Iruindarrok plazara!
Herri Sanferminak erdigunean antolatzen jarraituko dugu, iruindarrok gure jaietako protagonista nagusiak garelako.
Gora Iruñea! Jai herrikoi, parte hartzaile, feminista eta euskaldunen aldeko plataforma.
2017-ko martxoak 25
2016ko Sanferminen arrakastaren ondoren, aurtengo Sanferminei begira aspaldi hasi
ginen lanean Herri Sanferminetako partaideok. Aldaketen Sanferminak izan ziren pasa
den urtekoak, eta norabide horretan sakontzea dagokigu herri eragileoi. Urteak eman
ditugu Iruñeko bizitza sozio-politikoan baztertuak, eta Udalean emandako aldaketari esker
ate ezberdinak zabaltzen hasi dira herri mugimendua osatzen dugun eragileontzat.
Sanferminetako mahaiaren parte hartzea zabaldu eta handitu egin da, bazen garaia!
Egun, Iruñeko egunerokoan lanean ari garen hamarnaka eragile bertan gara partaide.
Bertan, jai ereduaren gaineko hausnarketa eta ekarpena egiteko aukera dugu eta
etorkizun hurbil batean benetako mahai erabakiorra osatzea izanen da gure lehentasuna.
Askotan esan dugu, herritarrok gure jaietako protagonista nagusiak izan nahi dugu, jaiaren
erdigunean ikusi nahi dugu gure burua. Horretarako, jaiaz gozatzeaz gain, jaiak ere
antolatu nahi ditugu.
Baztertuak izan gara urtetan, eta iazko Sanferminetan erdigunera egin genuen jauzia.
Baztertuak izatetik plazara salto egin genuen, euskara plazara, emakumeak plazara, gure
kultura, gure ohiturak, auzolana… plazara eraman genituen. Lehenengo eta behin,
bertakook eskubide osoa dugulako gure jaiak nahi moduan antolatzeko. Eta bigarrenik,
mundu mailan ezagunak diren jaien erakusleihoa aprobetxatuta, plazaren erdira eraman
genuelako bestelako jai eredu bat. Guztion ahaleginaren bidez egingarria den jai eredu
parte hartzaile, herrikoi, euskaldun, feminista bat, eta baita ekologikoagoa, anitza,
kulturala eta antikapitalista ere.
Hausnarketa eta eztabaida prozesu sakona eman genuen aurreko urtean zehar herri
eragile ezberdinok. Jai eredua jo mugan, guztion ekarpena ezinbestekoa izan zen Herri
Sanferminak garatu ahal izateko. Jai eredu eraldatzailea dugu helburu, bestelako hiri
eredu batean aldeko hautua egin dugu. Eta horretarako herri eragileon arteko elkarlana
eta auzolana oinarri, plaza txikietarako jauzia burutu genuen. Eredu hurbila, herritarron
arteko harremanak sendotzen dituena, parte hartzeari irekia, belaunaldi ezberdinen
topalekua izan ziren plazak eraiki genituen, plaza jasangarriagoak bilakatu genituen,
ekosistemarekin konprometituagoak eta bizilagunekin ahal den heinean elkarbizitzan
oinarritutako plazak.
Eta ildo horretatik ari gara 2017ko Herri Sanferminak prestatzen. Aurtengo apustua ere
plaza txikien aldekoa da, jaiaren erdigunean kokatzen diren plazak. Erdigunean jarraitzeko
gure irmotasuna adierazi nahi dugulako, iruindarron kokaleku naturala hori delako,
plazaren erdian. Plaza txikietan gune xumeak eraikiko ditugu aurten ere, azken urteetako
irakaspenetako bat gune handiek sistema kapitalista heteropatriarkatuaren baloreak
erreproduzitzeko erraztasunak ematen dituztela izan delako. Plazek gure baloreak
zeharka lantzeko aukera ematen digute eta baita balore hauen normalizazioa lortzeko
aukera ere. Eta horregatik plazaren erdian euskaraz libre bizitzeko hautua egina dugu,
emakumeak aske bizitzeko hautua, auzolanean, autogestioan, ezberdinen artean eta
modu jasangarriagoan jaiez gozatzeko hautua egina dugu.
Irrikitan gaude eratuko den Sanferminetako guneen mahaian parte hartzeko eta ilusioz
beteriko gure proiektua aurkezteko. Gainontzeko eragileekin batera planteamenduak
uztartzeko eta hiriari mundiala izango den eskaintza antolatzeko.
Guztion artean Sanferminak antolatzeko garaia heldu da. Aurtengo Sanferminetan ere
iruindarrok protagonistak.