Nafarroan gobernu euskaltzalea behar dugulako, ekainaren 4an Kontseiluaren manifestaziora
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak manifestazioa deitu du, Iruñean, ekainaren 4rako, “Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu” lelopean. Golem zinemetatik aterako da, arratsaldeko 5 eta erdietan.
Administrazioan Euskaraz Taldea
2016-ko maiatzak 23
Euskarari bide eman behar zaiolako neurri ausartak aldarrikatuko dira. Justiziazkoa
delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako eta euskaraz bizi nahi dugun
herritarrok behar eta merezi ditugulako.
Nafarroan aldaketa irudikatu zen iazko maiatzeko hauteskundeetan, baina aldaketa
ez da euskararen arlora iritsi.
Euskararen Legea aldatzea bidean geratu da. Parlamentuaren lana da hori eta lan
hori egitea eskatu behar diogu eta eskatzen diogu.
Legea aldatu gabe ere, oraingo Legeari irakurketa euskaltzalea eginda garatu
daiteke, baina horretarako Gobernu euskaltzalea behar dugu. Zoritxarrez, jendearen
pertzepzio lausoaren eta usteen aurka, hori gaur egun Nafarroan ez dugu.
Horrexegatik irakaskuntzako aurre matrikulazio kanpainan ez zuen bultzatu D eredua,
UPNko Juan Cruz Alliren Gobernuak bere garaian bai egin bazuen ere. Ustezko
neutraltasunaren atzean hizkuntza handia babesteko erabaki irmoa hartu zuen oraingo
Gobernuak.
Irakasle erdaldunak etengabe hartzeko prest dago oraingo Gobernua; bere arazo
bakarra da ingeleseko eskakizuna nola ezarri (traba juridikoak ditu horretarako). Horrelako
asmoa duen Gobernuak D eredua bultzatzeko imintziorik txikiena eginen duela sinesterik ez
dago. D eredua orain baino gehiago zabalduz gero, sekulako arazoak izanen lituzke
irakasleekin. Ez espero inork Gobernu honen aldetik bide horretatik joaterik. D ereduko lerro
bakar bat ere ez da zabalduko, Gobernuaren ekimenez. Gurasoen ekimenez irekiko dira,
beti bezala. Beste ereduak edo programak zabaltzeko, ordea, ez da inoiz horrelako beharrik
izan.
Ez da egia Nafarroako Gobernuak D eredua eskaini duenik aurten eremu ez
euskaldunean. Ikastetxe guztiek aspalditik daukate beren eskaintza zehaztuta. Aurten ere
erderazko eskaintza zuten (batzuk PAIrekin). Gurasoek eskatu behar izan dute ikastetxe
horietan D eredua, “okupa” moduan. Eskaintzarik, berez, ez da izan, irakaskuntza publikoan.
Bai, ikastoletan.
Askotan aipatu da, aldatu beharrik gabe ere, Euskararen Legeak euskararen alde
egiteko ahalmenak ere ematen dituela. Arazoa zen UPNren Gobernuek ez zituztela
erabiltzen. Euskara zokoratzeko erabiltzen zuten Legea.
Eta orain zer gertatzen da? Ahal horiek hor daude, baina oraingo Gobernua da
erabiltzen ez dituena. Oraingo Gobernua tematuta dago UPNk bezain ziztrin Legea kudea
dezakeela erakusten. Lotsagarria da, baina egia!
Horrexegatik, Nafarroako Gobernuaren lan deialdietan euskararen balorazioa
arautzen duen Dekretua ez du aldatu. Horrexegatik, Nafarroako Administrazio Publikoetan
euskararen erabilera arautzen duen Dekretua ez du aldatu. Ia urtebete pasa da
hauteskundeetatik eta uste dugu dagoeneko hori salatzeko garaia dela. Dekretu horiek
aldatzeko asmoa adierazi du berriki, baina 3 urte eta 10 hilabete behar baditu, gero UPNren
Gobernu batek 2 astetan botako duena egiteko, eraginkortasun ezaz ari gara. Handia,
gainera.
Errepideetako karteletan gaztelaniaren nagusitasuna ezarria dauka kartel ereduen
bere Eskuliburuan. Aurreko Gobernuaren Eskuliburua bada, gaizki; oraingoarena bada, are
okerrago.
Zein izan da oraingo Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikaren helburua, orain
arte? Euskara sustatzea? Euskararen normalizazioa? Euskaldunon hizkuntz eskubideak
bermatzea? Ez. Oraingo Gobernuaren hizkuntz politikaren helburua, orain arte, hauxe izan
da: UPN ez haserraraztea. Lotsagarria, oso lotsagarria, baina egia huts-hutsa!
Dagoeneko zerbait egin dezan Nafarroako Gobernuaren zain geratzea alferrikakoa
dela somatzen ari gara. Lau urteak igaro daitezke inolako mugimendurik gabe.
2019a iritsiko da eta oraingo Nafarroako Gobernuak boterea itzuliko dio UPNri
honelako esaldi batekin: “Jauna, zure ondarea jaso bezala itzultzen dizugu; Administrazio
erdalduna jaso genuen eta orduan bezain erdalduna itzultzen dizugu; espero dugu, jauna, zu
pozik egotea”.
Administrazioan Euskaraz taldeak, jakina, ez du ongi baloratzen Nafarroako
Gobernuaren orain arteko jarduna. Murrizketen aurretik zegoen UPNren erreplika besterik ez
da, euskararen arloan. Hori bai, gainera, UPNko Juan Cruz Alliren Gobernuaren mailara iritsi
gabe, beti ere. Orduan euskara baloratzeko Dekretu hobea zegoen eta Euskal Telebista
modu ofizialean ez baina praktikan normaltasunez ikusten zen (era analogikoa zen eta ETB3
sortu gabe zegoen). ETB ikusi ahal izatea, oraingo Gobernuaren ekarpen bakarra zirudiena,
orduan lortua zegoen. Tamalez, hori ere oraingo Gobernuak lotu gabe zuela jakin dugu. ETB
era alegal batean mantentzen zuela, alegia.
Administrazioan Euskaraz taldeak euskaltzaleak Kontseiluaren manifestaziora joan
daitezen deitzen ditu. Garbi, oso garbi eduki behar dugu: Gure presiorik gabe, Gobernu
honekin ere jai dugu!