I-Ek mozorroa kendu zuen eguna
Deus berririk esanen ez badugu ere, gaiak eta egoerak gaurkotasunik ez du galdu. Garaia da gauza bakoitzari bere izena emateko eta pertsona eta ordezkatzen duen alderdia benetan babesten duen tokian jartzeko. Ez da berria, ezta ezustekoa ere, UPN, PP edo PSN bezalako alderdiek Lingua Navarrorum-a delakoa gutxiestea, beste batzuk defendatu eta erabili izan dugunean.
Alberto Goikoa, Txane Senar eta Mikel Lizaso. LAB Irakaskuntzako kideak.
2017-ko abenduak 2
Azkeneko 30 urteetan erregimenaren alderdiek administrazioan erabili
dituzten estrategia poliltikoek euskara zokoratu eta menperatu duten
bitartean, nafar jendarteak egindako euskararen aldeko lana, ahalegina
eta mobilizazioari esker, gure hizkuntza, berreskuratu eta, xumeki bada
ere, bere erabilpena handitu da.
Hala eta guztiz ere, Nafarroako erakundeek euskararekiko izan duten
jarrerek berreskurapen eta erabilpen hori azkarragoa eta eraginkorragoa
izan ez dadin ahalbideratu dute.
Urte hauetan guztietan Izquierda-Ezkerra ( edo Izquierda Unida eta
Batzarre, beste garai batzuetan) haien itzalean gelditu da. Euskararen
aurkako politiketan parte hartze zuzenik izan gabe, baina, aldi berean
Nafarroan normalizazio linguistikoa bermatu dadin urratsik eman gabe
ere.
Bide honetan, politikaren judizializazioa nafar eskuinaren ohitura eta
estrategia bilakatu da. Trantsizioa deitutako garaien hasieratik
euskararen aurkako legeak eta politikak argi ikusi da zentralizaziorantz
eta uniformizaziorantz bideratuak izan direla. Estatu bakar bat, nazio
eta hizkuntza bakarrekoa, gaztelera, nahi dute. Espainiako azken
hilabeteetako jardunak hau are eta agerikoagoa utzi dute. Honek bat
egiten du UPN eta PSNren Nafarroarekiko duten helburu politikoarekin eta
oraingoan Izquierda-Ezkerrak honekin bat egin du.
Gaurdaino, euskararen normalizazioaren aurkako faktoreen artean,
aitzakia juridiko-legalak begi bistakoak izan dira, baita euskara
isilarazteko edota ukatzeko saiakerak ere. Orain nafar euskaldunon
eskubide linguistikoen urraketa betikotu nahi dute, Izquierda-Ezkerra
horretarako ezinbesteko tresna dutelarik.
Espainiako uniformizazioarekin bat egiteko dagoen nahi politikoa argia
da, bide horretan euskal hiztunen komunitatea zokoratu eta hizkuntza
_apartheida_ eginez. Hitz batez, euskaraz bizitzeko aukerak ukatuz, bai
gaur egun, baina baita etorkizunerako ere.
Nafarroan euskararen aurkako _lobby_ politiko bat dagoenik ukaezina da
eta Izquierda-Ezkerrak bere burua hor kokatu du. Egiak ez diren
argudioak erabiliz, batzuen aurka eginez, inposizioz hitz eginez
gaitasun gutxiago duten batzuen pribilegioak babestuz, ” Vascoak”
datozen leloa bere eginez eta erasotua erasotzaile bezala agertu
nahirik.
Orain arte Izquierda-Ezkerrak hizkuntza politikan ez du ekarpen handirik
egin. Bere jarrera gazteleraren nagusitasuna zalantzetan jartzen ez
zuten euskararen aldeko ekimen xumeekin edota aurreko gobernuek atzera
botatzen zituzten asmo-adierazpenekin bat egitea izan da. Egun bai, egun
bere argazkia hor dago. Indar espainazalea eta euskararen aurkakoa
bezala agertu da, euskaldun eleanitzen bereizkeria xede duen lege asmo
baten tramitazioari aukera emanez eta gaztelera elebakarren pribilegioak
lehenetsiz.
Ez dugu ahaztu behar gaur egungo Nafarroaren egoera soziolinguistikoa,
zeina alderdi batzuk eta orain Izquierda-Ezkerrak aitzakia bezala
erabiltzen duten edozein aldaketari ezezkoa emateko, frankismotik
datozen ekimenen ondorioa dela. Hau da, euskarak eta euskaldunek jasan
zuten errepresio eta debekuen ondorioa da. Espainiar nazionalismoak
Nafarroa elebakar gisa irudikatu izan du eta UPNk, PPk, PSNk eta orain
Izquierda-Ezkerrak hori berretsi nahi dute.
Euskarak duen arazo larrienetako bat bere hiztunek jasaten dugun
menpekotasun politikoa da, zuzena batzuetan eta ez hain agerikoa
besteetan. Estatu propio baten babesik ez dugu, gure hizkuntza eta
kultura menpeko dira, eta espainiarzale diren indarrek aukerarik ez dute
emanen hau aldatzeko eta euskararen normalizazio linguistikoaren bidean
urratsak emateko.
Zeintzuk diren badakigunez, argi izan behar dugu euskaldunok eta
euskarazaleok izanen garela Nafarroan euskarari dagokion status-a
emateko bultzatuko ditugunak. Kanpionek esan bezala: Nafarra “Hilik
zirudien eta lotan zen”.
Euskaraz bizi nahi dugu. Eutsi euskarari!