Miseriazko etxebizitza eta Schrödinger-en etxegabetzeak
Etxebizitza Sindikatua Iruñerria
2024-ko martxoak 4
Iruñerrian egoera bitxia bizitzen ari gara: Schrödingerren etxegabetzeak. Izan ere, batzuek etxegabetzeak debekatu dituztela ziurtatzen badute ere, etxegabetzeak gauzatu egiten dira. Etxebizitzaren arloan propaganda instituzionalak erakusten dituen aldarri interesatu guztiek talka egiten dute gure klasearen eguneroko esperientziarekin. Hala ere, etxegabetze horiek gauzatzen direnean ere lortzen dute instituzioek gezurrari eustea, maniobra kuantikoen bidez, hau da, aparatu propagandistikoaren bidez, eta are gehiago, harropuzkeriaz mintzatzen dira ematen dituzten alternatibez. Alternatibok, ordea, ez dira ogi-apurrak besterik, aldi baterakoak edota miseriazkoak baitira, baina politikari profesionalei nahikoa zaie haien irudi ona mantendu eta etxegabetze batek gizartean eragiten duen haserrea baretzeko.
Horixe gertatu zaio, hain justu, duela hilabete gutxi Jarautako Bloke Sozialistan etxegabetu zuten familietako bati. Iruñeko Udaltzaingoak familia bizi zen blokea setiatu zuen denbora luzez eta legez kanpo, eta horren bidez zaurgarritasun egoeran zegoen emakume bat eta haren seme-alabak egoera ezin hobean zegoen eta hamar urte hutsik zeramatzan etxebizitza bat uztera behartu zituzten. Jakina, bertako familiak Gizarte Zerbitzuetako teknikariek egindako promesen artean utzi zuen bere etxebizitza, esana baitzioten eskaini zioten alokairu sozialeko etxebizitza «erreformatua» zela eta «erabateko bermeak» zituela. Tamalez, egoera oso bestelakoa da. Duela gutxi Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu zuen moduan, bizitzeko baldintza minimoak betetzen ez zituen etxe batera eraman zuten familia hori, eta, hartan, ohikoak dira zomorroak, ur-ihesak, hezetasun handiak eta itoginak ez ezik, baita argi-itzalaldiak ere. Egoera horrek, gainera, osasun arazoak sortu dizkio familiako haurretako bati.
Halako adibideek agerian uzten dute ezin premiazkoagoa dela fartsa instituzionala agerian uztea, soluzioa izan beharrean problemaren parte baita. Horrez gain, ezinbestekoa da miseriazko baldintzak dituen etxebizitza-modalitate berriari aurre egitea, gaitza balitz bezala ari baita hedatzen baliabide gutxien dituzten langile klaseko geruzen artean. Horrek esan nahi du Jarautako familiaren gisako kasuak salatzeaz gain, seinalatu egin behar ditugula borrokarako aukerak ekoizpen-modu kapitalistaren pean «bizi-baldintza duinak» izatearen fikziora mugatzen dituzten horiek ere.