Nola kaleratuko ditugu presoak?
Dagoeneko bost urte igaro dira ETA-k borroka armatua behin betiko utzi zuenetik. Geroztik gauza asko gertatu da, baina badago aldatu ez den gauza bat: frantses eta espainiar estatuek ez dute gatazkaren ondorioak konpontzeko inongo borondaterik agertu.
Euskal Preso Politiko ohiak
2016-ko abenduak 7
Kontrako
norabidean aritu dira, espetxe politika ankerra are gehiago gogortuz, eta estatu
espainolaren kasuan, presoen aldeko eragileen lana errepresioaren bitartez goitik behera
baldintzatuz. Honek ondorio sakona utzi du askapen mugimenduaren animo egoeran,
sektore ugaritan frustrazioa eta etsipena instalatu delarik. Bada garaia horri behingoz
buelta emateko.
Nola kaleratuko ditugu preso eta errefuxiatuak? Galdera behar-beharrezkoa planteatzen
dugu. Gakoa herri honen baitan lo dagoen indar kolosala berraktibatzea da. Batasunetik
eta norabide egokian berraktibatzea. Baldintza politiko, sozial eta juridiko berriak sortzen
joan beharra dugu. Baldintza berriak sortzea bide luzean pauso bat ematea bezala ulertu
behar dugu. Pauso bat emateak egoera berrian kokatuko gaitu, berriro ere baldintza
berriak lortzeko egoeran, hots, gure helburura hurbilduko gaituzten pauso gehiago
emateko egoeran. Eta horretarako, indar kolosala norabide egokian berriz ere aktibatzea
ezinbestekoa izango da. Ezinbestekoa izango da batasunetik eta osagarritasunetik palanka
guztiekin ahalik eta indar handiena egitea. Presoen giza eskubideen aldeko dinamika
zabalak, langile esparrutik abiatu berri duten erronka erraldoia, nazioartetik eta
instituzioetatik etor daitezkeenak, eta maila juridikoan egiten den lan ixila eta etengabeaz
ari gara. Aurrez aurre izango ditugu larriki gaixorik dauden kideen askatasuna lortzearen,
preso politiko guztien euskal herriratzearen, eta kondenen konputo bikoitzaren erronkak
gainditzea, eta horretarako, ezinbestekoa izango zaigu hau erraztuko duten baldintza
politiko, sozial eta juridikoak erdiestea, presoen gaia berriz euskal ajenda politikoan
lehentasunezkoa izatea lortzetik hasita. Aurrez aurre izango dugu ere 7/2003
salbuespenezko legea, dozenaka kide 40 urte oso-osorik betetzera kondenatzen dituena,
eta frantziar perpetuité-ak inposatzen dizkiguten erronkak. Ezinbestekoa izango da hauek
gainditzea gure kideak kaleratzeko.
Ez gara ezer berria deskubritzen ari. Ez ulertze eta kontraesan handiekin, baina bide onetik
ari ginen duela ez hainbeste. Gogora ditzagun presoak Euskal Herriratzearen aldeko
mobilizazio historikoak, Ipar Euskal Herrian alderdien artean sortutako adostasun zabalak
eta egon ziren mobilizazio handiak, eta 197/2006 doktrinapean preso zeuden 60 kideen
askatasunaren lorpena. Askoren artean presoen gaia euskal ajendan garrantzi goreneko
gaia izatea lortu genuen. Eta EPPK-k, blokeo egoerari irtenbideak bilatzeko helburuarekin,
ekarpen politiko garrantzitsua egin zuen 2013-ko azken egunetan bere ildo berritua
aurkeztu zuenean. Horregatik, bide onean baldintza berriak sortzen ari ginelako, estatuak
hain gogor kolpatu zuen presoen aldeko borroka.
2013-ko irailean Herrira, presoen eskubideen aldeko tresna ahaltsua, suspenditu zuen, de
facto ilegalizatuz. 2014-ko urtarrilean, EPPK-k bere ildo berria aurkeztu eta bi astetara,
EPPK-ren bitartekariak atxilotu eta espetxeratu zituen, kolektiboari harreman politikoak
garatzea errazten zion tresna indargabetuz, eta ondorioz, EPPK berriro isolamendu politiko
ia erabatekora eraman zuen. Errepresioaren bidez, lau hilabeteren bueltan, indar kolosala
zena zulo kolosala bilakatu zuen etsaiak. Hor ez zen amaitu. 2015-eko urtarrilean goardia
zibilak hamabi abokatu eta lau herritar atxilotu zituen, eta martxoan Etxerateko eta Jaiki
Hadiko bina kide atxilotu zituen. Era berean, audientzia nazionalak hautetsiak, presoen
senideak eta herritar soilak deklaratzera deitu ditu, eta espainiar gobernu ordezkariek
presoen aldeko ekimen ugariren kontra jo dute, txupinazoak edo txokolatadak
debekatzeraino.
Sugarra ahuldu zuten, baina ez zuten itzaltzea lortu. “Free Otegi free them all” dinamikak
nazioartetik preso politikoen askatasunaren aldarrikapenari atxikimendu esanguratsu ugari
ekarri zizkion. Presoen giza eskubideen eta larriki gaixo dauden presoen askatasunaren
aldeko dinamikak piztu ziren. Ezker abertzaleak ere ekimen propioak garatu ditu. Aurreko
gabonetan Ernaiko kideek desobedientzia ekimen potentea burutu zuten. Abian
eztabaidaren testuinguruan, Ezker abertzaleak martxak antolatu zituen 40 espetxeetara.
Eta preso ohiok gure ekarpena egin genuen, EPPK-ri babes politiko sendoa eskainiz,
ekarpen ideologiko garrantzitsua eginez, eta apirilaren 17-ko mobilizazioan 19000
pertsona bilduz. Sugarra indartzen ari gara, baina oraindik urrun dago behar bezain bizia
izatetik.
EPPK-k eztabaida prozesu berria iragarri zuen irailaren 11-n publiko egin zuen
adierazpenean, eta eztabaidaren norabidea ere publiko egin zuen: “Ezker abertzaleko
antolakundeek egingo duten prozesuaren antzera, EPPK-n antolatuta egotea egokitu
zaigun militanteoi ere badagokigu gure hausnartze eta eztabaida prozesua burutzea.”,
“eztabaida horren helburua izango da kartzeletatik prozesu politikoari nola lagun
dakiokeen, nola ekin, eragin behar den barrutik eta kanpotik”, “2013-an kolektiboak ontzat
emandako ildoa garatzeko indarrak nola erabili izango da gakoa”. Kolektiboari zera
adierazi nahi diogu, berriz ere: hartu itzazue egoki ikusten dituzuen erabaki kolektiboak.
Gure babes osoa edukiko duzue.
Hilabete osoko mobilizazio dinamika potentea martxan jarriko dugu horretarako. Ekimen
nagusia urtarrilaren 06-an Donostian egingo dugun nazio manifestazioa izango da, eta
hilabete osoan zehar Euskal Herria mobilizazioz eta ekimenez josiko dugu. Borrokaren
sugarra, milaka sugar txiki bihurtuta, Euskal Herriko luze-zabalera hedatuko dugu. Eta
milaka sugar txiki milaka eskutan, amnistia aldarrikatu eta Kalera kalera! abestuko dugu,
kalean behar zaituztegulako, gure ondoan, independentzia eta sozialismoaren alde
borrokan tinko jarraitzeko.
Irailaren 11-ko agiri hartan hauxe adierazi zigun Kolektiboak: “aurrean dugun erronkari
erantzun behar diogu lokartuta ditugun indarrak ikuspegi zabalez aktibatuz eta trinkotuz;
inolaz ere ez sakabanatuz”. Zeren zain gaude. Esnatu gaitezen eta askatu ditzagun
behingoz. Kalera kalera borrokalari kalera!