Nafarroako Gobernua eta Iberdrolaren arteko akordioari buruzko gure iritzia

Energia gara Nafarroa

2016-ko urtarrilak 27

Txirotasun energetiko agenda politikoan jartzea ezinbestekoa zen

Pasaden urtarrilaren 21ean, Nafarroako Gobernuak eta Iberdrolak, errekurtso ekonomiko murritzeko bezeroei argindar hornidura ziurtatzeko akordioa sinatu zuten. Berri pozgarria da berau; asko pozten gara txirotasun energetikoaren arazoa gure gobernuaren agendan dagoelako.

Foru erkidegoan, txirotasun energetikoa pairatzen duten familia asko ditugu, urtez urte hedatzen doan arazoa da gainera. Asko kostatu den arren, txirotasun energetikoaren gaia, gizarteak egindako lan eskerga eta presioagatik, gure ordezkari politikoen agendan eta enpresa energetikoen Erantzukizun Zibilaren politiketan izatea lortu da, azken hauen enpresa jardueretan islatzen ez den arren. Gure iritziz, ordezkari politikoek, oligopolio energetikoa kontrolatzen dute enpresei azken puntu hau bete dezaten exijitu beharko liekete.

Arazo honen aurrean, merkaturatze energetikoaz arduratzen diren enpresen konpromisoa ezinbestekoa da, beraiek bai dira argindarraren hornidura, faktura ez ordaintzearen ondorioz, mozteko gaitasuna dutenak.

Eginiko lehen pausuen analisia

Hasieran esan bezala, berri pozgarria dugu akordioa, baina hutsune batzuk ikusten ditugunez, gure iritzia azaltzea erabaki dugu.

Txirotasun energetikoa pairatzen duten familiei argindar hornikuntza ziurtatzea, bizi dugun emergentzia egoera eta negu sasoian gaudela kontutan izanik, egin beharreko lehen pausua da. Hau esanik, erabaki eta pausu honek, gure inguruan, egoera latzetan dauden familiei ondorioak murrizteko besterik ez du balio, hau da, akordioa ez doa arazoaren muinera.

Hasi berri den bide honi jarraiki, Nafarroan argindar hornidura kontratu gehien dituen enpresa Iberdrola dela jakinik, sinatutako akordioan azaltzen ez diren beste pausu hauek etorri beharko lirateke:

  • Zenbat mozketa egiten dira Nafarroan?

  • Zeintzuk dira mozketa hauek egiteko arrazoiak?
  • Zenbateko kostua du berriz sarera lotzeak?
  • Sinatutako akordio honetan, ardura ekonomiko guztia Nafarroako Gobernuak hartzen du eta enpresa honek dituen irabazi ekonomikoak kontutan izanik, zentzu honetan ardura hartze ere exijitu beharko litzaioke.

Txirotasun energetikoaren aurka egin beharreko lana

Era honetako akordioek, familia askorengan txirotasun energetikoak dituen ondorioak arintzea dakar baina ez du arazoa muinetik konpontzen. Nafarroako Ingurumen Ikerketen Zentroaren arabera, 96.000 nafarrek pairatzen dute txirotasun energetikoa. Familien %19ak, argindar eta gasa ordaintzeko beren diru sarreren %10 baino gehiago behar dute eta 44.000 nafarrek, ezin dute berogailua, osasuntsua den tenperatura egoki den tenperatura batetan, piztu.

Nafarroako Gobernuak, txirotasun energetikoaren aurka lan egiteko, Nafarroako etxeetan beharrezko den energia minimoa definitu, biztanleei energia aurreztu eta txirotasuna energetikoa ekiditeko bideak zeintzuk diren azaldu, formakuntza eman, kalte-beratasunak murrizteko, gure lurraldean energia politikak jorratu hornikuntza energetikoak eragin ekonomiko txikiago izan dezan, familia askok pairatzen duten egoera ekonomiko latza kontutan izanik, zerbitzu energetiko eta birgaitze lanetarako laguntzak eman,… laburbilduz, energia oinarrizko behar izan bat dela kontutan hartzen duen politika energetikoak definitu eta martxan jarri beharko lituzke.

Gehiago