Ikastoletako langileak hezkuntza burujabea eraikitzen. LAB Ikastoletako langileen egonkortasunaren defentsan

Urte luzeren ostean EAEko ikastoletako Lan-Hitzarmenen negoziazioa abiatu da, Nafarroako Ikastoletakoa aldiz, orain dela bi urte negoziatzen ari da. EAEn, LAB, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen eta EIBren artean egindako akordioen bidez lortu zen 2009an estatutik eta administrazio autonomikoetatik inposaturiko erreforma laboralaren eraginak neurri batean arintzea.

Txane Senar eta Iker Frade. LAB Ikastolak.

2018-ko urtarrilak 22

Baina hala ere, bi lurralde eremuetan
lan hitzarmenak 2009-10tik berritu gabe egon dira. Bi Lan-Hitzarmen
desberdinez ari bagara ere, LAB sindikatutik egiten ditugun aldarriak
norabide berean kokatzen ditugu; langile guztion egonkortasuna sendotzea
alegia. 

Langileon egonkortasuna defendatzea premiazko erronka dugu hezkuntza
sistema sendoa lortu nahi badugu. Hezkuntza komunitatea osatzen dugun
guztiok, hezkuntza proiektua propio sentitzeko, langileen parte-hartzea
eta egonkortasuna ezinbesteko baldintzak bilakatzen dira. Langileria
prestatua, formatua, parte hartzailea, gertukoa, familiak eta ikasleak
ezagutzen dituena… lortu nahi badugu, ezinbestekoa da lanpostuak
bermatzea. 

Lanpostuak suntsitzen direnean langileak birkokatzeko LAB eta Euskal
Herriko Ikastolen artean adostua dugun soberakin eta beharren prozedura
ezinbesteko tresna dugu. Administrazioak 2019tik aurrera ere errelebo
kontratuak bideratzeko aukera eskaini beharko du ezinbestean, hori baita
langileak ikastoletan birkokatzeari atea irekitzen dion giltza. 

Ikastoletan langileek administraziopeko sarean baino baldintza
okerragoak ditugu, lan berdina eta funtzio berdinak bete arren. Jauzi
hau are handiagoa da 0-3 zikloko langileengan, hezkuntza laguntza
espezialistengan eta zerbitzuetako langileengan. Hauek dira egun,
ikastoletan, lan baldintza kaxkarrenak dituzten kolektiboak, hau honela
izaki, hurrengo Lan-Hitzarmenetan errealitate hauek iraultzea izango da
gure erronketako bat, beste eskubide eta aurrerapen sozialak eskuratzea
ahaztu gabe ; soldatak eguneratu, jubilazio partzialak ahalbidetu,
lan-karga arindu…. 

Helburu hauek lortzeko, LABetik EAE eta Nafarroako ikastoletan ekintza
sindikala abiatuko dugu bi norabidetan. 

Batetik, gure eskubideen aldarriak ikastoletara eta kalera eramango
ditugu, EHIri ozenki esateko egonkortasunaren bidean urrats eraginkorrak
eman behar dituela. Gure helburua ikastoletako langileak dinamika
honetan bustitzea da eta horretarako hainbat bitarteko komunikatibo eta
aldarrikapen tresna sortu eta prest dugu. 

Bestetik, argi esango diegu Nafarroako zein EAEko Hezkuntza
administrazioei aurrean edukiko gaituztela baldin eta ikastoletako
langileen lan-baldintzak hobetzeko,ezinbestekoa den finantziazio egokia
eskuratzen ez bada. Ikastola osatzen dugun eragile guztion ardura izan
behar da administrazioa interpelatzea. Langileen eskubideak babestuko
dituen hezkuntza sistema komunala, burujabea, nazionala, doakoa,
euskalduna, parte hartzailea, feminista, autogestionatua, inklusiboa,
laikoa, aktiboa eta kritikoa eraiki nahi badugu, nahitaezkoa da
hegoaldeko bi administrazioek bide horretan urratsak ematen gabiltzanoi
ekonomikoki babesa ematea eta defendatzea. 

Honengatik guztiagatik, EAEn LABeko delegatuen kontzentrazioa burutuko
dugu Eusko Jaurlaritzaren aurrean, aldi berean hezkuntza sailari bilera
bat eskatuz, gai hauetaz guztietaz mintzatu ahal izateko. Nafarroan ere,
kontzentrazioa eginen dugu eta administrazioari, Akordio Programatikoan
biltzen den bezala, hamarkadetan euskararen normalizazioari egindako
ekarpenagatik eta gaur egun duten izaera bereiziagatik, ikastolen
etorkizuna bermatuko duen hirugarren sarea osatzea eskatuko diogu. 

Aurrerantzean, bestelako mobilizazioak ere burutuko ditugu, jo mugan
ditugun helburuen alde borrokatzeko.

Gehiago