Hodei, hamar urte eta gero

Hamar urte eta gero Hodei Ijurko atxilotu, jipoitu, ehunka kilometrotara espetxeratu, isolatu, berriz jipoitu, epaitu eta zigortu egin zutenen arrastorik ez.

Joxe Aldasoro

2018-ko urriak 15

Hamar urtez terrorista, demokraziaren
etsai, bortitz, totalitario, fanatiko deituz bere izena zikindu dutenen usainik ez. Zerriak! 

Hamar urte. Herritarrek hitz egin duten arte. Bakean uzten zaionean herriak hitz egiten
badakielako, hitz egiten duelako. Esaten duena entzuteko belarriak behar, gogoa. 

Hitz egin dute lagunek, koadrilakoek, kintoek, senideek, musikariek, abeltzainek, dantzariek,
zinegotziek, ezagutzen ez zuten gazteek, duen adina ahaztuta zuten zaharrek, ideologikoki gertu zein
antipodetan dituenak ere. Txaloka, garrasika, bengalak piztuz, dantzan, zarataka, pozik, suziriak
botaz, festa giroan, builaka, alai. 

Hitz egin dute eta hauxe diote: ezin izan zaitugu lehenago ekarri! Bazen garaia! Ez dago
eskubiderik! Aspaldi behar zenuen etxean! 

Ez da hala ere inprobisatutako diskurtsoa izan. Norbaitek askatu ditu, momentu batez
behintzat, josirik dirauten herritarren ezpainek. Preso egon den bitartean elkartasunaren soka lotu
dutenak; astero-astero gainontzeko presoen berri ere eman dutenak; isunak, fidantzak eta presoei
egunerokoa arintzeko milaka euro bildu edo espetxe atariraino furgonetak gidatzen dituztenak;
ilegalizazioan zaildutako pertsonak; poliziari aurre egiten zein legeari muzin egiten aritutakoak.
Horiek guztiek, zer gertatuko zen ongi jakin gabe izan dira plastiko beltza urratu eta herritarrei aukera
eman diotenak urteetan isilarazia izan den epaia plazaratzeko: ongi etorria! 

Eta ez hori bakarrik, Hodeirekin garrasi, dantza, negar, topa egin genuenok aski, kito, bale,
nahikoa da oihukatu genuen. Sobera, gehiegi ordaindu dutelako, denak etxera. Orain presoak.

Gehiago