Ion Rubenach St Martin de Ré espetxetik Iruñera

Jon Rubenach, Errotxapeako euskal preso politikoa.

2017-ko urtarrilak 5

Aupa Iruñeako kide eta lagunak!
Lehenik eta behin jaso ezazue besarkada bat St Martin de Ré espetxe honetan gauden euskal preso politikoen partetik.
Normalean presook, eguneroko borroketan txakurrei, zuzendariei edo barruko arazoei aurre egiten diegu, eta barruko dinamikak eramaten ditugu aurrera: plater errefusak, gose grebak, txapeoak, gutun bidalketak, patioko blokeoak egiten ohi dugu. Gutxiagoak dira kalera begira egiten ditugun ekimenak, gure benetako bataila kalean dugula jakin arren. Oraingoan aldiz, gure presentzia kalean bultzada bat izan daitekeelakoan, Kolektiboak esfortzu hori egitea deliberatu du.
KALERA KALERA dinamikak ematen digun aukera honen bidez egiten dugu gaur, baina etorkizunean bide berbera erabiltzeko asmoa badugu: kide gaixoen askatasuna eskatzeko, barruan bizitzen diren egoera bortitzak salatzeko, gure gertukoak jasan behar duten dispertsioa borrokatzeko, isolamenduarekin bukatzeko, gure eztabaidaren berri emateko, edota gure ekarpen politikoak egiteko. Herri eta auzoetan pizturik dauden sugarrekin batuko dugu gure garra. Zuen indarrak eta gureak bat egiteko unea heldu da. Kalera ateratzeko unea heldu zaigu, guztioi, zuei eta baita guri ere.
Inozoak ez gara ordea, bide zaila eta oraindik ere luzea itxaroten zaigula badakigu. Estatuak betikoak direla eta betiko tokian daudela norbaitek ahaztua bazeukan, Altsasun prestatu diguten operazioa kontutan izan dezan. Zentzu horretan, gu bahituta edukita, herri hau kateatuta mantentzeko asmoa dute. Eta haiek dute ziegetako giltza.
Horregatik, azken urteetan kokapen zaila izan duen “presoen gaia” ekuazio berri batean kokatu behar dugu. Inposatutako blokeoa gainditzeko gakoa gu preso egin gintuzten ideiengatik borrokatzea da, hau da, Euskal Errepublika sozialista eraikitzea da. Eta horretan guk daukagu giltza. Presoen aldeko borrokak, herriaren askatasunaren aldeko borrokaren sinonimoa izan behar du, eta borroka hori esparru oso anitz eta ezberdinetan egiten da. Beraz, eraman dezagun EH beste eszenatoki batera, jar dezagun guztion artean independentziaren bidean.
Berreskura dezagun borrokarako griña. Ilusioz eta pasioz. Gu, Kolektiboko kideok ekarpena egiteko prest gaude, zintzotasunez eta leialtasunez. Kontatu gurekin!
KALERA, KALERA
BORROKALARIAK KALERA
ZUEN INDARRAREN BEHARRA DIAGU
GURE INDARRAREKIN BATERA
Hasta la victoria siempre!
Amnistia eta independentzia

St. Martin de Ré espetxetik, 2016-ko abenduaren 8an

Gehiago