JARRAI DEZALA UDABERRI KULTURALAK

Aldaketaren Gobernuaren 4 urteko lanak eman ditu bere fruituak: Iruñeak loraldi kultural bat bizi duela baieztatu dezakegu zalantza izpirik gabe. Hiriko ate eta leihoak zabaltzera eta oxigenoari ekartzera etorri ginen, hiritarrek eta artistek Iruñea eta bere auzoetako bizitza kultural eta artistikoaren parte aktiboa bihurtzeko helburuarekin.

Maider Beloki Unzu Iruñeko EH Bilduko zinegotzia

2019-ko irailak 23

Ez da nolanahiko lana izan, baina aldaketaren indarrek eta kolektibo eta agente kulturalek elkarlanean egindako esfortzuari esker gaur irekiera hori arnastu dezakegu. Urtetan zehar amestu dugun aire freskoak girotu du Iruñeko kultur agertokia. Amets hori uda honetan gorpuztu da. Bai, Iruñeko udak bizi eta kultur jarduerez blai daude orain! Eta horrela gozatu ditugu.

Kultur ikuspegi batetik, Iruñeko uda Txantrean hasi zen kultura kale eta auzoetara zabaltzea helburu duen “Auzokale” proiektu berritzailearekin. Antzerkia, musika, erakusketak, zirkoa eta zinea Iruñeko karriketara egin dute jauzi. Programazio kolaboratibo hori beste auzo batzuetara ere zabaldu da programa ezberdinen bitartez: “Etxabakoitz sutan” flamenkoa protagonista hartuz; musika, kale artea, zirkoa eta haur jokoak ardatz dituen “Mendillorri Auzortzen”; “La Mila de Oro” egitarauak auzoko artisten erakusketak eta musika ekitaldiak bultzatzen ditu; San Jorge… de calle” programak ipuin kontalariekin eta “La Rochapea de muestra”ko saioak. Txantreako udako solstizioari ‘Festival Rincones y Recovecos’ antzerki eta dantza jaialdiaren lehen edizioak hartu zion lekukoa, Ziutadelako Hiriartea programazioaren baitan.

Arnasa hartzeko ia betarik gabe, Sanferminak genituen atean zai, gure jaiak, espontaneoak, alaiak, guztionak. Dantzatzera eta hunkitzera bultzatzen gaituzten jaiak. Sanferminetako mahai zabalak baliatuz, hiritarrek eta Udalak indarrak batu dituzte gure jaiak munduko jairik onenak izan daitezen. Eskutik helduta, kolektibo eta instituzioa, kultur programazio berritzaile bat landu dugu egitarau tradizionala osatu asmoz, gazte eta haurren programazioan esfortzu berezia eginez. “Birjolastu” edo “kirolari” espazioak sormena, jasangarritasuna, kirola eta interakzioa bezalako baloreak bultzatzen dituzte. “Foru Gazteak” espazioaren programazioa elkarlan horren beste arrakasta bat izan da, gazteen artean kontsumo arduratsua eta espazio segurua sortuz. Konpainia Plazak hobekuntza prozesu bat bizi du, jazz eta munduko musiken kultur oasia bilakatuz. Zezenketak atsegin ez dutenentzat ere arratsaldeko programazioa zabaldu dugu Gaztelu Plazako emanaldiekin eta Sarasate Pasealekuko eskenatokiarekin. Eta guztiari distira emateko “Kalejira Mazedonia”, hiriko aniztasunari egindako omenaldia. Aldaketa hauek guztiek erantzun positiboa izan dute hiritarren partetik, eta programazio berritzailea, doakoa, kalitatekoa eta anitza bermatu dugu, emakume eta artista lokalen presentzia bermatu duten kriterioak gehituz.

Uztaila atzean utzi eta Abuztua ere indarberritua iritsi zen “Harresietako Jaialdiak” hiriko harresiak kale artez, dantzaz, antzerkiz eta zirkoz jantzi zituelarik. Laugarren edizio honek guztiz finkatu du jaialdi hau, kultur programazioaren erreferente bilakatuz. Dantza eta zirkoko arratsaldeetatik, Alde Zaharreko balkoi eta kaleetara, eta Basotxora era egin dugu salto Flamenko doinuekin, kalitateko eta doako programazioa eskainiz. “Flamano on Fire” festibala udako hitzordu garrantzitsuenetakoa dugu jada. Publikoaren erantzun onak baieztatzen du Aldaketaren Gobernuak jaialdi hau kalera ateratzeko egindako apustua zuzena izan zela. Amaitzeko, flamenkotik rock garaje amerikarrera. “Pim Pam Ville” jaialdiaren 3 edizioek iraila hasierako hitzordu garrantzitsu bat markatu dute Batasunaren Pribilegioaren harira.

Udal egitarau eta ekoizpen propioan aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugula argi dago, ikus entzuneko sormenari ere lekua eginez: adibidez, artearen bidez neguko gau luzeak argitzea helburu duen “Bestelako Argiak” festibala. Edo “Ibaiertzean”, musika eta komunitatea uztartzen dituen ekimena. Baita “Garaikide”, euskarazko sormen artistiko garaikidea bultzatzeko tresna gisa.

Aldaketaren Gobernuaren beste lan ildo nagusi bat hitzarmen eta diru laguntzen bidez auzoetako jaiak bultzatzea eta Sanfermin Herrikoiak berreskuratzea izan da, Herri Sanferminak, Ikastolen Federazioa, Etxe Regionalak, edo aniztasunaren kolektiboei lekua eginez. Eragile musikalekin batera festibal berriek argia ikusi dute lau urte hauetan zehar: Iruñea Rock edo Turmalina kasu. Elkarlanaren arloan, “Zinetika”, “Beltza Weekend” edo “Santaspascuas” festibalek Iruñeko kultur ekosistema handitzen lagundu dute, Iruñeak hain beharrezkoa zuen freskotasuna ekarriz.

Iruñearen kultur loraldia lan sakon eta arduratsu baten emaitza da. Uda hau anitza, kolaboratiboa eta bizia izan da, lau urte huetako kultur kudeaketaren adibide garbia. Kultura ulertzeko eta lantzeko ikuspegi berri honetatik jaio dira kolektibo eta Udalaren arteko elkarlana eta hamarnaka festibal berri, kultur ekimen berri eta entzutetsuak, kultura kalera atera eta publiko berrietara iritsi direnak. Iruñeak hainbeste urtez espero genuen udaberri kulturala bizi du, eta ezin da amaitu. Kultura, Iruñea eta ongi egindako lana ideologia politiko eta gobernu aldaketen gainetik daude. Udaberri berriak jarraipena izan dezan apustu egin dezagun.

Gehiago