Iruñeko auzo guztietan euskarazko hezkuntza eskaintza nahi dugu

Iruñeak 13 auzo ditu eta 200.000 biztanle inguru. Euskarazko hezkuntza eskaintzari dagokionez, erabateko garapen desorekatua dauka.

AET Administrazioan Euskaraz Taldea

2016-ko otsailak 17

Orain dela 2 urte haur eskola publikoetan 12 auzo eta 180.000 biztanle inguru (% 90) euskarazko eskaintzarik gabe zeuden. Hau aldatzen hasi zen iaz eta datorren ikasturtean aldaketa nabariagoa izanen du.

Haur Hezkuntzan eta Lehenengo Hezkuntzan 5 auzo eta 72.500 biztanle inguru (% 36) euskarazko eskaintzarik gabe daude. Zehatz-mehatz: Zabalgunea, Ermitagaña-Mendebaldea, Etxabakoitz, Donibane eta Azpilagaña.

Bigarren Hezkuntzan 9 auzo eta 124.000 biztanle euskarazko eskaintzarik gabe daude. Hau da, Txantrea, Donibane, Iturrama eta Mendillorri izan ezik, auzo guztiak.

Administrazioan Euskaraz Taldeak hauxe eskatu dio Nafarroako Gobernuari, Erregistroan sartutako eskaera baten bidez:

Haur eta Lehenengo Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan euskarazko eskaintza ziurta dezala Iruñeko auzo guztietan.

Era berean egitea, Haur Eskolei dagokienez, Iruñeko Udala ez bada gai bere kabuz eskaintza hori bermatzeko.

Gabezia hori dutenak Iruñeko auzoak direnez gero, Iruñeko Udalari ere eskatu diogu beharrezko gestioak egitea hori konpontze aldera, Nafarroako Gobernua bide horretarantz bultzatzeko.

Iruñean, 2016ko otsailaren 16an.

Gehiago