¡Hasta siempre Fidel!
Hego haizeak albiste txar bat zabaldu zuen aurreko astean gurean eta munduak Karibeko irla txikian du jarrita begirada ordutik. Fidel, gure Komandante maiteak azken hatsa bota du.
Xabier Lasa, Askapenako kidea
2016-ko abenduak 5
Komunista, abertzalea, iraultzailea eta internazionalista. Kubako iraultzari eman diozu bizia, eta
horrela, munduari egin ahal zenion ekarpenik handiena egin diozu ezbairik gabe. Zure herria
lutoan dago egunotan, munduko langileriaren antzera. Baina ez zaude hilik, inoiz baino biziago
zaude mundu guztiko iraultzaileon bihotzetan. Zalantzarik gabe, herriak absolbitu zaitu, Fidel!
Pertsonak hezur eta haragizkoak gara, hondatu eta denboraren ordainetan ximeltzen den materia.
Halakoa izan zara zu, hezur haragizkoa. Baina ondo baino hobeto baliatu duzu zure denbora eta
horrek egin zaitu benetako eredu. Eta horregatik hain zuzen ere saiatu dira hainbeste aldiz zu
desagerrarazten, isilarazten, zuk zure herriarekin batera lortutako guztia deuseztatzen, alegia.
Kennedy, Nixon, Carter, Reagan, Bush aita semeak… kapitalismoaren birusak izan dira eta zu
hauen kontrako txertoa. Hezitzailea izan zara, eta irabazitako esperientzia eta egindakoaren
memoriak betiereko egiten zaitu.
Batzuek iraultza zurekin batera bukatuko dela pentsatuko dute, baina beranduegi da euren ametsa
egi bihurtzeko. Herriarekin bizi izan zara eta herriak egiten du iraultza. Granma Kubara iritsi
zenetik mende erdia baino gehiago pasa da eta Che Guevarak idatzi zuen bezala, pertsona
sozialista berria jaio da Kuban. Iraultzaren kontsigna buruan, herriak sortutako azpiegiturak bere
eskuetan eta iraultzaren alde bizia eman duzuen pertsonak bihotzean, etorkizuna bere baitan du
Kubako herriak.
Ez dira asko jada zure herriko iraultzaren aurretiko mundua ezagutu dutenak. Gutxi izango dira
zure herriarekin batera eginiko iraultzaren magaletik kanpo hezi diren Euskal Herriko iraultzaileak
ere. Zuen askapen borroka gure askapen borrokaren eredu garbia izan da. “Independentzia eta
sozialismoa” edota “Aberria ala Hil” bezalako leloek garbi erakusten dute zuen eragina. Bestalde,
Euskal Herriarekiko izan duzuen elkartasuna handia izan da eta ez dago hitzik munduan hori
eskertuko duenik. Horregatik, aurkitzen da Euskal Herriko Ezker Independentista lutoan,
horregatik ari gara herri kubatarrarekiko elkartasun keinuak lau haizetara zabaltzen eta zuri merezi
duzun omenaldia egiten.
Hala ere, ez gaitezen desanimatu, oraindik gure herria eta mundua irabazteko dugu eta! Kubak eta
Fidelek bereziki erakutsi digute, internazionalistak garen heinean, munduari egin diezaiokegun
ekarpenik handiena norberaren herria askatzea dela. Inperialismoaren aurrean, herria antolatu eta
defendatu behar dela. Hitzek ekintzarik gabe baliorik ez dutela, alegia. Beraz bukatzeko, hainbeste
aldiz errepikatu zunituen hitzekin bukatuko dugu gure omenaldi txikia: ¡Patria o muerte!
¡Venceremos!
Agur eta Ohore Fidel Castro!
Gora Kubako Iraultza!
Jo ta ke! Irabazi Arte!