Murtzia II Espetxetik Usurbilgo borroka gunera
Ramon Aldasoro Magunazelaia, Oier Andueza Antxia, Josu Arkauz Arana, Xabier Atristrain Gorosabel, Oskar Cadenas Lorente, Mikel Izpura Garcia, Urko Labeaga Garcia, Jon Troitiño Ciria, Ainhoa Garcia Montero, Mikel San Sebastian Gaztelumendi, Jon Crespo Orte
2017-ko urtarrilak 6
Gutun honen bidez, Murtzia II espetxean bahiturik gauden euskal preso politikook, gure animo eta atxikimendu osoa igorri nahi dizuegu Usurbilen itxialdia burutu eta “KALERA, KALERA, BAKEA ETA ASKATASUNA IRABAZTERA” ekimenean parte hartuko duzuen guztiei, Euskal Preso Politikoen gaia indar berriz jendarteratzeko burutuko dituzuen ekimen guztiekin, gutako bakoitzaren ziegataraino bidalitako haize berri eta freskoa sentitu dugulako.
Abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra bitartean zuekin bat egin eta espetxeak OSTIRALERO eskaintzen digun janariari uko egingo diogula jakinarazten dizuegu, kartzelan eta kalearen arteko lotura biziagotzeko helburuz eta guztion KONPROMISOAren beharra aldarrikatzeko intentzioz; itxialdian parte hartuko duzuen guztiona, astebururo espetxeetara bisitan datozen lagun eta senideena, ikastetxe eta lantegietako dinamiketan parte hartzen dutenena, kaleko zein instituzioetako ekimenak burutzen dituztenena…guzti-guztien KONPROMISO hori izango da, euskal preso politikook gure herriaren askatasunarekiko dugun konpromisoarekin batera, etxerako bidean jarriko gaituen borrokaren oinarri.
Jaso ezazue animo biziz beteriko besarkada iraultzaile bana.
2016ko abenduan.