Lizarrako Mugimendu Feministak herritarrei zuzendutako gutun irekia

Lizarrako Mugimendu Feminista

2024-ko irailak 13

Lizarrako Mugimendu Feministak gure hiriko jaien balorazioa egin du:

Lehenik eta behin, Lizarrako herritarrak eraso sexisten inguruan hartzen ari diren kontzientzia soziala positiboki baloratu nahi dugu. Gure ustez, horrelako erasoen identifikazioak gero eta erantzun sozial argiagoa eta zuzenagoa du, bai publikoki, mugimendu feministak dituen mekanismoen bidez, bai gure inguruan ditugun eta kontzientzia sozial horri erantzuten dioten tresna partikularren bidez.

Mugimendu Feministak bi norabidetan jarduten du: alde batetik, sare lana burutuz, konpromezua biktimen zaintzan eta hauek prozesuan behar duten laguntzan oinarrituz, eta, bestetik, salaketa publikoaren bitartez, hainbat gizarte eragileren babesarekin.

Erasoei eman beharreko erantzuna mugimenduak berak definitutako protokolo espezifiko baten arabera eraikitzen da. Protokolo horrek mugimendu feminista babesten duten eragileekin koordinazioa jasotzen du, eta hala ikusi dugu aurtengo jaietan, honen adibide La Bota eta San Andres peñek emandako babesa izan ziren eraso matxisten aurkako bi kontzentrazioetan.

Mugimendu Feministak ulertzen du gehiengo sozialak babestu behar duela sostengu hau, eta ondorioz, baita herritar guztiok ordezkatzen gaituen instituzioak ere. Honen harira, Mugimendu Feministak ohartarazi du instituzioa, kasu honetan udala, guztiz desagertuta egon dela salaketa sozialari dagokionez. Gainera, erakunde publikoak dira biktimei babesa emateko beharrezko baliabideak dituztenak, erasoa poliziaren aurrean salatu edo ez. Azken ñabardura hau kontuan izatea garrantzitsua da, biktima guztiek ez dutelako erasoa formalki salatzen Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen aurrean (horrek batzuetan idiosinkrasia komun bati erantzuten dio), eta horrek ez du haien bizipena baliogabetzen. Kontuan izatekoa da gehienetan ez salatzeko arrazoiak oso lotuta daudela lotsa soziala eta sinetsia ez izatearen beldurrarekin (emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2019ko makroinkestaren datuak); beraz, baliabideak, babesa eta laguntza ukatzea sufrimendurako eta birbiktimizaziorako beste arrazoi bat baino ez da. Gainera, gero eta protokolo gehiagok azpimarratzen dute zerbitzu horiek aurrez salaketarik jarri gabe eskaintzearen garrantzia, horrek zer ekar dezakeen jakin dugulako.

Horrela, batetik, aurtengo jaietan emandako erasoen aurrean Lizarrako Udalaren babes falta azpimarratu nahi dugu; eta bestetik, udaletxea bera itxita egon dela jaietan zehar, erreferentziazko norbait edo baliabideren bat izateko beharra kontuan hartu gabe, hala nola, gaueko Puntu Morea, beste urte batzuetan Lizarrako Txosnetan antolatua zegoena (ez da txosnarik egon…).

Hala ere, erasoa salatu edo salatu gabe, Mugimendu Feministaren eta Udalaren arteko koordinazioa hutsa izan da. Horregatik, Lizarrako Mugimendu Feminista salaketarako eta laguntzarako eragile aktibo, baliozko eta funtsezko gisa aitortzera gonbidatzen dugu Lizarrako Udala.

Gehiago