Noain aldean, Barañainen, Iruñean hautetsi euskaltzaleen hutsak

2015eko maiatzaren 24ko udal hauteskundeen ondoren, euskaltzaleok pozez gainezka geunden, euskararen garai txarrak igaroak zirelakoan.

AET Administrazioan Euskaraz Taldea

2016-ko azaroak 24

Baliteke egoera hobean egotea orain, baina espero genuen egoera ez da hau. 

2013an Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen deialdi

bat kritikatu genuen. Familia langile bi lanpostu bete ziren, euskara jakitea puntuatu

gabe. Ordurako Mankomunitate horretako kide zen Galar Zendea eremu mistora

iragana zen, nahiz eta deialdi horretan euskararen puntuazioan ondoriorik ez izan. 

Orain aldatu dira gauzak? Ez. 2016ko irailaren 22an Mankomunitate horretako

beste deialdi bat argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Hain zuzen ere, familia

langileen zerrenda osatzeko. Euskara puntuatu da? Ez. Galar Zendea eremu mistoan

izatearen ondoriorik ez dago, momentuz. Orduko kritika alferrikakoa izan da. 

Barañaingo Udala 2016ko martxoko deialdi batengatik kritikatu genuen.

Etxezaintza, atezaintza eta antzeko lanetarako zerrenda batzuk osatu zituen. Hizkuntz

profilik gabeko lanpostuetarako zerrendan egoteko euskara ez zuen puntuatzen. Hain

zuzen ere, Euskararen Ordenantzak aukera ematen zion euskara ez puntuatzeko eta

horri heldu zion Barañaingo Udalak. 

Alferrikakoa izan da kritika. Ekonomia Zientzietako diplomadunen zerrenda

osatzeko deialdia 2016ko azaroaren 8an agertu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Udalak eusten dio bere argudioari: Oposizio-lehiaketa ez denean, merituak ez dira

puntuatzen eta, beraz, euskara ere ez. Bada, Nafarroako Gobernuak 6 urtez puntuatu

du ingelesa oposizioetan, nahiz eta oposizio-lehiaketak ez izan. Euskararen garai

berria, amestu baino ilunagoa… 

Iruñeko Udalak ere ez du koherentziarik erakusten euskara baloratzeko orduan.

Orain bale, hurrengoan kale. Musika Eskolako deialdietan ez du euskara puntuatzen.

2016ko azaroaren 18an argitaratutako deialdian ez du puntuatu saxofoi irakasleen

zerrendarako. Aurretik gitarra, akordeoi eta klarinete irakasleen zerrendetarako ere

puntuatu ez zuen bezala. 

Antza denez, Iruñeko Udalak oso argi dauka: D ereduak ez du lekurik hor eta D

ereduko ikasleek gaztelaniaz ikasi behar dute han. 

Noain aldeko Mankomunitate horretan baliteke gaur egun UPNren eragina

lehengo bera ez izatea. Noain-Elortzibarreko Udaleko alkatzetza galdua dauka,

bederen. Barañaingo Udalak eta Iruñeko Udalak EH Bilduko alkateak dituzte. Hala ere,

2015eko maiatzaren 24ko gauean euskaltzaleok sentitu genuen poza hain arrazoizkoa

ez zela ikusten ari gara. 

Oraindik aldaketaren aldeko alderdiak norabidea zuzentzeko tenorean daude,

baina horretarako borondatea erakutsiko beharko dute. Gu zain gaude!

Gehiago