Injustiziaren kiribilean sakontzen: harresiak epaituak

2015eko maiatzaren 6an Ertzaintzak operatibo bat jarri zuen martxan zazpi euskal gazte atxilo hartu eta espetxeratzeko. Atxiloketak hastearekin jakin genuen Madrilgo Auzitegi Nazionalaren epaia: Segiko kidea izatea leporatuta, seina espetxe urte.

2016-ko urriak 6

Auzitegiak aintzat hartu zuen hilabete batzuk lehenago eta espetxeratzeen aurrean elkartasuna antolatzea eragotzi asmoz Ertzaintzak berak zuzenduriko eskaera. Epaia gazteei ezagutzera eman aurretik, eurei jakinarazteko eskatzen zuen polizia autonomikoak. Horrela, “prebentiboki” atxilotuko zituzten. Kondenatuari espetxera borondatez aurkezteko epea da ohiko prozedura, baina zer arraio. Beste salbuespen bat, salbuespena arau den lurralde bitxi honetan.

Hiru gaztek itzuri egin zioten sarekadari, ordea. Euren inguruan fisikoki gorpuztu zen guztiei adierazi nahi genien babesa eta konpromisoa. Hamar egun bizi, zoro, ezin intentsoago izan ziren. Malkoek, amorruek, elkartasunak, konpromisoak, ia denak egin zigun gainezka. Baita agendak ere. Euskal Herria laranjaz tindatu zuen astebeteko auzolan erraldoiaren ostean, maiatzaren 17an, Gasteizen elkartu ginen aurpegia margotuta, kamiseta laranjak eta ileorde koloretsuak soinean. Hiriaren plaza nagusia okupatu, eta Askegunea eraiki genuen bertan. Andra Mari Zuriaren enparantzan, izan nahi dugunaren lagin txiki bat irudikatu genuen: herri autoantolatua, elkar-laguntza oinarri duena, alaia, umoretsua, bizi-pozez betea. Astelehen goizean Ertzaintza agertu zen. Askegunea harresi bihurtu, eta behartzen gaituzten aldiro izateko prest gaudena erakutsi genuen: herri solidarioa, injustizien aurrean sumintzen dena, errepresioaren jomugan jartzen dituztenak gorputz eta arima babesteko prest dagoena, lege bidegabeak desobeditzen eta konfrontatzen dituena. 

Gasteizko herri harresiaren aurkako erasoa Ertzaintzak egindako guztietan bortitzena izan zen. Orduko argazki eta bideo-irudiek lekukotasun argia utzi zuten, eta gerora epaitegietan Ertzaintzaren aurka jarritako 40tik gora salaketak ere argigarriak dira. Momentuko bortizkeriaren ikuspegitik soilik ez, ondorio judizialei begira ere inoizko errepresiboena izan da. Orotara 15 lagun inputatu zituen Barne Sailak. 13 pertsonari, kateatu edo beren buru gainetik pintura bota zutenak, desobedientzia eta erresistentzia hainbat delitu egozten zaizkie. Beste biri, agintaritzaren aurkako atentatua. Hamaseigarren bat inputatzen saiatu zen Ertzaintza gerora, berariaz egindako txosten mardul batean arduraduntzat joz, baina epaitegiak atzera bota zuen. 

Orain, epaiketa data batzuk mahai gainean ditugu. Urriaren 10ean Adam eta Oier epaituko dituzte. Abenduaren 13an Izaskun, Jon, Pablo, Xabier, Galder, Asier, Endika eta Iñaki. Guztiak salatzen ditugu bidegabekeria berbera dutelako oinarri; gaurkoan, ordea, lehendabiziko epaiketaren larritasuna nabarmendu nahi dugu. 

Agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak leporatzen dizkiete Adam eta Oierri. Ertzaintza erasotu eta lesionatu izana! Azala behar da gero. Ertzaintza akusazio partikular bezala aurkeztu da, eta fiskalak proposatzen dituenak baino zigor handiagoak eskatu ditu, bi urte Oierrentzako eta bi eta erdi Adamentzako. Finean, Barne Sailak eta Eusko Jaurlaritzak espetxean nahiko lituzkete biak. Oierren egoera bereziki delikatua da, zigorra edozein izanik ere espetxeratua izateko arriskuan dagoelako, aurrekariak baititu. Izan ere, harresia egin zenean hilabete eskas zeraman kalean, espetxean urteak egin ondoren. Zer dela eta zegoen harresian? Bada, besteak beste, Igarki babesteko, hiru gazte auzipetuetako bat izateaz gainera, haren lehengusu ere badena. 

Datozen epaiketak injustizia, ankerkeria eta surrealismoa dosi nekez altuagoetan nahasten dituen ibilbide luze baten geltokiak dira. 2010eko urrian, 28 gazteren aurkako sarekada egiten du Guardia Zibilak. Atxilotutakoak torturatu eta espetxeratu egiten dituzte. 2015ean, bost urtera, epaiketa: Auzitegi Nazionalak 21 errugabe eta 7 erruduntzat jotzen ditu. Modu ez bada ilegalean gutxienez alegalean 7 horietako 4 atxilotzea lortzen du Ertzaintzak. Beste hirurak atxilotzeko, ehunka pertsona egurtu, 70 zauritu eta 20 atxilotzen ditu. Hilabete batzuk geroago Gorenak 7 gazte terroristetatik 5 egiaz hain terrorista ez direla, are errugabe direla ebazten du. Beste biei kondena ia laurdenera murrizten die eta, zigorra betea dutenez jada, askatu egiten dituzte. Finean, salbuespen epaitegiak onartzen du, esplizituki modu batera eta inplizituki bestera, akusazioek juridikotik ezer eta politikotik dena zutela. Bien bitartean, gazte errugabe horiek –errugabeak baina torturatuak, espetxeratuak eta urtetan herrigintzarako neutralizatuak– babesteagatik, beste 15 herritarrek inputazioak jasotzen dituzte ordainetan. “Dena amaitua” (ja!): gaur errugabe ofizial direnak orduan babesteagatik, beste hainbat lagun epaituko dituzte egunotan. Baina ez Madrileko salbuespen epaitegietan eta Espainiako Gobernuak bultzatuta, baizik eta Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak gidatzen duen poliziak bultzatuta eta espetxealdi luzeko eskariak tartean. Marka da gero. 

Gauza asko aldatu dira 2010etik gaurdaino. Beste zenbait, ordea, apenas. 

Injustiziaren eta errepresioaren kiribilak etenik ez duela ematen du. Galde diezagutela guri eta auzipetuei, edo Troikaren aurkako protestengatik epaitutakoei, kateatze batengatik mozal legea aplikatu zieten 34 gazte independentistei, etxe-kaleratze baten aurka protestatzeko kaleratuaren etxera hurbiltzea debekatu dieten Kaleratzeak Stopeko kideei, aurreko asteburuan udaltzainek modu zakarrean ordu erdiz atxiki zituzten bi gazteei (beste nonbait herritar batek “bi neska gazte” pankarta bat jartzen ikusi baitzituen, eta haiek “gazteak” eta “neskak” izanik…). Gasteizkoak soilik eta azken hilabetetakoak dira adibide guztiak. Gradu eta ezaugarri ezberdinak, salbuespen logika zigortzaile berbera. 

 Gure elkartasunak ere ez du etenik. Atzo bezala gaur, legea eta justiziaren artean hautatzera behartzen gaituzten aldiro justiziaren alde egiten saiatuko garela esaten dugu. Atzo bezala gaur, gu zuek garela eta zuek gu zaretela esaten diegu auzipetuei. Atzo bezala gaur, elkartasuna eta konpromisoa aldarrikatzen eta praktikatzen dugu gure eskubide zibil eta politikoen alde. Urriaren 10ean, goizeko 9etan, Adam eta Oierri elkartasuna eta maitasuna helarazteko kontzentrazioa Gasteizko epaitegien aurrean.

Gehiago