Iruñeko Udalean, agiri bat euskaraz izateko urte eta erdi
Iruñeko Udalean, helbide fiskala aldatzeko agiria sortzen du erroldako programa informatikoak: Bi lerroko agiria da.
AET Administrazioan Euskaraz Taldea
2017-ko maiatzak 15
2015ean egin zen lehenbiziko eskaera, Iruñeko Udaleko Erregistroan, agiri hori
euskaraz ere eman zedin, eta 2015eko abuztuan Udalak erantzun zuen baietz,
euskaraz ere eman behar zela, eta horretan ari zela, baina egokitzapen informatiko
batzuk egin behar zirela.
Baina 2017an egoerak bere horretan dirau. Hala, Arartekoak 2017ko otsailaren
13an gogorarazi zion herritarrek eskubidea dutela Administrazioei euskaraz egiteko eta
erantzuna ere euskaraz jasotzeko, baina Iruñeko Udalak, berriz ere, erantzun zuen
“horretan ari zela”.
Gai honetan aipatzekoa da Nafarroako Administrazio Auzitegiak izan duen
jokabidea. Nafarroako Administrazio Auzitegia Nafarroak duen erakunde berezia da,
doakoa, herritarrek kexak bidera ditzaten udalen kontra, uste baldin badute ez dutela
Legea betetzen. Nolabait, “udaletarako ararteko” bat da, baina desberdintasun handi
batekin: Epaiak nahitaez bete beharrekoak dira, Arartekoarekin ez bezala. Bada, gai
honetan ere kexa jarri zen Nafarroako Administrazio Auzitegian, baina 2015eko
abuztuaren 7an Iruñeko Udalak eskaera onartu eta “horretan ari zela” erantzun
zuenez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak bukatutzat eman zuen afera, iritzirik
eman gabe. Eta gaur egun Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du Iruñeko Udala
behartu nahi bere hitza betetzera, “horretan ari zela” erantzun zuelako, eta gaia
bukatutzat ematen duelako.
Beraz, Nafarroako udalek badakite zer egin behar duten Nafarroako
Administrazio Auzitegiaren aurrean: Kexen aurrean baietz erantzun, “horretan ari
direla”, eta beren hitza sekula ez bete.
Eta irakurleren batek helbide fiskala aldatzeko agiria euskaraz nahi badu, lasai
egon bedi: Iruñeko Udala horretan ari da.