Iruñeak desalojatzen du

Joan den ostegunean, martxoak 21, Jarauta kalean kokatutako pisu okupatu baten desalojoa gauzatu zen, Pamplona Centro Histórico – Iruña Biziberritzen SA udal enpresak, pisu honen (eta eraikin osoaren) jabeak, eskatuta.

Iker N. B.

2019-ko martxoak 25

Une desatseginak bizi izan genituen goiz hartan: Jarauta kalea munipaz josita, mehatxuak bertan protesta egiteko bildu ziren pertsonei, pisu bakarra desalojatzeko ebazpen judiziala zuten arren gainerako pisuetara etengabe deika ibili eta sartzeko saiakerak… Ezin ahaztu Iruñeko Udaletxearen menpeko enpresa dela PCH. Haren jatorria gogora ekar dezagun: 2003. urtean sortu zuen PCH UPN-ren gobernupeko Iruñeko Udalak, Yolanda Barcina orduko alkateak Enrique Maya hirigintza-gerente izendatu zuenean. Denbora gutxira Euskal Jai frontoia erosi zuten enpresa honen bitartez, eta denok oroitzen dugu gero gertatutakoa. 2004. urteko abuztuan Euskal Jai gaztetxea bortizki desalojatua eta eraitsia izan zen, orduan PCH-ren jabetzako eraikina zelarik.

Egun hauetara itzuliz, PCH-k ahoa betetzen du alde zaharreko etxebizitzen biziberritzearekin eta euren etxebizitzen erabilera “sozialarekin”, baina hasieran aipatutako Jarauta kaleko eraikinari dagokionez, 2016ko otsailaren 18an esleitu zitzaion enpresa bati hura eraisteko obren proiektua idaztea, eta 2017an aurreikusten zen proiektu hori onartzea. Kontrara, ez genuen berriro proiektu haren inguruko albisterik izan 2018ko amaierara arte, eraiste-obren hasiera 2019ko azkenengo hiruhilekoan aurreikusten zutela baieztatu zutenean (ikusteko dago ea oraingoan eurek markaturiko epeak beteko dituzten…). Eta bitartean, eraikina hutsik nahi dute. Hori da instituzioen prozedura burokratikoek euren jabetzako espazioentzat gordetzen duten patua; hutsik mantentzea, etxebizitza-merkantziaren logika absurdua betikotuz: hainbat eta hainbat etxebizitza hutsik, hainbat eta hainbat pertsona etxebizitzarik gabe, edo etxebizitza duin bat izateko ikaragarrizko zailtasunekin. Azken finean, instituzioak, bankuak eta enpresak bezala, ezin dira etxebizitza-merkantzia logika kapitalistaren erreproduzitzaile huts izatetik pasa, sistemak berak ezartzen dizkien mugengatik, eta era horretan haien ustezko izaera “publikoa” gorabehera espekulazioaren partaide izaten dira. PCH-ren jarduna bera ere zalantzan jar genezake: nori egiten diete mesede haren proiektuek? Diru publikoarekin zenbat enpresa aberasten dira prozedura hauetan? Zein auzo eredu nahi dute Alde Zaharrarentzat? Zergatik Alde Zaharreko zenbait eraikin eraisteko interes hori “etxebizitza soziala” eraikitzearen aitzakipean, Udaletxeak haren jabetzan erabilerarik gabeko ehuna etxebizitza dituenean, horiek etxebizitza sozial gisa erabiltzeko?

Beste alde batetik, Jarauta kaleko aipatutako pisuaren desalojoaren egunean bertan Naiz.eus hedabidean haren inguruko albiste bat publikatu zen, informazio faltsuz jositakoa, eta hura gezurtatzeko beharrean nago. Albiste horretan Iruñeko Udalaren bertsioa erreproduzitzen da, zeinaren arabera “PCH-k akordio bat lortu zuen etxebizitza hartan bizi zen pertsonarekin, ondorioz ardura jakin batzuk bere egiten zituelarik, eraikina egoera ezegonkor batean zegoela kontuan hartuta. Akordio honek ziurtatzen zuen pertsona honek etxebizitza hartan bizitzen jarrai zezakeela”. Hasteko, aipatzen duten akordioa ez da inoiz existitu. Udalarekin zuzenean izandako elkarrizketa bakarraren arabera, eraikinerako aurreikusitako obrak hasi arte (lehenago esan bezala, 2019aren azken hiruhilekorako aurreikusiak), ez zeukaten hura hustutzeko ezta inor desalojatzeko asmorik. Horra arte ados, eraikin horren obrak hasi aurretik alde egiteko asmoa neukan; baina hura nire sorpresa otsail amaieran martxoaren 21erako kaleratze-agindua jaso nuenean, mahai gainean inolako obrarik ez zelarik, noski. Albisteak jarraitzen du: “Akordio batera iritsi ostean, pertsona honek atzo bertan [martxoak 20] jakinarazi zuen hari uko egiten ziola”. Lotsa gutxi izan behar da gero hori baieztatzeko, ustezko akordio horretan haiei zegokiena ez bete (non daude eraikinaren obrak?) eta desalojoa baino egun bat lehenago ekain hasierara arte bertan egotea ahalbidetuko lidakeen dokumentu bat bidali zidatenean, nik sinatu nezan. Hori negoziatzeko era, desalojo-agindu bat mahai gainean, kaleratzearen data baino egun bat lehenago dokumentu bat bidaltzea, ekainaren 1a baino lehenago (oraindik obrentzako datarik gabe; non dago diozuen akordio hori?) giltzak “era baketsu” batean eman diezazkiedan. Txantaiaren negoziazioa da; edo sinatzen duzu edo bihar bertan botako zaitugu. Baldintza horietan, noski, ez nuen ezer sinatu. Eta gainera, orain akordioaren domina zintzilikatu diote euren buruari. Jokaldi borobila. Azkenik, albistearen amaieran zera irakur daiteke, Iruñeko Udalaren hitzetan: “ez dugu inor kalean uzten”. Bada, haietako inor ez da kezkatu desalojoaren ondoren niri bizitzeko leku bat bilatzeaz; nire lagun batzuei esker izan dut egun hauetan lo egiteko lekua. Hori al da kaleratze baten aurretik “etxebizitza alternatiba” bat ziurtatzea?

Amaitzeko, gadera bat bota nahiko nuke. Zergatik kaleratzen du Iruñeko Udalak Alde Zaharreko bizilagun bat urteak hutsik emango lituzkeen etxebizitza batetik, zeinarentzat (gainera) une honetan ez dagoen obrarik mahai gainean? Eta, azaldutako guztiaren atzetik, agerikoa dena, baina esateko beharrean nagoena: Iruñean desalojatzen da, gobernuan dagoen alderdia edozein delarik ere.

Gehiago