Nafarroa osoan euskaraz bizi eta ikasi nahi dugulako, behingoz

Ikasturte hasiera honetan, Sortzen Elkarteko kideoi, Nafarroako Parlamentuaren egoitza bisitatzeko aukera eman ziguten. Kasu honetan, Vascuencearen Legeak ezarri zuen zonifikazioa gaindituko duen Euskararen Lege berri bat idatz dezan sortutako batzorde berezian hitza hartzeko. Eta esan dudan bezala, gonbita luzatu ziguten eta guk onartu, nola ez.

Sortzen Elkartea

2018-ko urriak 18

Hamar urte baino gehiago pasa dira Gares inguruko familiek Sortzen elkarteko atean jo
zutenetik. Geroago Lizarra ingurukoa. Beraien herrietan, zonalde diskriminatuan
kokatuak daudenez (pasa den urtetik batzuk eremu mistora pasa diren arren), ezin
zuten euskarazko murgiltze eredua aukeratu herriko eskolan, eta beraien seme-alabak,
derrigorrez, Gareseko eskolara matrikulatu behar izan zuten, Gares zonalde mistoan
kokatua baita, soziolinguistikaren paradoxak, edo hobe esanda, lege baztertzaile batek
sortutako diskriminazio baten adierazle argia, baina tira, aurrera egin dezagun.
Astelehenetik ostiralera, goizero, autobusean ala bakoitzaren kotxean, seme-alabak
hartu eta eskolara, euskaraz ikasi nahi zutelako beraien herriko eskoletako ateak itxiak
zituzten. Herri batzuetan egoera horrekin jarraitzen dute: Bilatorta, Mendigorria,
Larraga, Puiu, Oteiza… Zorionez, beste herri batzuetan, beraien seme-alabak herriko
eskolan eta euskaraz matrikulatzea lortu dute: Kaparroso, Lodosa, Tafalla, Erriberri,
Antzin, Allo, Barasoain, Azkoien eta Sesma. 

Bai, azken hamar urte hauetan zenbait egoera aldatu dira, Mañeruko eskolan euskaraz
bizi eta ikasteko eskubidearen alde itxialdia egin zenetik hiru gertaera nabarmendu
nahiko nituzke. Alde batetik, 2015eko otsailean Vascuencearen Legearen aldaketa
Nafarroako Parlamentuan; ordutik, Hezkuntza Departamenduak D eredua eskaintzen
du lurraldeko eskola guztietan. Urte bereko maiatzean, euskarafobia zuen gobernu bat
hauteskundeetan garaitu genuen, euskararen kontrako kanpaina ofizialen garaiak
atzean utziz, eta euskararentzat, orain arte itxiak zeuden ate berriak irekitzen hastea.
Eta azkenik, pasa den ikasturtean Nafarroako berrogei udalerrik baino gehiagok
hartutako erabakia: nafarren hizkuntza eskubideak denontzat berdin izan daitezela,
beraien herrietan berdintasunaren aldeko urratsa eman nahi izan zuten.
Hau hau guztiori mahai gaineratu genuen lehen aipatu dugun Parlamentuko Batzorde
Berezi horretan egindako agerraldian, baita aurrerapauso guzti hauen ondoren,
oraindik gelditzen zaigun bidea marraztu genien foru parlamentariei. Bide horretan,
berdintasunaren aldeko bidean, hezkuntza sistemak ardura handia dauka, jendarte
kohesiorako tresna ezinbestekoa baita. 

Bide horretan Nafarroako herrietako haur eskoletan euskaraz matrikula egiteko
gelditzen den tartea gogora ekarri nahi genuen, edota Lanbide Heziketan eta
Unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea lortzeraino gelditzen zaiguna ere.
Norabide honetan, argi dago, gaurko Hezkuntza Sisteman, D eredua da gure ikasleak
hobeki prestatzen dituena, elkarbizitzarako tresna gehien eskaintzen dituena, alegia.
Horregatik, hauxe da guk zonifikazioaren gainetik proposatzen dugun elkarbizitzarako
tresna garrantzitsuena: hezkuntza-hizkuntza eredu bakarra Nafarroa osoarentzat,
ikasle euskaldun eleaniztunak heziko duen eredua, alegia. Eta horrela adierazi genien
alderdi ezberdinetako parlamentariei: Nafarroako jendartea prest dago, gure hezkuntza
sistema prest dago … zuek prest al zaudete? 

Pilota Nafarroako Parlamentuko teilatuan dago. Parlamentariei dagokie neurriko
erantzuna ematea, eta onartzea behingoz, nafarrak berdintasunez gobernatuko
gaituen lege bati bidea ematea. Bidea egin dezagun, euskarari bidea eman dezagun

behingoz, gero ikusiko dugu abiadura egokia zein ote den, baina behingoz, onar
ezazue euskararen ofizialtasuna, behingoz, behingoz!

Gehiago