NAFARROAKO GOBERNUARI HEZKUNTZAREN INGURUKO ESKAERAK
Azken boladan irakasleen Lan Eskaintza Publikoa eta IIP (Ingelesa irakasteko Programa) denon ahotan daude. Gure taldeak ere bere iritzia dauka eta Nafarroako Gobernuarentzat eskakizun zerrenda ere bai.
Jose Maria Oderiz (Administrazioan Euskaraz Taldea)
2015-ko abenduak 28
Euskararen Legeak, eredua aukeratzerakoan, gurasoen hautua hobesten duela izan dugu kontuan. Baita euskarari Europako hizkuntzen aurrean ematen dion lehentasunezko posizioa ere.
Hauek dira 2015eko abenduaren 1ean Nafarroako Gobernuaren Erregistroan sartutako eskaerak:
LEHENENGOA.- Nafarroa osoan, hiru urteko umeen guraso guztiei euren etxetik gertuen duten ikastetxe publikoan D eredua aukeratzeko eskubidea bermatzea.
BIGARRENA.- Aurrekoa garatzeko, ikastetxe guztietan aurre matrikulazio orrietan D ereduaren aukera argi eta garbi agertzea. Are gehiago, haren onurak azaltzeko eranskina ere edukitzea.
HIRUGARRENA.- D eredua zabaltzea baldintza dezakeen irakasle kontrataziorik ez egitea. Hau da, gaztelera hizkuntza duten irakasle elebakarren kontrataziorik ez egitea. Eredu guztietarako balio duten irakasle elebidunak (euskara eta gaztelania dakizkitenak) kontratatzea egokiena eta onargarri den bakarra delako.
LAUGARRENA.- Nafarroako Arartekoak 2014ko otsailaren 27an 13/794/F expedientean emandako erantzuna beti kontuan izatea. Hau da: Euskararen Legearen arabera, euskara Nafarroako bertako hizkuntza da eta modu partzialean koofiziala ere; horrek ordenamendu juridikoan lehentasunezko posizioan jartzen du Europako hizkuntzen aurrean, hauek ez baitute inolaz ere posizio hori Nafarroako ordenamendu juridikoan; lan deialdietan ezin da ingelesa euskara baino gehiago
baloratu.
BOSGARRENA.- Ondorio horiek irakaskuntzan ere aplikatzea. Hau da: Europako hizkuntzen aurrean lehentasunezko posizioan euskara jartzea; analogia eginda, ezin da ingelesezko ordu gehiago eman euskaraz baino.
SEIGARRENA.- IIP edo PAI ebaluatzerakoan, hurrengo alderdiak kontuan izatea: Programa horrek ingelesa hizkuntzari buruz ematen duen ezagutza; ikas-arloak menperatzeko ikasleei ematen dien ezagutza; euskarari buruz ematen duen ezagutza, azken hau ingelesarena baino gutxiago izatea onartu gabe.
ZAZPIGARRENA.- IIP edo PAI segitzekotan, derrigorrez honako hobekuntza hau sartzea: Euskarazko orduak ingelesezkoak haina izatea, gutxienez.