Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat

Hurrengo azaroaren 30ean kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinen alde mobilizazioak deitu ditugu Itaiatik. Azken urteetan emakume langileen lan eta bizi baldintzen okertzearen eta egoera honi aurre egiteko norabide faltaren aurrean indarrak batzeko aldarria egiteko beharra ikusi dugu. Hau da, gure zapalkuntza betikotzen duen eta langile klasea egiturazko pobreziara kondenatzen duen gizarte kapitalista gainditzeko bidean borrokatzera deitzen ditugu emakume langileak.

ITAIA Iruñerria

2023-ko azaroak 26

Gizabanako orok kalitatezko lan eta bizi baldintzak lortu ahal izateko, hots, desoreka sozial eta ekonomikoekin amaitzeko, soldata berdintasuna aldarrikatzea ezinbestekoa ikusten dugu, hau da, lan guztiek aitortza sozial berdina eta lanen arteko hierarkizazioarekin amaitzea. Gainera, gaur egungo gizarte kapitalistan zaintza lanen ardura emakume langileoi ezartzeak, bazterketa sozial eta ekonomikora garamala seinalatu behar dugu. Horrela, zaintza lanen sozializazioa eta hauek gizarte osoaren gain jaustea ezinbestekoa ikusten dugu.
Etxeko zein soldatapeko zaintza lanak emakume langileongan erortzeak gure zapalkuntza ezaugarritzen duen elementu zentraletako bat bihurtzen du zaintza. Halaber, lan hauek baldintza txarretan egin behar izateak zaintza-zerbitzuen kalitatea okertzea eragiten du. Zaintza-lanen sektoreko lan baldintzek miseriara eta bazterketara kondenatzen gaituzte emakume langileok: soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak, ratio altuak, zaintza-lanak modu isolatuan egin behar izatea, antolakuntza politikorako baldintza zailak, eskubide politikoen etengabeko urraketa… Horren adibide dira borrokan ari diren langileen aurkako mehatxuak, %100eko gutxieneko zerbitzuak greba egunetan edota greba egiteko eskubiderik eza.
Zaintza-lanen miseriazko baldintzek interes ekonomikoei erantzuten diete: etekin ekonomikoa handitzeko, langileen lan-baldintzak okertzen ditu burgesiak, eta horrekin batera, zerbitzuen kalitatea okertzen dute. Esaterako, gainbalioa etengabe lortzeko beharraren aurrean, kapitalak adineko pertsonen zaintzaren orokortzea merkatu berri bat sortzeko erabili du, Zilarrezko Ekonomia izenekoa.
Zaintza sektoreko emakumeon lan-baldintzak hobetzeko ezinbestekoa ikusten dugu guztiok soldata bera edukitzea; lan partzialen lan-orduak gehitzea eta modu jarraian jartzea; aldi baterako kontratuekin amaitzea, lan-kontratuak egonkortzeko; dietak ordaintzea; ratioak jaistea, eta abar. Baina argi daukagu aldaketa hauek guztiak zapalkuntzarik eta esplotaziorik gabeko gizarte baten eraikuntzan kokatu behar ditugula, gizarte kapitalista barruan hauek gauzatzea ezinezkoa ez ezik, klase politikoen aurpegi zuriketarako erabili daitezkeen aldarriak baino ez direlako.
Greba guztion bizi baldintzak zein baldintza politikoak hobetzeko eta indarrak batzeko tresna bezala ikusten dugu. Zaintzaren auzia problematizatzeko orduan hainbat proposamen politiko egon daitezkeen bezala, azaroaren 30ean aldarrikapen desberdinak egiteko eguna dela defendatzen dugu. Horrela, aldarrikapen sozialistak egiteko eta norabide horretan mobilizatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, interes pertsonalei zein alderdikoei erantzunda egindako grebaren potentzial iraultzailearen galera seinalatuz.
Greba orokor feministatik egin den zaintzarako eskubide kolektiboaren aldarrikapena erakunde publikoei zuzendutako aldarrikapena dela ikusten dugu, hauek oraindik aldaketarako agente moduan identifikatzen dituztelako. Honekin batera, enpresa eredu berrien eraketaren aldarrikapenarekin merkatu kapitalistaren eraldaketa exijitzean, emakume langileon zapalkuntza mantentzen duen sistemaren betikotzen duten aldarriak egiten dtuzte.
Itaiatik argi daukagu instituzio kapitalistak zein enpresek, hauen izaera edozein izanda ere, langileriaren baldintzak hobetzeko inolako gaitasunik ez dutela. Borroka batek eta zehazki, greba egun batek, emakume langileon interesak defenda ditzan, beharrezkoa ikusten dugu aldarrikapen politikoak gizarte sozialistaren eraikuntzaren barruan kokatzea.
Greba testuinguruarekin, Itaiatik zaintza auzia problematizatzea, horri aurre egiteko aldarrikapen politikoak mahaigaineratzea, eta ahalik eta emakume langile gehien antolakuntza politikora batzea bilatzen dugu. Horretarako, Euskal Herirko 50 auzo eta herri baino gehiagotan asanbladak sortu ditugu eta lekuan leku, zaintza- eta garbiketa-lanen sektoreetan borrokak abiatu dira; enpresen esplotazioa salatu dira; instituzioek eskaintzen dituzten ogi-apurrek emakume langileon errealitatean lekurik ez dutela adierazi da… Hori guztia egitean, aldarrikapenak plazaratu ditugu, hauek ekarpena egin behar baitiote garatzen ari garen antolakuntza politikoari, apurka-apurka baldintza politikoak hobetzeko.
Hau guztia dela eta ITAIAtik mobilizazio ezberdinak egingo ditugu “Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat!” lelopean. Iruñerrian:
Azaroak 30, 12:30etan Nabarreria Plazatik.

Gehiago