Hezkuntzako lerroen itxiera
Alis Alonso
Biurdana BHIko irakasle
2024-ko ekainak 10
Hezkuntza Departamentuaren webgunean: hitz ederrak ikasgela digitalei, berrikuntza proiektuei eta Departamentuak bideratutako diru guztiari buruzkoak. Ukigarria den munduan, 24-25 ikasturterako giza baliabideak eta ordutegiak antolatzeko unea: lerro bat gutxiago Alaitz BHIko batxilergoan, gelek gainezka eginen dute hamarnaka ikastetxetan, hautazko irakasgai ugari ez dira aterako “ikasle nahikorik ez dutelako”. Hezkuntzak ikastetxeei plantillak egiteko emandako orduak gero eta urriagoak dira. Barkatu: Hezkuntzak emandako baliabideak gero eta mugatuago daude auzi ekonomikoengatik.
Honek dakarrenean, sekreturik ez: bere hurbileko ikastetxetik desplazatua izango den ikaslegoa, hezkuntzaren kalitatearen galera, klase partikularren beharra (pribatizazioa), prozesuaren deshumanizazioa, neurri autoritarioagoak kudea ezina den hori kudeatzeko, eta abar.
Ez dadila inor harritu, ordea. Hezkuntza eliteek egindako baliabide-banaketaren menpeko den gizartean, horrela izango da beti. Gaur egun ere Europako oligarkiaren apustua argia da: gerrako milioiak, proletalgoarentzako miseria. Ez da Gimeno bera deabrua denik, baizik eta politikari profesional eta administrazio-karguek mandatu hori bete besterik ezin dutela egin, izan ezker zein eskuin hegalekoak.
Nire aburuz, aldaketa legal hutsak aldarrikatzea (ratio maximoen jaitsiera, esaterako), ez da nahikoa; nahikoa ez den bezala irakaslegoarentzat lan-baldintza hobeak eskatzea; kalitatezko hezkuntzaren aldeko borroka da gakoa, mundu guztiaren beharrak izango dituena erdigunean, eta ez enpresa eta politikari profesionalenak.