Ikasleek euskara gehiago nahi dute Lanbide Heziketan
Nafarroako Gobernuari eskatzen dio hurrengo ikasturtean ikas-arlo hauetan euskarazko eskaintza zabaltzea.
Joseba Otano Villanueva
Administrazioan Euskaraz Taldea
2026-ko martxoak 24

Lanbide Heziketako aurrematrikulazioetan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak onartu zuen laukitxo bat jartzea, galdetzeko ea ikasleak prest zeuden ikasketak euskaraz egiteko. Aurretik konpromiso hori zegoen PSN-PSOEk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak sinatutako aurrekontu akordioan, eta zenbait sindikatuk hala egitea eskatua zuten.
Emaitzen inguruko informazioa ematea kostatu egin zaio Nafarroako Gobernuari, baina azkenean informazio hori helarazi dio Administrazioan Euskaraz Taldeari. Beraz, datu ofizial horien arabera, ondorio hauek ateratzen ditugu:
LEHENENGOA.- 814 ikasle matrikulatu ziren gaztelaniaz, euskarazko eskaintza falta zelako, nahiz eta ikasketak euskaraz egin nahi.
BIGARRENA.- Ikasleek 6 aukera jar zitzaketen. Modulu bat abian jartzeko 15 ikasle behar omen dira. Baziren ikas-arlo edo ziklo euskaraz egin zitezkeenak, baldin soilik kontuan hartzen badugu euskaraz nahi eta gaztelaniaz aukeratu behar izan zuten ikasleen lehenengo aukera (15 ikasle edo gehiagoko kopurua zutelako). Ondotik azaltzen dira.
Goi Mailan: Diagnosi irudia eta medikuntza nuklearra (56 ikasle), mekatronika industriala (47), basoaren eta natur ingurunearen kudeaketa (elebiduna, hau da, ingelesa edo frantsesa ere sartuta) (35), laborategi klinikoa eta biomedikoa (24), laborategi klinikoa eta biomedikoa (elebiduna) (22), erradioterapia eta dosimetria (18), gizarte eta kirol animazioa eta irakaskuntza (elebiduna) (17), aho-hortzetako higienea (17), automobilgintza (16), diseinua eta altzari-hornikuntza (elebiduna) (15), haur hezkuntza (15) eta abeltzaintza eta abereen osasunerako laguntza (15).
Erdi Mailan: Osasun larrialdiak (21), natura-ingurunea ustiatzea eta kontserbatzea (21) eta mantentze-lan elektromekanikoa (20).
359 ikasle ziren horiek.
HIRUGARRENA.- 455 ikaslek beste aukerak hautatu zituzten. Ikas-arlo edo zikloak asko dira. Lehenengo aukeran plazarik lortzen ez bada, bigarren aukera kontuan hartzen da. Hau ere aurrera ateratzen ez bada, hirugarren aukera kontuan hartzen da. Eta horrela sei aukerak aztertu arte. Aukeren joko honekin 15 ikas-arlo edo ziklo baino askoz gehiago atera zitezkeen euskaraz 455 ikasle hauekin. 86 ikas-arlo edo ziklo baziren euskaraz egiteko baldintza hori bete zutenak, sei aukerak kontuan hartuta. Jakina, matrikula soilik ziklo batean egin daiteke eta errealitatean gutxiago izanen ziren, baina 15 ziklo baino dezente gehiago bai.
Emaitza hauen aurrean Administrazioan Euskaraz Taldeak honako eskaera hauek egin nahi ditu:
- Nafarroako Gobernuari eskatzen dio hurrengo ikasturtean ikas-arlo hauetan euskarazko eskaintza zabaltzea. Eta beste lehentasunen jokoa kontuan hartuta, gainontzeko 71 ikas-arloetan euskarazko eskaintza zabaltzeko aukera aztertzea.
- Nafarroako Parlamentuko talde parlamentarioei eskatzen diegu horren aldeko mozioak aurkeztu eta onartzea, Nafarroako Gobernua behartzeko.
- Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu euskarazko aukeraz galdetuko duen laukitxoa berriz jartzea hurrengo ikasturterako Lanbide Heziketako aurrematrikulazioetan. Eta Nafarroako Parlamentuari horren aldeko mozioa onartzea.
- Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu Nafarroako Unibertsitate Publikoari eska diezaiola horrelako laukitxoa jartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko aurrematrikulazioetan. Eta Nafarroako Parlamentuari ere eskatzen diogu hori bultzatzea. Dena den, AETek zuzenean eskaera hori egin dio Nafarroako Unibertsitate Publikoari. Euskarazko eskaintza zabaltzea ongi egiteko beharrezkoa delako aurretik ezagutzea zein diren ikasle euskaldunen nahiak.
