Iruñeko euskal Haur Eskolak kinka larrian

Iruñako Udal Haur Eskoletako langile bezala kezka larria eta ziurgabetasuna sentitzen dut Euskararen ereduan lanean dihardugun guztion etorkizuna dela eta.

Iruñeko Udal Haur Eskoletako euskal lerroko hezitzaile eta zuzendariak

2020-ko maiatzak 26

Ekaina badator eta
oraindik ez dakigu hurrengo ikasturtean gaurko lanpostuetara itzuliko garen, beste eskola
batera joan beharko dugun edota are okerrago, kalean geratuko garen, beste kezka bat
erantsi behar COVID-19aren eraginez bizi dugun garai zail honi. 

Gutariko askok urteak eman ditugu oposaketak prestatzen eta ikasten, iaz azkenik, 91
plazako EPE deialdia heldu zen. 2019ko ekainaren 19an, ordea, gure familietan behar
dugun sosegu eta egonkortasun laboral eta pertsonala ekarri behar zuen egoera
dinamitaturik geratu zen. 

Bizitza osoko gure ametsa zapuatuta geratu da deialdia ezabatzearekin batera eta, halaber
lana, familia eta ikasketak harmonizatzen emandako urteak ere zakarrontzira jaurtiak izan
dira. Non geratzen dira orain iritsezinak ziren azterketak prestatzen gure familiei eta seme-
alabei lapurtu dizkiegun orduak? Nork itzuliko digu orain denbora hori? Hala eta guztiz ere,
urte horietan guztietan saiatu gara egunero proiektu pedagogiko bat sortzen, mimatzen eta
aberasten. Proiektu horrek, Hezkuntza-talde eta Eskola gisa nortasuna emateaz gain,
familiak integratu eta haien seme-alaben bizitzako zati garrantzitsu horren partaide egin
nahi ditu, 0-3 etapan, hain zuzen ere. 

Etapa hau, ez dezagun ahantzi, haurren garapenean funtsezkoa da, non garapen afektibo,
sozial, kognitibo eta motorraren oinarri eta balio hain garrantzitsuak sakontasun handiz
finkatzen diren. 

Partaide garen guztion ahaleginez, poliki-poliki lortu dugu bertan integratzen diren kultura
ezberdinekoentzat Euskal Udal Haur Eskolak leku goxo eta abegitsuak izan daitezen,
familiekin harreman maitekor, hurbil eta errespetuzkoa sortuz. Hemen hartzen du familia
hitzak duen garrantzi berezia jardun profesionalean ere, urte hauetan ehuntzen aritu
baikara harreman ireki eta sanoak eskolako lantalde pedagogikoko partaide guztion
artean. Horregatik esan dezakegu gaur ekipo bat baino askoz ere gehiago garela. 

Hezkuntza arloko zein sozialak diren balio eta printzipioak partekatzen ditugun familia
osatzen dugu eta horregatik sentitzen gara hain proiektu eder baten parte, bihotz-
bihotzean daramagulako. Horrela bada, nola izango gara gai hau guztia mantentzeko eredu
aldaketak hezkuntza lantalde osoa birrintzen badu? Ez al da hobe, lortu den guztia desegin
baino, proiektu koherente eta errespetuzko batean urte luzez lanean aritu den ekipoak
elkartuta jarraitzea, eskolako hizkuntza behikularra zeinahi izanda ere? 

Ez al da garrantzitsuagoa haurren onerako erreferentziazko hezitzaileen jarraikortasuna,
adin hauetan oinarrizkoa den lotura afektiboa eraikitzen laguntzeko? 

Haratago joanda, haur eskolen hizkuntza eskaerarenaren gaineko inkesta esku artean,
Iruñeko Haur Eskoletako Organismoko presidentea den Fernando Sesmak emandako
datuak ikusita, familien heren batek baino gehiagok seme-alabak euskara hutsezko eskola
batean matrikulatuko lituzke. Ez al da erabat kontraesankorra datorren ikasturterako
eskainitako plaza kopurua horrenbeste murriztea eta Iruñea osorako eskola eta erdia
uztea? 

Zertarako egin inkesta datorren ikasturterako eskaintza murrizteko erabakia hartua
zutenean?
Ikasturtea bukatzear dago, aurre-matrikulazioa martxan dago jada eta gaur gaurkoz
euskarazko hezitzaile lan-taldeeekin zer gertatuko den arrastorik ere ez. Covid-19 garai
honetan bizitzea ez da xamurra izaten ari, are gehiago langileok datorren ikasturtean lan
egiterik izanen dugun ez dakigularik, behin eta berriz argibideak eskatu baditugu ere gure
lanpostuek zalantzan jarraitzen dute. 

Umeak euskaraz eskolatu nahi dituzten familiak ere ziurgabetasun erabatekoan
alternatiben bila ari dira, euskarazko plazak sistema publikorako berreskuratu bitartean
Herri Haur Eskola bat sortu eta martxan jartzeko lanean ari dira. 

Antoine Saint-Exupéry-k zioen bezala: “ Heldu guztiak, ahaztuta badaude ere, noizbait ume
izan dira”. Iruñean ere ahaztuta dabiltza nonbait eta haurren eskubide eta ongizatearen
kaltetan lehentasuna ematen diete batzuk unean uneko interes politikoei eta bidenabar,
gizarte hobe bat eraikitzeko bidean erabateko bokazioz dugun onena ematen dugun
profesionalak gutxiesten gaituzte.

Gehiago