MARTXOAREN 3tik MAIATZAREN LEHENERA, ANTOLATU GAITEZEN

40 urte luze pasa dira 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen burututako sarraskitik. Egun horretan, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bilduta zeuden milaka langileen aurka oldartu eta haietako bost erail zituen: Romualdo, Pedro, Francisco, José eta Bienvenido.

Maiatzak1egin

2018-ko otsailak 15

Errepresioak urte horietako klase borrokaren areagotzea geldiaraztea zuen helburu, eredugarria baitzen eta baita urte horietan zabaldu zen klase elkartasuna, batasuna eta borroka. Enpresa, sektore eta jatorri ezberdinetako langileen arteko esperientzia trukaketak, asanbladak, eztabaidak eta ekintzak anitzak izan ziren eta kontzientziak pizteko gaitasuna eta langile klasearen indarra erakutsi zuten. Horregatik guztiagatik, Euskal Herrian Martxoaren 3a langile klasearen boterearen eta duintasunaren sinboloa da, urte luzez isilarazita eta ahaztuta mantendu nahi izan badute ere.

40 urte luze hauetan, bere gorabeherekin, klase borrokaren zentralitateak eta hau gainditzeko langile antolaketaren balioak beherakada nabarmena izan dute. Maiatzaren Lehena adibide argia dugu: eduki politikoa eta borrokarako grina baztertu eta festa eguna bihurtu dugu.

Atzoko eta gaurko langile borrokak eta aipatutako gogoetak buruan, Maiatzak1egin duela lau urte Bilbon herri mugimenduaren topagunea izateko jaiotako esperientzia da; klase borrokaren zentralitatea azpimarratzeko eta langile klasearen antolaketa eta borroka elikatzeko bere harri koskorra jarri nahi duen esperientzia. Gure txikitasunetik azken hiru urteotan Maiatzaren Lehenean mobilizazioak antolatzeaz gain, hainbat izan dira burututako asanbladak, hitzaldiak eta jardunaldiak; eta helburuei jarraiki, borrokan egondako langileekin elkarlana ere landu dugu.

Maiatzak1egin-en eragin gunea Bilbo bada ere, herri mugimenduak borroka honetan bere ekarpena Euskal Herriko txoko guztietara hedatzearen garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Eta Euskal Herriko Maiatzaren Lehena bezala irudikatu dezakegun egun honetan, gure ahalmenaren arabera azken hilabeteotan zabaltzen aritu garen proposamena publiko egin nahi dugu: Euskal Herriko ahalik eta herri eta hiri gehienetan Maiatzaren Lehenera begirako deialdi bateratu bat adostu.

Ez dugu gure marka edo dinamika zabaldu edo/eta Bilbotik haragoko mugimenduak fagozitatu nahi. Aipatutako parametroetan lan egiten duten esperientziak biderkatu eta existitzen garenon artean erlazio bat eraiki nahi dugu, minimoa bada ere. Beti ere tokian tokiko subjektua, errealitatea eta autonomia oinarri izanda. Langile klasea eta bere borrokaren balioa eta garrantzia erdigunean kokatuko dituen tokian toki antolatutako ekimen deszentralizatuak barnebilduko dituen deialdi bateratua guztion artean eraikitzera deitzera gatoz.

Hilabete honen bukaeran deialdirako testu proposamena helaraziko dizuegu elkarlan honetan parte hartu nahi duzuen guztiei, zuen ekarpenak jasotzeko eta testua eta deialdia publiko egiteko era adosteko (kontaktua: maiatzak1egin@gmail.com).

Egun bakoitza Maiatzaren Lehena bilakatu eta Maiatzaren Lehena borrokaren momentu eredugarri bihurtu, hori da gure iparrorratza. Elkarrekin egingo dugu bidea?

Bilbon, 2018ko martxoaren 3an

Gehiago