Lotua, ederki aski lotua: erlijioa, PAI eta irakasleen prekarietatea

Ane Apezetxea Gorrotxategi, Raul Lopez Ekai

STEILAS Sindikatua

2026-ko otsailak 11

PSNk eta Contigo-Zurekinek lege proposamen bat erregistratu dute indargabetzeko erlijio katolikoko irakasleen kontratuak blindatzen dituen foru legea, jardunaldi osoa izateko irakas-ordu nahikorik duten ala ez kontuan hartu gabe. Navarra Sumak (UPN, PP eta ia iraungi den Ciudadanos) eta Geroa Baik lege horren alde bozkatzeko erabilitako aitzakia zen erlijioko irakasleak adinean aurrera zihoazela eta zaila eginen zitzaiela beste enplegu bat aurkitzea.

Aipatutako legea 2022ko maiatzaren 17an onetsi zen, baita aurrera atera urte horretako apirilaren 28an onetsitako PAIren legea ere. Kasu honetan, Navarra Sumak eta PSNk aldeko botoa eman zuten, aitzakitzat harturik ingelesez ziharduten irakasle kontratudunek ez zutela aukerarik izan beren espezialitateko oposizioetara aurkezteko.

Erlijioko eta PAIko irakasleek gainerako irakasleek bezala, oposizioetan parte hartzeko aukera zuten, ez zegoen inongo eragozpenik. Erlijioko irakasleei gainerakoei bezala puntuatzen zaie antzinatasuna, artzapezpikutzak nahierara hautatu arren. Izan ere, irakasle askok doktrina katolikoa emanez lortutako puntuak baliatu dituzte beste espezialitate batzuetan funtzionarizatzeko.

Funtsean, lege horiek irakasle kontratudunen sail bat egonkortu eta blindatu nahi zuten, gehiengoa erabateko prekarietatean utzita. Kontuen Ganberaren azken fiskalizazio txostenaren arabera, Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoaren behin-behinekotasuna % 50ekoa da, aldiz, oso gainetik Nafarroako Gobernuak % 12,42an emandako egiturazko bitartekotasunetik. Interinitate tasa altu horrek guztiz urratzen du Europako zuzentarauak enplegu publikoaren behin-behinekotasunari buruz xedatutakoa, baina Gobernuari komeni zaio horri eustea, pribatizatzeko edo irakasleak kale gorrira botatzeko krrisia gertatuz gero. Hala, Hezkuntza Departamentuaren Langileriaren egungo zuzendari nagusiak berak 800 irakasle kaleratu zituen 2012an hasitako murrizketetan.

Gainera, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia dago, aldi baterako kontratuekin abusu egoeran dauden interinoak lan-kontratudun irakasle finko bihurtzeko. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak berretsi egin du jurisprudentzia hori bere azken txostenean, eta Nafarroako Gobernuak funtzio publikoan dituen eskumenak erabili beharko lituzke irakasleek jasaten duten bitartekotasuna nabarmen murrizteko eta auzitegiek emandako finkotasun epaiak errekurritzeari uzteko.

Era berean, akordio programatikoan, erlijioko irakasleen kontratuak blindatzeko legea berrikusteaz eta, hala bazegokion, indargabetzeaz gain, honako puntu hau dio hitzez hitz: hezkuntza laiko baten alde egitea, erlijioa irakasgaia eskolatik aterata. Franco hil eta gero, PSOE egon da urte gehien Espainiako gobernuko lehendakaritzan urte gehien izan duen alderdia, eta ez du deus egin Vatikanoarekin 1976an eta 1979an sinatutako akordioak bertan behera geldiarazteko. Akordio horiek diktadura frankistak 1956an sinatutako oinarrizko irizpideei eutsi zieten, eta jasotzen dute Eliza Katolikoaren ahalmena irakasleak hautatzeko eta erlijio katolikoaren irakasgaiaren edukiak ezartzeko.

Era berean, Isabel Celaak ez zuen deus egin, Hezkuntza ministro aritu zen garaian, eskola publiko laikoaren alde (bere ondorengoen antzera), ezta EAEn Hezkuntza sailburu izan zenean ere, Patxi Lopez lehendakari izatera iritsi zenean, ezker abertzalea legez kanpo utzi ondoren eta PPren babesarekin. Nahiz eta bitxia izan, ez zuen laikotasuna sustatu, baina bai PAIren antzeko programa hirueledunak, euskarazko murgiltzea lehertarazteko. Hori bai, 2022an Espainiako Erresumaren enbaxadore izendatu zuten Vatikanoaren aurrean, eta ez dirudi saiatu denik batere indargabetzen Eliza Katolikoari hainbeste pribilegio ematen dizkion konkordatua indargabetzeko.

PSOEk sinesgarritasun arazo latzak ditu, besteak beste, ustelkeria kasuak eta bizi baldintzen etengabeko higadura direla eta. Egoera horretan, Carlos Gimeno kontseilariak sortu ditu gatazka gehien Departamentuaren historian: 0-3, Lanbide Heziketa Duala, gutxiengoan sinatutako murrizketez jositako ituna, inklusioaren pribatizazioa, Kontserbatorioa, helduen hezkuntza, etab. Horregatik, hauteskundeen hurbiltasun testuinguruan, PSNk bere jite aurrerakoia nabarmendu nahi du legea indargabetzeko asmo horrekin eta, bide batez, Geroa Bai ataka estuan jarri nahi du.

Era berean, argigarria da lege horietako batzuen defentsa; izan ere, erlijioko irakasleen kontratuak blindatzeko legea eta PAIren legea defendatu zuten sindikatu berberek (ANPEk eta AFAPNAk) sinatu dute ia beteak diren kontratuak jardunaldi osokoak izateko aukera ezabatzeko ituna. Ikusten dugu PSN ez dagoela bakarrik irakaskuntzaren prekarizazio politika selektibo horretan.

Egoera horren aurrean, PAIren legearen aurka bozkatu zuten indar politikoek ere lege proposamen bat erregistratu beharko lukete lege hori indargabetzeko, bi legeak bidegabeak baitira: kontratudun irakasle zati batzuen egonkortasuna bultzatzen dute, gainerakoak prekarietatean utzirik.

Diktadore faxistak Eliza Katolikoaren pribilegioak lotuak, ederki aski lotuak utzi zituen bezala, PSNk, muturreko eskuinaren eta ultraeskuinaren eskutik, lotua, ederki aski lotua eta utzi nahi izan du PAI, foru lege baten bidez. Bada garaia bi lege zital horiek indargabetzeko, prekarietate erregimena bukatzeko eta hezkuntza publikoko irakasle guztiak egonkortzeko.

Gehiago