Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle eta langileek azaroaren 30eko greba feminista orokoarri atxikimendua

NUPeko ikasle zein langileak batu gara, datorren azaroaren 30ean Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta beste hainbat sindikatu eta eragilek deitutako Greba Feminista Orokorra babesteko.

NUPeko ikasle eta langileak

2023-ko azaroak 18

Zaintza eskubide unibertsal bezala aitortzeko aldarrikapena eta zaintza sistema publiko-komunitario
berri baten beharra plazaratu nahi dugu. Egungo zaintza erregimena sostengaitza delako.

Zaintza, bizimodu duina eraikitzeko oinarria da: ez da unean uneko zerbait, zaintza bizitzako une
eta eremu guztietan beharrezkoa da. Gure gorputzen, komunitateen eta lurraren iraunkortasunerako
ezinbestekoa da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezkoa.

Euskal Herrian, egun, zaintzarako zerbitzuak erabat pribatizatuak daude. Azken 20 urteetan, euskal
instituzioetatik sistematikoki pribatizatu dira ahal izan diren zaintza-zerbitzu guztiak, enpresa
lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askotako etekinak ateratzeko, zaintza hori jasotzen
dutenen ongizatearen eta langileen lan-baldintzen kontura.

Komunitate hitza erabiltzen badute ere, familia heteropatriarkala erdigunean jartzen duten politikak
erabiltzen ari dira zerbitzu horiek ez garatzeko; berriro ere, zaintza lanak emakumeon gain daude,
eta sarritan emakume migratu arrazializatuengan. Sistema kapitalista eta heteropatriarkala izateaz
gain, arrazista baita. Arduradun horiek izen abizenak dituzte eta gure bizitzen gainetik kapitala jarri
dute.

Guk zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek,
bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten
eskubidearen alde egin nahi dugu.

Zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dugu, eta horrek dakar bi planotan
pentsatzea eta aldaketak eragitea:
• Alde batetik, premiei erantzutea, hau da, egun, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei
aurre egitea.
• Bestetik, epe luzera begiratzea eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat
imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko
dituena.

Greba Feminista Orokorra Euskal Herriko Mugimendu Feministatik abiatu eta herri mugimendu,
sektore eta eragile gehiagorekin elkarlanean josten ari garen prozesua da, horren isla da artikulatzen
ari den Herri Akordioa. Sistema publikoaren alde, bizitza duinen alde eta zaintza langileen baldintza
duinen alde.

Zaintzekiko konpromisoak nahiz erantzukizunak hartu behar dira, eta lanaren banaketa sexual eta
arrazista desegin. Zaintza, premia eta eskubide kolektibo gisa hartuta, bizitza osoan zehar.
Zaintzaren problematika sistematikoa eta estrukturala den honetan, hezkuntza-sistema
zisheteropatriarkal kapitalistak goitik behera astintzen gaitu. Horregatik, unibertsitateko ikasle zein
langileok ere, bizitzak erdigunean jarriko duen Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa baten
alde jardungo dugu. Horretarako, jada martxan dauden greba antolatzeko markoetan parte hartzeko
deia egiten dugu: hala nola, tokian tokiko Ikasle Greba Komiteetan.

Greba Feminista Orokorrean, erantzukizuna eta konpromisoa exijitzen diegu dagokien arduradun
politikoei. Egoera hau sostengaitza da eta horren arduradunek izen abizenak dituzte. Azaroaren
30ean greba egingo dugu Euskal Herrian, unibertsiteteetan ere bagabiltza antolatzen, zaintza
sistema publikoa definitzen eta gure bizitzak politizatzen. Denon bizitzak erdigunean jartzeko
prozesua da hau eta horri ekingo diogu.

Zaintza eskubide kolektiboaren alde!

Gehiago