Nafarroan esku-hartze sozialeko hitzarmen sektoriala behar dugu
Badakigu jende askok galdetuko duela, zer da esku-hartze soziala? Definizio batek esaten du “gizartean konpondu gabeko arazoen aurrean antolatzen diren norbanakoen ekintza antolatua dela”.
Oihan Ataun Rojo eta Nafarroako esku hartze sozialeko 345 langile gehiago.
2018-ko otsailak 19
Laburbilduz, Administrazioak enpresa pribatuekin azpikontratatutako
gizarte zerbitzu publikoetan lan egiten duten langileak dira, euren lana populazio
ezberdinak artatzea delarik.
Adibide batzuk jartzearren aisialdia, gazte, familia desegituratu, drogaren menpeko
pertsona, tratu txarrak jasandako emakume, tutoretzapeko adin txikiko, gizarte
bazterketan dauden pertsona, pertsona migratzaile, aniztasun funtzionala duten pertsona
eta abarrekin lan egiten dugu. Ikusi daitekeenez artatzen den populazioaren espektroa
anitza da oso.
Eskuartean dugun ardura eta funtzio sozial honen aurrean, dudarik gabe, esan dezakegu
langile gehienok oso lan baldintza kaskarrak pairatzen ditugula. Urteetan zehar irizpide
ekonomikoak lehentsiak izan dira, eta kasu askotan, irabazteko asmoa. Hau aski izango
ez balitz, gure sektorean gehienak emakumeak direnez gero, diskriminazio sexista pairatu
izan da, gaur egun prekarizazio egoera larrian aurkituz.
Azken finean, lan arautegi faltak guztiz kolpatzen gaitu. Eta jendartean, nahiz eta gure
ekinbideak garrantzia duen, ez da batere ezagutzen, ezta aitortzen ere. Gainera
murrizketek bat-batean kolpatu gaituzte, berez txarra zen egoera areagotuz. Horrela,
gutako askorentzat ohikoak dira eta ez salbuespenak, esate baterako, lan egutegirik ez
izatea, lan edo zerbitzu jakin baterako kontratu ilegala izatea, lan zama ikaragarriak,
eskakizun emozional oso handia, langile gutxi, 800 €-ko soldatak, osasuna bidean galtzea,
eta abar.
Baina dena ez dago galduta. LAB sindikatutik bi urte daramatzagu lehen Esku-hartze
Sozialeko hitzarmena bultzatzen, eta egoera sozio-politikoa baliatuz, posiblea da orain eta
hemen sektoreko lan baldintzak hobetzen joateko erreminta lortzea. Azken bi
hamarkadetako politiken eraginei buelta ematea dugu erronka. Hitzarmen hau lortzea,
sektoreko langile guztientzat gutxieneko oinarria bermatzea izango litzateke, eta bai
administrazioek, plegu bat ateratzen dutenean, bai entitateek, konkurtsoetara
aurkezterakoan, betebeharreko minimoa. Hitzarmen honek sektoreko langile guztientzat
etorkizun duina bermatu beharko du eta hau gabe ezin dira bermatu kalitatezko zerbitzu
sozial publikoak.