Lotsarako bandera, lotsatzeko garaia
Zerbait larria ari da gertatzen udaletxe ezberdinetan bandera bat lotsagarri bihurtzen denean, eta horixe da Europar Batasuneko ikurrarekin ikusten ari garena.
Fernando Mendiola. Historialaria eta irakaslea.
2016-ko martxoak 21
Arazoa berria ez izan arren, lotsaren maila are altuago jarri da Europatik Turkiarako deportazio kolektiboak aurreikusten dituen akordioarekin, eta, alde horretatik, duintasun seinalea zaigu hainbat udalek, Eguesekoa aitzindari, harturiko ekimena, hau da, Europar Batasuneko bandera kentzea.
Hala ere, akordio hau beste urrats bat baino ez da. Europar mugetatik heltzen zaizkigun irudiak europar degenerazio moralaren seinale argiak dira: errefuxiatuentzako eremu hesituak, ibaiak zein hesiak gainditzeko saio desesperatuak, eta Mediterraneoak etengabe kostaldera hurbiltzen dituen gorpuak.
Horiek guztiek sortzen duten lotsak konponbiderik ekarri ezean, garai lotsagarrien irudia eta memoria sortuko dugu. Luzerako.