Haur Eskolen afera: Iruñeko agintari berrien hipokresiaren edo, bestela, udalaren kontrol faltaren erakusle

Euskarazko haur eskolak auzo guztietan zabaltzea izan zen aurreko agintaldian euskaltzaleon aldarrikapen nagusietakoa. Afera Administrazio Auziekiko Epaitegian dago, 466 gurasoen eskariari Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ezetzak etorri zitzaizkiolako.

AET Administrazioan Euskaraz Taldea

2016-ko maiatzak 3

Epaitegian Iruñeko Udalak bere erantzuna eman zuen 2015eko abenduan, epaileak erabaki baino lehen egin behar den bezala. Une honetan afera epailearen erabakiaren zain dago. Hauxe da Iruñeko Udaleko agintari berrien aldetik Epaitegira bidali zuten idazkiaren laburpena:

LEHENENGOA.- 466 guraso horien eskaera ez du epaileak onartu behar.

BIGARRENA.- Iruñeko Udalak dagoeneko mailaz mailako modu progresibo eta aski batean euskara ezartzen ari da udal haur eskoletan, dituen bitartekoak kontuan hartuta. Adibidez, Txantreako euskarazko Haur Eskola bat Arrotxapera eraman zuen. (Geroago, euskarazko bi haur eskola gehiago ireki zituen).

HIRUGARRENA.- Gaurko Haur Eskoletan euskarazko lerroak zabaltzea ezinezkoa da, espazio arazoengatik.

LAUGARRENA.- Foru Lege baten arabera, Udalaren Ogasunaren bideragarritasuna ezin da arriskuan jarri eskualdatutako eskumenengatik (adibidez, haur eskolengatik). Beraz, ezin da inbertsio gehiagorik edo langile gehiagoren kontrataziorik egin. Hau da, euskarazko lerroak zabaltzea mugatuta dago horregatik.

BOSGARRENA.- Arrazoizkoa da gurasoek ama hizkuntzan edo beren ohiko hizkuntzan haur eskolak nahi izatea eta eskatzea, baina ez euren auzoan hori eskatzea, Udalak bitarteko mugatuak dituelako. Are gutxiago da arrazoizkoa ama hizkuntza edo gurasoen ohiko hizkuntza euskara ez bada.

SEIGARRENA.- Euskarazko Haur Eskolak bizilekutik urrun egoteak ez du suposatzen hezkuntzarako eskubidea urratzen denik. Horrelako hautuei jaramon egiteko euskarazko haur eskolak hurbilago jartzeko beharrik ez du Iruñeko Udalak.

ZAZPIGARRENA.- Euskarazko Haur Eskoletan plazarik lortu ez zuen jendea egotea ez da arrazoia euskarazko lerro gehiago sortzeko. Gaztelaniazko Haur Eskoletan plazarik lortu ez zuen jendea ere badagoelako. (Nahiz eta eskuetan eduki 466 eskaera sinatuak, Iruñeko Udalak ez zuen onartu nahi gaztelaniazko plaza horien eskatzaileen artean auzoan euskarazko haur eskola nahi duten guraso asko zegoela).

ZORTZIGARRENA.- 2013-2014ko ikasturterako Haur Eskoletako Udal Patronatuaren aginduz, enpresa batek egin zuen ikerketaren arabera, gaztelania eta ingelesa dira guraso gehienek nahi dituzten hizkuntzak.

BEDERATZIGARRENA.- Ez dago jakiterik 466 eskatzaile horietatik zenbatek duten euskara ohiko hizkuntza. (Antza denez, Iruñeko Udalarentzat hori ezinbesteko baldintza da eskaera aintzat hartua izateko).

HAMARGARRENA.- 466 eskaera aurkeztu zituen amak euskarazko haur eskola batean sartu zuen bere alaba. Beraz, berak ez du interes zuzenik auzi honetan eta ez da inor gainontzeko 465 gurasoen izenean auzi hau planteatzeko. Ez dago legitimatuta.

Bai, aldaketaren aldeko udal gobernu batek utzi du horrelako txostentxoa epaile baten eskuetan, erabaki dezan. Hau da, ziur aski euskararekiko inolako sentiberatasunik ez duen epaile baten eskuetan (normalean epaileek uste dute euskararen aurka aritzeko ordaintzen dietela).

Administrazioan Euskaraz taldeak Iruñeko Udalaren jarrera salatu nahi du. Alde batetik, euskarazko eskaera asetzeko babesle moduan agertzen da (aurrerapenak ere egin ditu), baina bestaldetik epaitegian su ta gar defendatzen du ez dagoela horretara inolaz ere behartuta.

Administrazioan Euskaraz taldeak Iruñeko Udalaren agintari berrien jarrera eskizofreniko hori ez du inolaz ere onartzen. Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzari hainbesteko mespretxu erakustea ez da zilegi.

Administrazioan Euskaraz taldeak Iruñeko Udaleko agintari berrien jarrera kontrajarri hauen aurrean azalpen publikoa ematea eskatzen die eta, bide batez, 2014ko apirilean hasitako auzi honi behingoz amaiera ematea ere bai, gurasoen eskaerei baietza emanda eta Epaitegiari baietza horren berri emanda.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 2an.

Gehiago