LGTBIQ begiradak
Beste behin ere, maiatzaren 17aren inguruan lesbianek, gayek eta transexualok bizi dugun diskriminazioa hizpide izaten da egunkarietan. Aurten, estreinako aldiz, Bullyingaren Nazioarteko Egunak ere protagonismoa itzela hartu du komunikabideetan eta jendartean.
STEILAS. LGTBIQ taldea.
2016-ko maiatzak 12
Urte luze pasatu dira egoera lazgarri batek gure herria astindu zuenetik, Jokinek bere buruaz beste egin zuenetik. Ikastetxeek bullying detektatzeko –eta gelditzeko- protokoloak garatuta dituzte, baina ezin esan honelako jokaerak uxatu ditugunik.
LGTBI pertsonekiko jazarpena edo bortizkeria eta emakumeen aurkako
indarkeria matxistek bide paraleloa eraman dute. Etxeko (eskolako) kontua izatetik
kontu publikoa izatera pasatu da. Denoi dagokigu, denok gara biktimak. Denok dugu
gelditzeko erantzukizuna. Eta abiapuntu hau hartzen badugu, eta benetan aurre
egingo badiogu, ezin dugu zuritu inolako bortizkeria kasurik.
Historiak erakutsi digu legeetan emandako aldaketak ez direla nahikorik izan
berdintasunaren aldeko lorpenetan. Genero berdintasuna ez dugu erdietsi lege
aldaketen bitartez, gaur egun oraindik ere ohitura eta jarrera matxistek bete-betean
baitarraite.
Egungo gazteek nola ikusten eta nola baloratzen dute genero eta aniztasun
afektibo sexuala? Garbi dago euren begirada eraikitzen ari direla, beti ere bizipen
propioetatik abiaturik. Baina non gauden ulertuko badute, azken hamarkadetan
hainbat eremutan eman den borrokari esker erdietsi direla eskubideak ezagutu behar
dute. 2015. urtean ALDARTE eta EHGAM taldeek “Memoria ausartak” proiektua
aurkeztu zuten, LGTB memoria historiko kolektiboa berreskuratzeko gunea. Bertan,
13 bizitza-istorio aurkezten dira, eta frankismo eta trantsizio garaiko bizitza eta
maitasun gay-lesbianoko istorioak biltzen dira. LGTB memoria historikoa
aldarrikatzeko eta biltzeko gune horretan homofobia eta lesbofobiaren aurka
borrokatzen da, gaur egungoarekin erlazionatua dagoen ezagueraren bitartez.
Pertsonen arteko harremana mota askotakoa izan daiteke, eta ohikoa den
hitzen bitartez ez ezik, keinu, gorputz hizkera eta begiradaren bitartez ere gauzatzen
dugu komunikazioa, eta gu geu garen bezala agertzen gara besteen aurrean. Era
berean, ezin dugu ahaztu begiradek eta keinuek berebiziko garrantzia izan dutela,
eta badutela gaur egun, elkar ezagutzeko eta harremanak izateko, ligatzeko tresna
ere baitira.
Askatasun begiradak nahi ditugu gure eskoletan, gure kaleetan, gure
gizartean. Hezkuntza sistemak askatasunean bizi diren pertsonak hezi behar ditu,
diren bezalakoak izan daitezen, diskriminaziorik gabe, epaiturik izan gabe.
Genero eta aniztasun afektibo sexuala modu askean bizitzen laguntzeko unitate
didaktikoa prestatu eta bidali dugu ikastetxeetara. Unitate horretan, gure eguneroko
jardunean ez dugu tolerantzia landu nahi, ez baitugu besteen epairik nahi norberaren
generoaz, genero adierazpenaz, edo maitatzeko eraz; askatasun gizartean bizi nahi
dugu, gizarte askatzailean.