Noizko, Remírez jauna?
Ekainaren 18an, orain hilabete, ekaitz elektriko batek ehunka tximista bota zituen Nafarroako erdialdean. Ekaitzak, Barne eta Ingurumeneko Departamentuen aurreikuspen faltarekin batera, orain arte ezagutzen ez genituen suteak piztu zituen. Gertakari horiek agerian utzi zuten duela urte batzuetatik hona Nafarroako suhiltzaileok salatzen ari garen zerbait: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua ez dago prest orain nozitzen ari garen sute handien aurka borrokatzeko.
Alfonso Urio Crespo eta Urko Araiz Iglesias, LABeko Nafarroako Suhiltzaileen Atal Sindikala
2022-ko uztailak 17
Sute horiek direla medio, egoera latza igaro genuen; geroztik hilabetea joan da, baina ez dugu berriz ez gertatzeko urratsik ematen ari diren zantzurik.
Zoritxarrez, horrelakoa da egoera; nahiz eta ondasunetan kalte izugarriak jasan dituzten milaka herritarrek, inork ezin du bermatu egoera horiek Nafarroan berriro gerta ez daitezkeenik. Horrek esan nahi du sute mota horiek irauteko etorri direla. Hala ere, Nafarroako Gobernuko presidenteordeak ez du kezka handirik erakutsi, edo behintzat ez dago arduratuta Parlamentuan egindako agerraldian agindutakoa betetzearekin.
Egia esatera, ustekabea izan zen Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria ia % 100ean bat egitea LAB sindikatuak suteen ondoren egin zuen balorazioarekin. Bat zetorren balorazioan, bai eta ekainaren amaieran gertaturikoa bezalako egoeretan erantzun hobea emateko aldaketak egiteko premian ere. Hala ere, lau aste igaro ondoren, Herrizaingo Departamentuko Zuzendaritza Nagusian erantzukizuna duen inor ez da horretan hasi. Bilerarik ez da izan sute guztien kudeaketaz arduratzen diren ofizialekin, ofizialordeekin edo sarjentuekin. Ez da bilerarik egin suhiltzaileen kolektiboko ordezkari sindikalekin; suhiltzaileok lortu genuen sua itzaltzea, beste zerbitzu batzuetako langileekin batera eta boluntario ugariren laguntzarekin. Langile horiek, oporretan zirenak eta kanpoan zirenak, familiak, lagunak eta egiten ari zirena utzi egin zituzten eta erantzukizunez ekin zioten lan profesionalari, suak itzaltzeari, alegia. Baina, era berean, kolektibo honek lana eta dedikazioa aitortzea espero du, eta, batez ere, espero du, behingoz, hori egiteko ahalmena dutenek, aspaldiko urtetan aldarrikatzen ari garen errebindikazio guztiei ekitea; kontseilariak berak bere agerraldian jendaurrean aitortu zituen aldarrikapen horiei ekitea.
Remírez jauna: noiz berregituratuko dugu Suhiltzaileon Zerbitzua? Noizko Nafarroako Suhiltzaileen araudia? Noizko esku-hartzeak zuzentzen dituzten aginte-plazak handitzea? Noiz handituko dira minimoak suhiltzaileen 3 parkeetan? Noizko baso-suteen talde berezia? Noiz hobetuko dira suhiltzaileen ordainsariak, lege- eta aurrekontu-esparruaren barruan?
Agindu egin duzu, orain jar zaitez horretan.
Bai, kontseilari jauna. Okerrena pasatu da, oraingoz, eta hurrengoaren zain gaude. Ezin dugu baztertu bizi izandakoa bezalako beste egoera batzuk pairatu behar izatea. Guk berriz ere dei egiten dizugu Zerbitzu honek behar duen birmoldaketa-bideari ekin diezaiozun.
Zure erantzunaren zain jarraitzen dugu, ez dakigu noiz arte itxarongo dugun.