IIP (PAI), bereizkeria eta zenbaiten poltsen betegarria
Indar politiko batzuek behin eta berriz esan dute PAIren (Ingelesez Ikasteko Programa) bidez Nafarroako ikasleek ingelesa ikasiko dutela, edozein izanik ere horien egoera sozioekonomikoa, baina, egiaz, ikusi dugu nola programa ezarri ahala –lehenik British moduan, gero TIL eta azkenik PAI gisa– gero eta gehiago handitu den ingelesa irakasteko sektore pribatua
Amaia Zubieta eta Raul Lopez. STEILAS.
2016-ko maiatzak 19
Akademiak, akademia horietako
langileek ikastetxe pribatuetan ematen dituzten ikastaroak, ingelesa hizkuntza ofizial duten
herrialdeetan ikastaroak egitea, udalekuak, ingelesa ikasteko ikus-entzunezkoen salmenta, etab.
Enpresek halako programekiko duten interesaren agerbide da gurasoen elkarteen British-PAI
federazioak Iruñean, maiatzaren 21ean, eginen duen festa. Izan ere, horren babesle gehienek lotura
dute ingelesaren irakaskuntzarekin: bi akademia arruntak dira (Clen College eta Lockhart), eta beste
biak, berriz, merkatu nitxo berriak aztertu eta frankizia bidez zabaltzen diren enpresa horietakoak
(Kids N´Us eta Kidsbrain). Gogora ekarri behar da hezkuntzaren administrazioak ez duela inondik inora
arautzen enpresa horietako langileen gaitasun profesionala eta, legearen ikuspuntutik, halako negozio
bat edo gozoki denda bat irekitzeko baldintzak berdintsuak direla, salbuespena izanik gozoki denda
batean elikagaiak erabiltzeko karneta eskatzen dela.
Bitxia da ingeleseko akademia “klasikoen” goraldia ustez negozio hauen beharra ito behar zuen
programaren inguruan. Izanez ere, haien zerbitzua ez da merkea, bi edo hiru ordu astean 70 eta 100
eurotan ateratzen dira, garestia, bada, pobrezia energetikoa nozitzen duten familia askorentzat.
Bestalde, Kids n´Us espezializatua dago urte batetik gorako umeetan. Gisa horretan baliatzen dute
gezurrezko mito bat: hobea dela atzerriko hizkuntzak ikastea txiki-txikitan, jakinik, gainera, ikasleek
ingelesarekin ez dutela apenas harremanik izanen, ezta hizkuntzari buruzko gogoeta egiteko gaitasunik
ere, ez baitira gai familia-hizkuntzan mintzatzeko.
Kidsbrain frankiziak espezializatuak daude matematiken ingelesezko irakaskuntzan. Horrek esan nahi
du badela eskola-orduz kanpo ingelesa irakasteko merkatua, baita curriculumeko irakasgaiak ingelesez
erakusteko merkatua ere, konparaziora matematikak eta beste batzuk. Hortaz, IIP hain ona bada,
festaren federazio antolatzaileak dioen bezala, ez dakigu zergatik bultzatzen diren irakasgai batzuk,
ezpada hizkuntza horretan emandako irakasgaien maila izugarri jaisten dela, Madrilgo Carlos III
Unibertsitatearen ikerketa batek ziurtatzen duen moduan.
Esan ohi denaren aurka, ikasgelek erakusten digute IIP programa aukera berdintasunen kontra doala
eta bereizketa handiagoa sortzen duela ikasleengan arrazoi sozioekonomiko eta kulturalengatik.
Etxean laguntza handiagoa duten haurrek eta/edo errenta altuagoa, aipatu baliabideak erabil ditzakete;
aldiz, behartsuen umeek ez, eta sektore hori etengabe hari da handitzen.
Steilasek defendatzen du atzerriko hizkuntzen irakaskuntza ikasle guzientzat bermatu behar dela,
edozein dela haien maila soziala, eta ikaskuntza horrek ez duela kurrikulumeko gainerako irakasgaien
ikasketa kaltetu behar, ezta Nafarroako hizkuntza propioa ere.