Aznarrek
“vayase, señor Gonzalez”en ondoren, boterea eskuratu zuenean, uko egin ziola epaileei laguntzeari
GALen afera ikertu zezaten eta CESIDen ikuskaritza pean zegoen informazioa ez zien helarazi izan nahi.
Mafiako kideek egiten duten bezala, “noi ci dobbiamo coprire uno con l’altro”, elkarren artean ezkutatu
beharra dago. Eta horixe bera egin du PSOEko gaurko zuzendaritzak ere, Felipe Gonzalezi buruz,
“lurralde hau eraldatu eta modernizatu zuen presidentea, hainbeste zor diogun Europan sartu gintuena eta
alderdiaren idazkari nagusi ohia” izan zela esan duenean; PSOEren babes osoa duela gaineratzeko,
alderdiko bozeramailearen arabera. Ezer gutxi balio dute Euskal Herriko hainbat ordezkarik agertutako
hitz kritikoak; bertso libreak besterik ez baitira, oportunistak alegia, defendaezina dena defendaezina
delako, non eta hemen, GALen zauriak irekia dirauen herrian. Berez, ezer berririk ez alderdi ezberdinen
agerraldietan. Baina bada ulergaitza bezain mingarria gertatu den zerbait: PODEMOSek GALen delituak
ikertzeko batzordearen kontra bozkatuko duela iragarri du. Urrun geratu omen dira Pablo Iglesiasek
Sanchezi kongresuan, “Gonzalek, iragana kare biziaz zikinduta zuen horrek ez zietela elkarrekin
gobernatzen uzten” leporatzen zionean, sekulako zalaparta eraginez PSOEren aulkietan. Bestelako
garaiak izango ote ziren, elkarrekin gobernatzen ez zutenean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko
hauteskundeetan Pili Zabala GALen biktima aurkeztu zutenean zerrendaburu. Baina okerrena, traizioa
gauzatzeko erabili duten aitzakia izan da: kontra bozkatuko dutela diote, “jada zer gertatu zen
badakigulako eta ez dutelako beste gauzetatik arreta desbideratu nahi”. Egia esan balute behintzat, hots,
ez dutela haien gobernukideekin arazorik nahi, agian, baten batek ulertuko zukeen… Demagun 36ko
estatu kolpearekin, erregearen ustelkeriarekin edo PPrenarekin gauza bera esaten dutela. Inork ez luke
ulertuko, ezta? Bada, kasu honetan ere ez. Biktimekiko mespretxua izugarria izan da. 

Noski, GALen X jauna nor zen aspalditik genekiela! CIAko agiriek ez digute horren berri eman,
ezta ezer berririk esan ere. Baina zenbaitek uste baino garrantzitsuagoa da CIAko agiriek aipatu izana.
Alfredo Grimaldosek “La CIA en España” liburuan azaltzen duen bezala, CIA bera izan baitzen Gonzalez
hauspotu zuena, eta, horregatik, ezinbesteko froga bilakatu da hau. Ama bati bere haurra zein den
galdetuko baliote, ez luke zalantza izpirik izango; kasu honetan, CIAk berak bere sorkuntzaren emaitza
aitortzen duen bezala, Espainiako trantsizioa kontrolatzeko erabilitakoa. Ezinbesteko froga ukaezina da
ikerketa sakona abian jartzeko eta haien arduragatik ordain dezatela arduradunek. Eta bide batez jo
dezagun gure iragan hurbilaren mamira: horrek ere agerian uzten baitu Estatu Batuek Espainian beti izan
dituzten interes geopolitiko eta estrategikoak eta, horiek guztiek mantendu ahal izateko, frankismoaren
atzean zeuden indarrak zuritzeko beharra. Azken finean, Espainiakoa baitzen Europan zirauen azkeneko
diktadura, eta, hortaz, erregimena amaitu bai, baina horrekin hautsi gabe bilatu beharra zegoen. Prozesu
demokratiko apurtzaile edo iraultzaile bat saihestea zuten helburu, eta horrelakorik gertatu baino lehen,
nahiago izan zuten Juan Carlos erregea babestu, botere judiziala, armada eta baita ekonomikoa ere ukitu
gabe uztearren eta aldaketa demokratikoaren itxurakeria antzezteko. Indarrik ez zuen PSOEri dirua eman
eta bidenabar haien base militar garrantzitsuak mantendu eta NATOn sartu zuten Espainia. Eta zer

preziotan? Frankismoaren krimenen kontrako amnesiaren truke lehendabizi, eta demokratikoki bakarrik
konpondu zitezkeen gatazkak gerrate zikinarekin estaliz, ondoren. Bortizkeriaren instituzionalizazioa
nornahik gauzatu dezakeen terrorismo larriena da, estatuaren indarra jendartearen kontra erabiltzen
duelako, hura babestu beharrean, legeak urratuta, guztion ongizatea helburu dutela baztertuta.
Demokrazia eta bakea ezin dira inolaz ere ez kare biziaren ez zigorgabetasunaren gainean eraiki. Eta
PODEMOS bere jarrerarekin, horren guztien babesle eta laguntzaile bilakatu da, hori guztia eraldatzeko
jaio zenean. Benetan penagarria.

Gehiago