Jarauta kaleko etxebizitza blokearen etxegabetzearen aurrean

Manifestu hau sinatzen dugun kolektibook salatu nahi dugu Iruñea Biziberritzen udal enpresak nola jardun duen Jarautako etxebizitza-blokeen okupazioaren aurrean. Zenbait pertsona, tartean adingabeak dituzten familiak, genero-indarkeria sufritu duten emakumeak eta emantzipatzeko arazoak dituzten gazteak, pisu huts horietan bizitzera sartu ziren duela egun batzuk.

2023-ko azaroak 18

Horren aurrean, sarbide-kontrol bat ezarriz, inor etxera berriz sartzea oztopatu zuten. Familia batek, poliziaren beldur, ez du berriz sartzerik izan, eta beste batzuek beren etxeetan eutsi zioten atzora arte. Denbora pasa ahala presioaren eraginez hutsik gelditu diren etxeak hustu egin dituzte eta sarraila aldatu diete. Eta atzo, azaroaren 16a, polizia-dispositibo erraldoi batek azken bi etxebizitzak etxegabetu zituen. Ustez, kautelazko neurri baten aitzakipean exekutatu zituzten azken etxegabetze hauek, aldez aurretiko abisurik eman gabe eta kautelazko neurriaren argudiorik zein defendatzeko aukerarik eman gabe. Hortaz, bost egunetan zehar sarbide-kontrol poliziala mantendu ostean, etxebizitza guztiak etxegabetu dituzte, bertako bizilagunei defentsa juridikorako aukerarik eman gabe.

Bloke horretako bizilagunak legez kanpo setiatu dituztela ikusi dugu. Gainera, argi gelditu da Udalak etxebizitzak legez kanpo hustu dituela, modu eskandalagarrian. Horiek horrela, oinarrizko eskubideak urratu dira, hala nola etxebizitzaren bortxaezintasuna edo pertsonen zirkulazio librerako eskubidea.

Ekintza horien arduradun politiko konkretuak nor diren seinalatu nahi dugu: Iruñeko Udaltzaingoa, Pamplona Centro Histórico-Iruñea Biziberritzen eta Izaskun Zozaya Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzia. Legeak ezarritako bideei jarraitu beharrean, beren etxebizitzak uztera behartu dituzte bizilagunak, setioa ezarriz. Horrez gain, azpimarratu nahi dugu Udala gezurretan ibili dela, esanez familia bakarra zegoela barrenean eta eskainia ziotela alternatiba bat. Esan beharko lukete, hiru eguneko setioaren ondoren eta bi etxebizitza hustuta, haurrak dituen familia bakarra gelditzen zela blokean asteazkenera arte, eta haren etxera sartu eta haurren zaintza kentzearen mehatxupean, aldi baterako alokairu bat eskaini ziotela.

Dokumentu hau sinatzen dugun kolektibook argi diogu jokabide hori ez dela onargarria, eta eskubide politiko oinarrizkoenak nabarmen urratzea dakartela. Kezkagarria iruditzen zaigu etxebizitzaren arazoa nola ari den larritzen, eta uste dugu era horretako ekintzek pertsona zaurgarrienak babesgabeago egiten dituztela. Kezkatzeko modukoa da milaka maizterrek, egunerokoan etxejabeek egiten dizkieten askotariko gehiegikeriak jasateaz gain, erakunde publikoen jokabidea ere sufritu behar izatea. Erantzuleei exijitzen diegu har ditzatela dagozkien erantzukizunak.

Etxebizitzarako sarbide unibertsalaren alde, sala ditzagun legez kanpoko etxegabetzeak.

Sinatzen dute: Kontseilu Sozialista, CNT, ESK, CGT, Salhaketa, Haritu, PAH Berriozar, Zabaldi, Martes al Sol, SOS Racismo, Sanduzelai Sare Soziala eta Jarauta kaleko hainbat taberna eta lokalak.

Gehiago