Nafarroako Gobernuaren analisia biometanizaziorako eskuragarri dauden hondakinei buruz: errealitatetik urrun

Mikel Saralegi, Martin Zelaia

Sustrai Erakuntza Fundazioa

2026-ko otsailak 24

Planta de biometanización de Castejón_Ahotsa.info

Hilabeteotan biogas planten booma ikusten ari gara Nafarroan. Egun, 11 proiektu pasa dira NAOtik, eta ebazteke daude. Tamaina handiko plantak dira, Lizarraldean, Murillo el Cuenden eta Erriberan pilaturik daudenak. Kezka handia sortu dute herrietan eta nekazaritza-sektorean, lurzorua eta urak kutsa ditzaketelako.
Gaur gaurkoz, biogaseko 4 planta pribatu daude Nafarroan, urtean 450.160 Tna erabiltzen dituztenak. Honi proiektatutako plantak gehituz gero, urtean 1.820.706 Tna beharko lirateke. Eta hemen dator galdera: Nafarroak sor al dezake halako hondakin kopurua, edo hondakin hauek beste erkidego batzuetatik inportatu beharko lirateke aurreikusitako planta guztiak hornitzeko?
Contigo Navarra – Zurekin Nafarroa taldeak Gobernuari Nafarroako hondakin kopurua ezagutzeko egindako galderei erantzunez, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak erantzun zuen 2024ko datuen arabera, “urteko 10,9 milioi tona” abeltzaintzako hondakin eta “urteko 205.225 tona” nekazal hondakin sortzen direla.
Emaitza hauek lortzeko, Departamentuak adierazi du 2024ko Abeltzaintza Erroldako datuak erabili dituela. Honekin batera, nitratoek kutsatzeko arriskua duten eremuak izendatzen duen 147E/2020 Foru Aginduan agertzen den animalia mota bakoitzeko gorozkien ratioa. Eta nekazaritza eta abeltzaintzako hondakinei dagokienez, Nafarroako hondakinak kudeatzen dituzten zentroetako sarreren erregistroan jasotako estatistikak erabili izan dituzte.
Lehen begiratuan, aipatzen diren 11 milioi tona hondakinok gure lurrean biogas-plantak masiboki instalatzea justifikatuko lukete. Baina zifra hau aztertuz gero, nekazaritza eta abeltzaintzako hondakinen benetako kalkulu hau errealitatetik nahiko urrun egon liteke. Sustrai Fundazioak egindako berrikuspenaren emaitza oso bestelakoa da: 2024an 3 milioi tona inguru sortu ziren Nafarroan, txosten honetan ikus daitekeen bezala: https://fundacionsustrai.org/files/2026/01/Informe-residuos-organicos-Navarra-2024.pdf. Gure ustez, kalkulu hau errealistagoa da. Katalunian, Nafarroakoa baino 6 aldiz handiagoa den abeltzaintza-kanpainarekin, 17.000.000 tona ekoizten dira urtean.
Baina analisia sinesgarria izateko, ez da nahikoa zifra gordinak izatea. Ezinezkoa da Nafarroan abeltzaintza-erroldaren arabera sortzen diren animalien gorozki guztiak bildu eta biogaseko plantetara eraman ahal izatea. Honela, kalkulutik abeltzaintza estentsiboaren gorozkiak kendu beharko lirateke, zelaian sakabanatuta gertatzen baitira eta ezin baitira jaso. Era berean, beharrezkoa litzateke etxalde txikien ekarpena deskontatzea, sortzen duten hondakin-bolumen urriagatik, biogas-instalazioetatik urrun egoteagatik eta/edo hondakinak beste jarduera batzuetarako erabiltzen dituztelako ez bailitzateke errentagarria izango planta industrialentzat.
Horrenbestez, Nafarroan erabil litezkeen abeltzaintza-hondakin kopurua urteko 500.000 tonakoa izanen litzateke. Honi aipatutako nekazaritzako hondakinak gehitzen badizkiogu, guztira 700.000 tona hondakin inguru egonen lirateke Nafarroan mota honetako plantetan erabiltzeko. Kopuru hau jada existitzen diren eta proiektatu diren biogas planten beharrak asetzeko beharko liratekeen 1.800.000 tonen oso azpitik dago. Eta, batez ere, kontraste handia du Nafarroako Gobernuak aipatutako kopuruarekin, 11.105.225 tonara igoarazten baititu hauek urtean. Azaltzeko zailak diren kalkuluak, gure ustez neurriz kanpo daudenak.
Azkenik, hemen eman ditugun datuek balio beharko lukete errotik zalantzan jartzeko ea Nafarroan proiektatzen diren biogas plantak gure erkidegoko hondakinak behar bezala kudeatzeko beharraren araberakoak diren edo ez. Hau errealitatetik oso urrun dago. Enpresen espekulazio-mugimendu bat da, gobernuen dirulaguntzak aprobetxatuz negozioa egiten saiatzen dena, tokiko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren beharrei erantzun gabe. Eta honelako proiektuen atzean gure nekazaritza-lur onenen kutsadura areagotzea mehatxatzen dutelako, abeltzaintza edota nekazaritzatik ez datozen hondakinak erabiliz.

Gehiago