Nafarroako euskalgintza
Nafarroako aldaketak sarri urtea beteko duen honetan, argi dago ez dela bide samurra izanen euskararen inguruko aldaketa.
Enrike Diez de Ultzurrun Sagalá
2016-ko maiatzak 14
Ukaezinezkoa da pauso nabarmenak eta arras garrantzitsuak eman direla, eta baliteke ohartu ez izana aldaketa horietako batzuen garrantzi handiaz (Sarrigurenen, D ereduarendako ikastetxea ezartzea, konparaziora), baina aldi berean, azken hilabeteok ederki erakutsi digute Parlamentuan ez dagoela gehiengorik haratago joateko; euskarari buruzko legea aldatzeko, adibidez. Bertzela erranik, aldaketaren alde agertutako indar batzuk ez daude legea aldatzeko prest, eta hori guztiz nabaria da Ezkerran, baina baita Ahal Duguko sektore batean ere. Azken buruan, indar horiei bozka eman dietenen artean atzematen diren jarrera berberak agertzen dituzte; erran nahi baita, aldaketaren aldeko bozka eman duten herritar aunitz nerbiostu egiten dira euskararen gaia mahai gainean paratu bezain laster, eta euskararen alde proposatutako neurri oro jartzen dute zalantzan.
Kontua da horrelako jendearen beharra dugula aitzina jotzeko, baina aldi berean haiek dena baldintzatzen dute, hau da, haiek erraten dute noraino iritsi. Eta kasu, aldaketaren aldeko sektoreren bat egon da euskararen inguruan antolatu diren diskurtso zaharberritu bezain mingarrien atzean, baita karrikan euskararen aurka egin diren mobilizazioen gibelean ere.
Gauzak horrela, nafar euskalgintzak karrikara ateratzea erabaki du, orain arte hartutako neurrien alde agertzeko, baina aldi berean neurri ausartagoak eskatzeko, “Nafarroan aldaketa euskaratik etor dadin”. Beste proposamenik eztabaidatu da euskalgintza barruan, ofizialtasuna gauza ororen gainetik aldarrikatzeko, baina bide hori oraingoz ez jorratzea erabaki da, taxuzko arrazoiak direla medio. Hasteko eta bat, legearen aferan euskalgintza osoak ekin beharko lioke elkarrekin, bertzenaz bide antzua gertatuko da: hau da, lehenbizi, barne lan bat egin beharko litzateke, batetik, eragileen artean (zer-nolako legea), eta bestetik, Parlamentuan giltza dutenekin, hau da, Ezkerra eta Ahal Dugurekin. Bestela, bi indar horiek konbentzitu ezean, jai dugu.
Bitartean, hamaika neurri eraginkor har daitezke egungo lege-esparruaren barnean, aitzina egiteko; euskaltegien eta tokiko euskal komunikabideen egoera hobetzeko, adibidez. Eta era berean, behingoan lantzen hasi beharko litzateke euskararen aurkako mugimendu indartsuari aurre egiteko moduko diskurtso eraberritua, aldaketaren alde daudela dioten herritar ez-euskaltzaleak geure aldera erakartzeko.