Iruñeko udalean hizkuntz profilak eskas
Iruñeko Udaleko plantilla organikoa argitaratu zen 2017ko martxoaren 8an. 1.615 lanpostuetatik euskarazko hizkuntz profila 51 lanpostuk daukate (% 3’16). Egun berean, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia organismo autonomoko plantilla organikoa argitaratu zen. 33 lanpostu dira, euskarazko hizkuntz profilik gabekoak guztiak.
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2017-ko apirilak 11
Nafarroako Gobernuaren azken Inkesta Soziolinguistikoan, Iruñeari dagozkion
datuak hauexek dira: Biztanleen % 10’5 euskalduna da eta % 11’4 euskaldun
hartzailea (euskara ulertzen duena, ongi hitz egiteko gai izan gabe). 16 urtez
beherakoen artean % 25’1 dira euskaldunak eta % 11’9 euskaldun hartzaileak. Joera
nondik nora doan adierazten du honek.
Bestalde, Iruñeko Udal berri honek 32 lan deialdi eginak ditu agintaldi honetan.
19 deialditan ez du puntuatu euskaraz jakitea. Beste 10etan prestakuntza txandako eta
txanda irekiko zerrendak osatu ditu, eta prestakuntza txandako zerrendetan ez du
puntuatu euskaraz jakitea (kontratazioetan, prestakuntza txandako zerrendek dute
lehentasuna). Txanda irekiko zerrenda horietan, 8 deialditan, euskarari 10 puntu eman
zaizkio eta ingelesari 8. Zergatik ematen zaie kasik puntu kopuru berbera? Euskara
Nafarroako hizkuntza da, zerbitzu emateko baliagarria; ingelesa, berriz, ez (postu
horietan behintzat). Gainera, euskaraz eta ingelesez dakienari ez zaizkio 18 puntu
ematen; hizkuntzak jakiteari 10 puntu ematen zaizkio gehienez ere. Txanda irekiko
zerrendetan, behin eskatu du derrigorrez ingelesa jakitea eta 2 aldiz eskatu du
derrigorrez ingelesa edo frantsesa jakitea. Ordea, horietan euskara ez zen
nahitaezkoa.
Hala ere aitortu behar da aurreko agintaldiaren aldean euskara gehiago eta
deialdi gehiagotan puntuatu dela.
Plantilla organikoaren gaiari berriz helduz, gure ustez, kalkulu honen arabera
ezarri beharko lirateke hizkuntz profila duten postuak: Iruñeko euskaldunen
portzentajea + euskaldun pasiboen portzentajea + % 2. Hau da, Iruñean % 23’9. Esan
bezala, gaur egungo plantillan % 3’16 dira.