Gutun irekia euskal preso politiko guztiei

Gutun hau bidaltzearen arrazoia zuotako bakoitzari AMNISTIAREN ALDEKO ETA ERREPRESIOAREN AURKAKO MUGIMENDUA zer den argitzea eta informatzea da, zelan ulertzen dugun amnistia, zein da preso politikoek borroka honetan daukazuen papera, zeintzuk diren gure urratsak eta ekarpenak amnistia lortzeko.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

2016-ko apirilak 12

Hori dela eta, honakoa argitu nahi dizuegu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaz:

1. Euskal Herri osoan antolatuta dago eta gure lan guztien, markatutako helburuen, ekarpenen, parte hartzeen, eztabaiden, hausnarketen eta abarren oinarria batzarra da.

2. Gure mugimenduak errepresaliatu politikoen baldintzarik gabeko etxeratzea eta zuen existentzia eragin zuten arrazoien gainditze gisa definitzen du. Gainera, amnistiaren defentsa da gatazka honen izaera politikoa mantentzeko bitartekorik garrantzitsuena.

3. Zuen izaera politikoaren onarpena ezinbestekoa da amnistiarantz eta zuen giza eskubide guztien onarpenerantz aurrera egiten jarraitzeko. Bestetik, zuen egoera aurrera eraman duzuen militantzia politikoaren ondorioa da eta gatazkari irtenbidea emateko era bakarra zuen askatasuna da, duintasunez eta zuen borrokaren aintzatespenarekin.

4. Baina, argi utzi nahi dugu guztiz bateragarriak direla zuen eskubideak aldarrikatzea eta amnistiaren aldeko borroka, izan ere muturreko egoeran bizi baitzarete. Ezin dugu ahaztu estatuek zuen eskubideak urratzeko arrazoiak erabat politikoak direla.

Hortaz, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, pairatzen dituzuen urraketei aurre egiteko lan egiten du amnistiarako bidea egiten dugun bitartean, eta ordura arte honakoa galdegiten dugu:

  • Zuek guztion Euskal Herriratzea eta sakabanaketa politikaren amaiera.
  • Preso gaixo larri guztien askatasuna.
  • Behin behineko askatasunen onarpena espetxeratze prebentiboa ezarrita daukaten euskal preso politiko guztientzat.
  • Baldintzapeko askatasunen onarpena zigorraren 2/3ak bete dituzten preso politiko guztientzat.
  • 40 urteko zigorra ezartzen duen legeriaren indargabetzea.

Hau esanda, pentsatzen dugu urrats hauek egiteko ez dizuetela espetxe legeria eta legeri judiziala onartzea galdegin behar, edo zuen borrokaz eta militantziaz arnegatzea, ezta damua, ezta eragindako mina edota sufrikarioaren onarpena.

Laburbilduz eta dakizuen moduan, ez da egia espetxe legeria onartuta gatazkaren ondorioak gainditu daitezkeenik eta funtzionarioen, Tratamendu Batzordearen, espetxe zaintzako epaileen eta abarren eskuetan geldituko zinateketen, eta irtenbide indibidual horiek ondorio larriak izango lituzkete kolektiboaren batasunerako.

5. Horregatik, gure mugimenduak ez luke inoiz onartuko zama zuengan erortzea. Gu gara eta, oro har, Euskal Herri Langilea da ardura eta konpromisoa hartu behar duena zuen bizi baldintzen hobekuntza eta amnistia lortzeko.

Hori dela eta, zuen eskubideen eta amnistiaren aldeko borroka gizarteratzeko konpromisoa hartzen dugu, ahalik eta eragile sozial eta herri mugimenduren gehienen parte-hartzea eskatuz zein instituzioak presionatuz, zuen aurka egiten ari diren krimen eta jarduera errepresiboaren kostea onartezina bihurtzen zaien arte.

Horretarako salaketa publikoaren eta esparru guztietan mobilizatzearen alde egiten dugu, presio eta desobedientzia efektiboko ekimenekin eta baita amnistiaren gauzapenerantz aurrera egiten laguntzen duen edozein metodorekin.

*Oharra: gutun hau frantziar eta espainiar Estatuetako kartzeletan sakabanaturik dagoen preso politiko bakoitzari bidali egin zaio eta, bere garrantzia eta interesa kontutan harturik, komunikabide guztietan publiko egitea nahi dugu.

Gehiago