Milaka oihu Palestinara! Milaka elkartasun ohiu!
Palestinarekin elkartasuna adierazteagatik errepresaliatuok
2026-ko apirilak 7
Duela zenbait hilabete jaso genituen zorigaiztoko zitazioek amorruz eta, era berean, kezkazbete gintuzten: Palestinar herriak jasaten ari den genozidioa salatu eta Israelen boikota eskatzeagatik isunduak izan gara eta zenbait kasutan, espetxeratuak izateko arrisku bizian jarri gaitu. Aldiz, heldu den martxoak 21-ean Durangon egindako elkartasun jaialdian bizitakoa itzela izan zen. Egunean bertan Landako lepoz bete zen elkartasun deiadarrari helduz. 4000 pertsona baino gehiago hurbildu zineten zuen alea jartzeko asmoz eta bertan ozen entzun ahal izan zen Palestinar herria ez dagoela bakarrik. Era berean, errepresioaren hatzamarretan erori garenoei, argi gelditu zaigu bide judizial malkartsu eta jasandako ondorioei aurre egiteko elkartasun uholde bat dugula aldamenean. Hori horrela dela konturatzeko, Landakon begibista altxatzea besterik ez zegoen. Eta horrek, indarberritzeaz aparte, kemenaz eta batez ere, harrotasunez bete gintuen! Horrexegatik, mila esker hurbildu zineten guzti guztiei! Herri zahar honetan aldiz, ezaguna da holako jaialdi batek duen lan eskerga. Jakin badakigu oztopo zein arazoak ez direla gutxi antolatzeko orduan. Planek egunero eskatuko zutela birmoldaketaren bat. Gaueko ordu txikietako loa askotan galdua izango zenutela antolakuntzako detaile txikienak ere ihes egin ez zezan… hala eta guztiz ere lortu zenutena ikaragarria izan zen. Zuentzat, Palestinarekin Elkartasuna plataforma, gure begirunerik estimatuena jaialdiaren eta elkartasun kanpaina orokorraren bultzatzaile izateagatik!
Pultsera moreak ere han hemenka nonahi ikusten ziren egunean zehar. Nola azaldu txandaren esperoan zeudenen artean agerian zen gogo hori? bizipoz hori? deteminazio hori? Zer izango litzateke holako jaialdia bat antolatzea lanera batu zineten ehundaka bolondres gabe? Ziur erantzun berbera darabilkigula guztioi buruan. Zuentzat ere eskertza: Eskerrik asko zuekin batera lan egiterakoan sorturiko konplizidadez beteriko begiradatxoengatik. Ezin aipa gabe utzi Ohiu bat Palestinara jaialdia posible bilakatu zenutenoi: artista, musikari, teknikari, dantzari, bakarrizketari, bertsolari… zuek gabe bai ezin izango zela horrelakorik burura eraman! Zuei bereziki gure eskertza bereziena eta erabateko miresmena, egunean zehar gure emozioek eragindako malko tantek bustitzen zituzten irribarre goxoen erantzule zuzenak izateagatik! Berriz ere agerian geratu da elkartasunak ez duela mugarik. Zoritzarrez isun eta balizko zigor ekonomikoei aurre egiteko elkartasun diru bilketak aurrera jarraitu beharra dauka. Horra luzatzen dizuegun eskaera, errepresioaren aurrean antolatzea Palestinar herriarekiko elkartasuna eten ez dadin. Abestiak dioen moduan ekin ta bultza denok batera!!
GORA PALESTINA ASKATUTA!
