Lan Eskaintzaren erditze mingarria
Ia bederatzi hilabete igaro dira Nafarroan hauteskundeak izan, eta gaur egun gobernua sostengatzen duten lau alderdiek Parlamentuan gehiengoa erdietsi zutenetik. Hezkuntzan lan eskaintza publikorik aspaldi ez dugu izan, eta aste honetan gobernu honek egindako lehenengoa dugu aurrean.
Amaia Zubieta eta Kepa Yécora. STEILAS Sindikatua.
2016-ko otsailak 12
Erditzearen ondorengo momentuan gaude, eta erdimina leundu ezinik. Azkenengo txanpa biziki
bortitza izan da: etengabeko tratu-txarrak, txantajeak, gezurrak, lehengo pribilegioei eusteko ahaleginak, joko
zikinak… eta horren guztiaren ondorioz, ikastetxeetan eta jendartean giroa bera mikaztu egin da. Mendozaren
kudeaketa baldarra hizpide izan da, bai eta gobernu barruan dauden 2 alderdiren jokamoldea ere. Hauxe izan
da, zalantzarik gabe, Uxue Barkosen gobernua bera higatzeko gai nagusia, eta Nafarroan , zoritxarrez ohikoa
izaten den bezala, euskararen politizazioaz baliatu dira. Nafarroako hizkuntza errealitatea argudiatu dute
hasierako LEP geldiarazteko, lanpostu gehiago egonkortzen baitzuen euskaraz erdaraz baino. Gure hizkuntzak
jasotzen omen duen lehentasunezko trataera esan izan dute. Asaldagarriena da leporaketa hori egin duten
alderdi eta sindikatuek ingelesaren irakaskuntza lehenetsi dutela kosta ahala kosta, erabateko lehentasuna
ematen eta euskara zokoratzen. Bestelako LEP nahi izan dute, eta horretan ingelesaren ezagutza ezinbesteko
jotzen dute. Hemen Nafarroako hizkuntza errealitatea ez dute aipatu ere egiten.
Departamentuaren kontrako gurutzadaren buru I-E eta CCOO ikusi ditugu, eta gobernu
“nazionalista”rekin ez nahasteko ahalegin zikinak eraman dituzte aurrera, eta erdal irakasleen defendatzaileen
bandera zutitu nahian ibili dira. Ez koalizioak, ez sindikatuak ez dute azaldu nola mantenduko dituzten irakasle
erdaldunen lanpostuak PAI hedatzen jarraitzen bada, biek ala biek sostengua erakutsi baitiote PAIri.
Eta ia azken momentuan, estrategia politiko-sindikal hori aski ez balitz, Estatuaren Abokatuak helegitea
jarri du , PPk hala eskatuta. Nafarroako Gobernuak badaezpadako gelditze eskaerari kasu egin, eta hasierako
LEP aldatu egin du. Nafarroako Gobernuak eskaintza birmoldatu eta arte eta moldez, edo PPren legeari esker, IE
eta CCOOk luzaturiko proposamenaren antza osoa du. Harro mintzatu dira birmoldaketaz. Axolagabekeria
handia erakutsi dute, eta haien proposamenari heldu izana lehenesten dute oraingo diskurtsoan harro, eta bost
axola zaie intineritate handiena dagoen espezialitatean – eta ondorioz pertsona gehien azterketa prestatzen ari
zen espezialitateetan – lanpostu bat bera ere ez egonkortzea.
Bestalde, Mendozak ausardia falta erakutsi du, eta izandako presioen ondorioz, alde batean utzi du
Nafarroako irakasle elebidunen eskubideen defentsa. 2008an Mendozak, Koldo Martinez eta Estebe
Petrizanekin batera hizkuntzen araberako zerrenda bereiztuen aurkako helegitea sinatu zuten. Orain, berriz,
bereizketa hau betikotzen – edo luzatzen – duen Agindu Forala sinatzekotan dago.
Azken momentuko asmakizuna xelebrea da: azterketak bi egunetan egitea. Gauzak honela euskaldunek
bi egunetan egin beharko dute azterketa, eta bi programazio aurkeztu… Erdibideko erabaki honek ez du inoren
nahia asetu.
Nafarroan egoera zaila bizi dugu hezkuntzan. Mahai Orokorrean eta Mahai Sektorialean gehiengo
sindikalak erakutsi duen jarrera ez dute kontuan hartu. Akordioa erdiestea – Beaumontek dio – ez da
beharrezkoa. Gauzak honela, zertarako deitzen gaituzte? Ez dakigu zein puntutaraino ezagutzen dituzten
irakasleen artean zabaldu den haserrea eta frustrazioa. Eta honen erantzulea ez da soilik gobernuaren
kudeaketa kaxkarra, oposizio politiko-sindikalak erabili duen joko zikina eta zabaldu dituen gezur eta
beldurrek ondorioa izan dute, Nafarroako egunkari jakin baten laguntza osoarekin. Hizkuntza apartheidak
Nafarroan bizirik dirau, baina noiz arte?
Orain, ia bederatzi hilabete beranduago umeari izena jarri behar zaio. Sortzaileek ez dakite ongi zein
jarri, aukeran baitituzte Ana, Marisa edo Tere. Familian ez dute kontsentsurik ikusten izena euskaraz jartzeko.
Edozein izena aukeratuta ere, ziur gaude mintzatzen hasten denean dagozkion eskubideen aldeko hitzak
esango dituela, hizkuntza apartheiden kontra borrokatuko dela, eta gaitasun zerrendak egiten diren aldioro
hortxe izango dela, bakarra delako.