Ni ez naiz 28an Bilbon egongo
Badira 20 urte Ezker Abertzaleko militantea naizela, eta betidanik preso politikoen amnistiaren alde lan egin dut. Beti espetxeratze hauen arrazoia militantzia politikoa bera zela ulertuta, eta ondorioz, honen irtenbidea, nahi eta nahi ez politikoa izan beharko lukeela ulerturik.
2015-ko azaroak 27
Preso politikoaren estatusa, bere militantzia
politikoagatik askatasuna ukatzen zaion edozein pertsonari atxikiturik
doakion estatusa da, eta horregatik ez da bidean ahaztuta utzi dezakegun
elementu bat.
Niri pertsonalki ez dit ardura
zeintzuk atxikitzen diren 28ko ekimenera, argi daukadana da, edozein
militante independentista eta iraultzaile bertan izan beharko
litzatekela.
Ezker Abertzaleak betidanik aldarrikatu du euskal presoen izaera
politiko hori, baita gatazkaren urte gordinenetan ere, amnistia bera
amets hutsa iruditu zitekeenean. Horregatik ezin dut ulertu nola duela 4
urtetik hona, euskal presoen askatasuna haien izaera politikotik
bereizi den behin eta berriz, haien kaleratzea lege espainolek ezartzen
duten ikuspegi birgizarteratze eta ikuspegi humanitario batetara
mugatuz.
Uste dut normalizazioaz, ziklo politikoaren aldaketaz, gatazkaren
gainditzeaz… hitz egiten ari den honetan inoiz baino garrantzitsuagoa
dela amnistia aldarrikatzea, hau da, preso politiko guztien askatasuna
exijitzea haien izaera politikoan oinarriturik. Horrela izan zen 1976ko
Españako trantsizio faltsuan, eta hala izan beharko litzateke gaur egun
ere.
Tamalez, ez zaio bide horri ekin, eta inoiz baino beharrezkoa zen
fase politiko honetan, Ezker Abertzaleak amnistiaren aldarria alderatuta
utzi du. Bitartean, sekula entzutea espero ez nituen argudio
harrigarriak heldu dira nire belarrietara behin eta berriro.
Askok, amnistia antzinako aldarrikapena dela esan dute, hots,
etsaiaren esku dagoela eta horregatik lortezina den erronka bat dela.
Hala bada, berdina esan genezake desmilitarizazioaz edota
independentziaz eta sozialismoaz, baina inoiz ez diogu horiek
aldarrikatzeari utzi, eta inoiz ez diogu utziko. Zoritxarrez eta argi
dagoen bezala, espetxeetako giltza etsaiaren esku dago, baina ez
bakarrik amnistia eskaintzeari dagokionean. Azken 4 urte hauetan ikusi
dugun bezala, haien espetxe-legeak aplikatzeko edota preso gaixoak ez
askatzeko orduan giltza hori haien esku dago ere. Horregatik
ezinbestekoa da hausnarketa eta autokritika bat egitea, eta behingoz
amnistia exijituko duen gizarte masa bat artikulatzea. Ezker Abertzalean
presoak haien izaera politikoaz biluztu ditugun bitartean, etsaiak argi
utzi digu ez duela espetxe politika ikuspuntu legal edo humanitario
batetan kokatzen, irizpide politiko hutsetan baizik.
Amnistia eskatzea Ezker Abertzalearen estrategiaren kontra doala
entzun dut sarri ere azken garaian, nahiz eta oraindik inork ez didan
hori arrazoitzeko gaitasuna erakutsi. Suposatzen dut, amnistia Euskal
Herriko askapen prozesuan oztopo bat dela baieztatzea argudia ezina
delako. Are gehiago, nire iritziz, amnistia edota EPPK osoaren
askatasuna barnebiltzen ez duen estrategia bat, osatu gabeko estrategia
izango da beti. Horregatik, urte hauetan egon den hutsune handi hori
betetzea Ezker Abertzalearen estrategiari egiten zaion ezinbesteko
ekarpena dela pentsatzen dut nik. Agian horregatik ulertezina egiten
zait, Ezker Abertzaleko zenbait eragilek aldarrikapen honi gehitzeko gai
ez izatea, are gehiago, azken urteetan presoen ildoan mantenduriko
lerroaren porrota ikusirik.
Komentatzen den beste argudioetako bat, 28ko manifestazioak zatiketa
dakarrela da. Alta, manifestazio horretako edukiarekin ados egonda,
bertara ez joatea baino jarrera zatikatzaileagorik ez dagoela uste dut.
Jarrera bateratzaile batek, guztiz kontrakoa eskatzen baitu; hau da,
presoen aldeko ekimen guztietan egotea, amnistiaren aldeko mugimenduak
eta bestelako mugimenduek egiten dituzten ekarpenak baikorki baloratzea
eta haiekin bat egitea hain zuzen ere.
Baina ni ez naiz 28an Bilbon egongo. Zorionez, 6 urte eta gero,
Estatu Espainiarrean gatibu dagoen kide bat bisitatzeko aukera izango
dut. Kide hau ez dago gaixo, kondenaren 3/4ak bete ote dituen ez diot
inoiz nire buruari galdetu ezertarako balio ez didalako. Eta niri
dagokionean behintzat, ez nioke eragin ez duen kaltea onartu dezan inoiz
exijituko. Kide hau, 2002ko urtean, atxilotua, torturatua eta
espetxeratua izan zen bere konpromiso militanteagatik, eta argi daukat,
ez naizela konformatuko bera Basauriko espetxera hurbiltzearekin. Kide
hau EPPKko gainontzeko 416 kideekin batera, kalean egon behar du ORAIN!
Horregatik, berarentzat zein gainontzeko kideentzat amnistia
aldarrikatzeri ezi diot inoiz utziko.
Guzti hauek dira 28an, fisikoki ez bada ere, Bilbon izateko nire
arrazoiak. Ez dut nire ekarpen umil hau sinatuko, nire asmoa, argudioei
garrantzia ematea delako, eta ez dudalako uste atxikimendu zerrenda
batek manifestazioa legitimatzen duenik. Ez naiz izenen eta pertsona
esanguratsuen guda batetan sartuko. Niri pertsonalki ez dit ardura
zeintzuk atxikitzen diren 28ko ekimenera, argi daukadana da, edozein
militante independentista eta iraultzaile bertan izan beharko
litzatekela.