Nafarroako ikastola eta itaundutako irakasleen erosteko ahalmena ia-ia %20 murriztu da

Hilaren 10ean DIARIO DE NAVARRAn Nafarroako Ikastola eta itaundutako irakasleen soldatei buruz argitaratutako informazioa okerraren aurrean LAB Irakaskuntzak zera argitu nahi du:

LAB Irakaskuntza

2016-ko urtarrilak 12

Nafarroako Ikastoletan eta itaundutako zentroen irakasleek azken urteetan UPNrekin bi soldata murrizketa pairatu ditugu: lehenengoa 2010ean, administraziopeko lankideek bezala, %4,8 Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle titularrek eta %6,7 DBHn, Batxilergoan eta langile teknikoek, eta bigarrena 2012an SEPNA sindikatuak sinatuta %2,5 dozente guztiek eta %2 ez dozenteek. Osotara %7,3 Haur eta Lehen Hezkuntzan eta %9,2 DBHn eta Batxilergoan. Honi gehitu behar diogu urte hauetan guztietan soldatak izoztuta egon direla eta KPI %9 pasata igo dela, beraz irakasle hauen erosteko ahalmena ia-ia % 20 murriztu da etaparen arabera.

Nafarroako ikastoletan, EAEko lankideek 2010eko soldata taulak berreskuratu duten bitartean, hilean 152 € gutxiago kobratzen ari da Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 222 € gutxiago DBH eta Batxilergoan urte hartan baino.

Nafarroako itaunduan, soldata ikastoletan baino zertxobait txikiago daukatela, Haur eta Lehen Hezkuntzan hilean 1.943 € kobratzen ari dira eta 2.233 € DBH bigarren zikloan eta Batxilergoan (administrazioko irakasleen %92,6). Era injustuan bereziki kaltetuak ateratzen dira DBH lehenengo zikloko irakasleak, bigarren ziklokoen lan bera eta titulazio bera edukita, beraiek baino hilean 178 € gutxiago jasotzen baitute, hots, 2.055 €, Nafar Gobernuak administraziopekoen %85,25 besterik ez baitu finantzatzen.

Administrazio publikoko lankideek galdutako estra berreskuratzen ari diren eta soldataren %1eko igoera iragarri dieten bitartean, Nafarroako Ikastoletan eta itaunduan ez dugu inongo hobekuntzarik sumatu. Orain kobratzen ditugun soldaten antzekoak kobratzen genituen 2006an, honi gehitu behar diogu hamar urte hauetan bizitza %19 garestitu dela, ondorioz gure erosteko ahalmena pasa zen mendearen bukaerakoaren parekoa da. Hau guztia kontuan hartuta, profesional hauek, lan-ordu gehiago sartzen dituzte, gutxiago kobratzen dute eta murrizketarik handiena pairatu dute.

Txane Lizarraga eta Iñigo Orella.

LAB Irakaskuntza

Gehiago