HATORTXU ROCK 20, jaialdi bat baino gehiago
Tximeleta ibiltaria
2017-ko abuztuak 1
4 egun. 96 ordu. Milaka persona. Lakuntzan, Euskal Herrian. Ilusioa, Elkartasuna.
Ta etxea. Haien espero, haien itzulerarekin, askatasunarekin amesten, lanean.
Jaialdi bat, bai. Baino ez edozein jaialdi. Elkartasun jaialdia. Euskal Herriko
elkartasun jaialdirik handiena. Jai – aldia, bai. Ospatzeko, oihukatzeko gure
hitzek balioa daukatela ta esaten duguna, sentitzen duguna, sinisten duguna,
gauza bera dela.
Urte asko dira borroka berean, urte asko iraganean murgilduta. Oso gertu bizi den
iragana zoritxarrez. Baina horrek ez du esan nahi ezin dugunik ikasi. Ikasita
jaio garela dirudi eta hortaz, logika baten barnean bizi behar garela uste
dugu, sinestarazi digute. Zerbait hola hasten bada, bakarrik bukaera bat edo
irtenbide bat izango du, ez besterik. Ta hori ez da horrela. Ikasi duguna
desikasteko garaia heldu da eta ikasi ez genuen hori ikastekoa ere bai. Ta hori
egiteko, ez dago maitasuna, elkartasuna eta ilusioa bezain balore ederragorik,
soinudunagorik.
Kartzelak hustu nahi ditugu, Euskal Herri osoko etxeetan hutsik dauden ohe guzti horiek
betetzeko. Kaleak betetzeko. Irribarrez bihotz kaltetu horiek sendatu, zaindu
eta askatzeko. Txikitandik esana digute, gizarteak antolaketa bati mesede egiten diola, egitura bati. Eta horren baitan
jaiotzen dela akatsak ordaintzeko trikimailu edo tresna den kartzela. Estatu
kapitalista heteropatriarkalaren beste instituzio puta bat. Gogainkarria. Baina
legala, antza denez. Modu batez ala beste, argi dago zeri buruz ari naizen.
Baina inork etzigun berba egin gure barnean josi daiteken kartzela hortaz. Ez
dakizunean nora jo, norekin bat egin, nori laguntza eskatu. Zure barnean bizi
eta zure barnean hezi, hazitzen zarenean. Iluntasun amaigabe bat abiapuntutzat
hartu, bidea egin eta malkoz zure barnea eliktzen duzunean, azkenean, itotzen
zara. Ta hori bizi izan dugunok, badakigu zeinen ederra den askatu ta ikustea
nola, zein polit, hegan egiten duzun. Bi kartzela mota daude. Eta beraiek, biak
bizi behar dituzte.
Ez dute korrika hasi eta inoiz
ez gelditzeko aukerarik, barne kartzela horretatik ihes egiteko. Ez daukate
modurik, han barnean, espetxe politika honekin bukatzeko. Guk ordea, badaukagu
zer egin. Guztiok egia, egia gordina badakigu, badaukagu eta horrekin batera jokatu
behar dugu beharrezkoa den indar guztia batu eta aurrera egiteko. Elkartasuna,
konpromisioa, ilusioa. Hori entzun dugu azken egun hauetan. Baina denbora
dezente bizirik daramaten izipiak dira horiek. Istorio baldarrak ez ditugu
gustoko, ekintzen bidez lortzen diren sentimen eta helburuak baizik. Eta
burdindutako bihotz baten urtzeak dakarren asktasuna, begirada eze batek dakartzan
mila sentimenduen jaialdia, irribarrea, ekintzak dira ere bai.
Abestiak dioen bezela “ta
bortxatutako gutunazalek // esaten duten bezela // sekula idatzi ez diren // elkartasun
hitzen lekukoak direla.” Lekukoak dira, gure herriaren historiaren lekuko,
alegia. Egia baita “denok ez dugu (-la) berdin // kontatzen historia” eta
horretan jaiotzen direla, besteak beste, doluak, gudak eta sufrimendu mota
guztiak; bai kanpokoak, bai barnekoak. Barnea ahutsi, barea oihuz betetzen
digutenak. Ez delako batere erraza “ohe hutsei amaren malkoei // lapurtzen
diguten denbora iheskorrari // burdin hotsei aitaren beldurrei” aurre egitea, horrekin
bizitzea.
Malen. 17 urte. 390 orduz ikusi
du bere aita. Hitz gutxitan : ez badago min handiagorik barnean bizi eta
inoiz askatzen ez dena baino, orduan ez dut uste munduan aita bat preso ikustea baino zigor
handiagorik dagoenik. Eta egia esanda, mingarriagoa ikusten dut bizirik izan eta bizirik
ezin ikustea, bizirik ez egon eta ez ikustea baino. Mundu honetan gauza batzuk
aukeratzen ditugu, beste batzuk ez. Eta Bernardo Atxagak bere liburu batetan idatzita
utzi zuen bezalaxe, « mundu honetan besarkadak ez dira hilobian
ematen ».
Azkenik, uste dut esan beharrekoa dela horrelako ekimen
bat, jaialdi erraldoia, etzela aurrera aterako hainbeste lan eta
esfortzuangatik izango ez balitz. Hainbeste lan, hainbesterako ilusioa
dauagulako. Lan egitea da. Lan egitea, ezeren esperoan egon gabe. Helburu
bakarra daukagulako. Mirestekoa da lehenagoko prestaketa guztia, antolaketa eta
egunean eguneko lana eta antolakuntza. Bai egitura baita instalazio oro egokiak
ziren jaialdiak eskatzen zituen beharretarako. Pertsonen elkarlana ere
mirestekoa da; izan ere albokoarekin zerbait komunean duzula dakizunean,
jarrera eta bion arteko zubiak zapore gazi-gozo bat hartzen du.
Honengatik guztiagatik, eta
seguruenik zerbait ahaztuko dut, idazten dut idazten dudana. Hasiera esan dudan
bezalaxe, gauzak sentitzen, sinisten diren bezala idazten dira, sentitzen
dugunean, hitzak bakarrik ateratzen direlako. Eta hola aterako dira haiek,
haien burua tente, besoak zabalik eta bihotza gorri. Ta ziurrenik zerbait
ahantziko dut, baina tira, sentimendu, oroitzapen asko dira hamarkadaz
hamarkada barreiatu eta kutxan hortan bizi direnak. Hala ere, ez dut sekula
ahaztuko 4 egun hauetan sentitu dudana.
Azkena izan dadila. Hurrengoa
OngiEtortxu deituko dugu!