Nora garamatzate zuen apurrek?

Uztailaren 9an argitaratutako artikuluan aipatu genuen Espainiako Gobernuak etxebizitzaren esparruan hartutako neurriak (tartean etxe-kaleratzeen eta hornidura mozketen suspentsioa) luzatzeko asmoa azaldu zuela, eta hala egin du abuztu hasieran ezarritako 16/2021 Errege Lege Dekretuaren bitartez.

Kontseilu Sozialista Iruñerria

2021-ko abuztuak 16

Dena den, Ábalos ministro-ohiaren hitzak ez dira guztiz bete, etxe-kaleratzeen suspentsio mugagabea ezartzeko asmoa adierazi baitzuen, eta kontrara, berriz ere egutegiari begira egon beharko gara milaka familiaren etorkizun ziurgabea argitzeko. Oraingoan, gorriz markatutako eguna beste bat da: urriaren 31.

Data horretatik aurrera, agertoki ezberdinak zabal daitezke. Baliteke urriaren 31 baino zertxobait lehenago dekretu berri batek aurreko dekretuaren neurriak luzatzea. Baliteke, bestalde, hori gertatu baino lehenago etxebizitza lege berri bat onartzea, eta itxura guztien arabera lege horrek orain arte aplikatutako neurriren bat edo beste barnebilduko du, “etxe-kaleratzeen suspentsioa” (bere eraginkortasun falta dela-eta komatxorik gabe jartzea gehiegizkoa litzateke) kasu. Edonola ere, zalantzagarriagoa da zer gertatuko den gainerako neurriekin; hala nola, hornidura mozketen suspentsioarekin, alokairu-kontratuen luzapen automatikoarekin eta alokairu-errentaren luzamendu edo barkatze partzialarekin. Eta zehazki jakiterik ez dagoena zera da: zer gertatuko da azken 17 hilabeteetan zehar milaka norbanako eta familiek pilatutako zorrarekin? Eta Estatuak pilatutako zor publikoarekin, maizterrek itzuli ezin dituzten mikrokredituen (zeinen kantitatea zeharo irrigarria izan den, bide batez esanda) kostua eta “kaleratzeen suspentsioak kaltetutako” jabe handi zein txikien galerak bere gain hartzearen ondorioz? Badakigu arazoa ezin dela in aeternum luzatu, eta noizbait aurre egin beharko zaiola. Eta zehazki zer gertatuko den jakin ez, baina argi dago zein izango den etorriko diren aldaketen zentzu orokorra: miserian sakontzea. Edo beste era batean esanda, langile klasearen pobretzea.

Balizko etxebizitza lege berrira bueltatuz, zeina Gobernuaren partetik hainbeste aldiz iragarria izan den, lege horrek “etxe-kaleratzeen suspentsioa” barnebiltzeak positiboa irudi lezake. Izan ere, maizter askoren babeserako neurria etxebizitza-legedian estrukturalki finkatzeaz ari gara. Dena den, beharrezkoa zaigu erreforma legaletatik haratago begiratu eta neurriok hartu diren testuinguruan kokatzea. Hau da, langile klasearen bizi baldintzen erreforma erreala ulertzea. Azken urteetako joerei erreparatuz gero, antzeman dezakegu langile klasearen diru-sarreren joera orokorra izoztea edo are beheranzkoa dela, eta aldi berean oinarrizko beharren prezioak gora egiten ari direla. Honen adibide ditugu alokairuen prezioen etengabeko igoera eta azkenaldian ematen ari den argindarraren eta erregai fosilen garestitzea. Argi dago, bada, bizi eredu are pobreago baterako bidean gaudela, bai zentzu ekonomikoan baita kulturalean ere. Testuinguru honetan neurrion berehalako helburua uler daiteke: euste soziala. Datorren miseria orokortua hein batean arintzea. Baina, gainera, neurrioi izenondo bat gehituko beharko bagenio ondorengoa litzateke: eskasak. Izan ere, errealitateak haien eraginkortasun falta agerian utzi du.

Puntu honetara iritsita, ez da komeni ahaztea Espainiako Gobernuak COVID-19aren krisia baino lehenago ere “etxe-kaleratzeen suspentsioaren” gisako neurriak ezarriak zituela. Esaterako, 1/2013 Legeak, “bereziki zaurgarriek diren kolektiboen” kasuan, hipotekagatiko etxe-kaleratzeen suspentsioa barnebiltzen du, gaur egun indarrean dagoena (2024ra arte), ordutik gauzatu diren milaka etxegabetzeek kontrakoa aditzera eman badezakete ere. Era berean, 7/2019 ELD-ak aurreikusten du, alokairuen ez-ordaintzearen ondorioz abiatutako prozeduretan, zaurgarritasun egoera egiaztatzen bada prozedura hilabetez etetea, zerbitzu sozialek beharrezko neurriak har ditzaten. Kasu honetan ere, neurriak ez du etxegabetze andana ekidin. Baina 2020ko martxotik aurrera ezarri diren dekretuen bereizgarri handienetako bat izan da hauen inguruan igorritako propaganda baikor eta iruzurtia. Izan ere, Gobernuak eta komunikabideek behin baino gehiagotan eman dute aditzera espainiar Estatuan “etxe-kaleratzeak debekatuko” zirela, iritzi publikoaren zati handi batek hori sinesteraino. Horren adibide da joan den urteko urrian Espainiako Kongresuan jazotako ikuskizun irrigarria, zeinetan Ábalos ministro-ohiak, etxegabetze baten inguruan ohartarazia izan ondoren, adierazi zuen harrituta zegoela, “teorian ez dagoelako baimenduta”.

Hortaz, ez; etxe-kaleratzeak ez daude debekatuta eta ez da hala izango oraingoz. Baliteke azaldutako neurria estrukturalki finkatzea Estatuko etxebizitza-legedian, eta horrek irizpideak betetzen dituztenei onura partziala suposatzea, baina azaldutako guztiagatik apur hauekin baikor izateko arrazoi gutxi ditugu. Jende asko eta asko babesgabe uzten duten neurriak eta gorantz doan miseria elkartuz gero koktel arriskutsua da esku artean duguna, eta egoera ekonomikoa okertzen ari den honetan gero eta agerikoagoa da indar antolatu baten premia. Indar antolatu bat, etxebizitzaren alorrean borrokatu beharreko lorpen partzial guztiak norabide estrategiko berdina elikatzera bideratzeko gai izango dena, programa politiko argi baten baitan: etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa. Horren premia mahai gainean jartzera etorri zen ekainean “Gaurko apurrak, biharko miseriak” lemapean Iruñerriko Kontseilu Sozialistatik abiatu genuen kanpaina, eta oraingoan ere horretan berresten gara. Laster gure jardunaren inguruko berri gehiago izango duzue.

Gehiago