Gure burua defendatzeko beharra
Azken hilabeteetan errealitateak irakaspen handiak eman dizkigu Iruñerriko gaztetxeetako kideoi, eta horiek plazaratzeko asmoz idazten dugu ohar hau.
Iruñerriko Gaztetxeak
2019-ko martxoak 11
Gaztetxeen izaeran eta jardunean bertan presente dago uneoro kanporatua izateko aukera, bai baitakigu langileriaren mesedetan artikulatutako proiektu edo tendentzia politiko baten norabidean aritzeak talka egiten duela ordena soziala (eta beraz, langileriaren zapalketa) mantentzea helburu duten instituzioekin.
Baina lurraldearen eta bertako ekoizpen bitartekoen jabe direnen helburu nagusia ez da guk berreskuratutako espazioen kontrola bermatzea, sarritan gu kanporatzeko mahai azpitik ustezko proiektuak ateratzen badituzte ere, krisi kapitalistaren testuinguruan ez baitute gaitasunik haien baliabide guztiei erabilera emateko. Gure aurkako erasoen jatorria beti ez badago baliabide fisikoen berreskurapenean (edo birdesjabetzean), orduan zergatik kanporatu nahi gaituzte guk kontrolatzen ditugun guneetatik? Argi dago, gu politikoki desartikulatzeko.
Baina ez hori bakarrik. Askotan ezin gaituzte gure guneetatik berehalakoan bota eta mota askotako mekanismoak martxan jartzen dituzte, gure potentzialitate politikoa bertan behera uzteko. Eta horien aurrean ere gure burua defendatu behar dugu.
Horren zenbait adibide izan ditugu Iruñerrian azken hilabeteetan. Hasteko, apirilean Iruñeko Udalak ezarri zuen hiri-ordenantza dugu, bere eremuan zeuden gaztetxeei ekimen publikoak egitea debekatzen ziena. Egun, batez ere, Errotxapeako gaztetxeari eragiten dio horrek, baina etsaiak tresna hori erabiltzeko bidea irekitzea gaztetxe eta gune autogestionatu guztien aurkako eraso zuzena da. Hala ikusi dugu Maravillas gaztetxearekin elkartasunez antolaturiko bertso-afaria debekatu zenean bertsolariak mehatxatuz; edo antzeko gauza egin zenean otsaila erdialdean antolaturiko kontzertu baten kasuan, beste leku batean eginda ere, materiala garraiatzen ari zirenak identifikatu eta gaztetxe barrura sartzera iritsiz, argazki-saio eta guzti. Erasoen izaera erabat politikoa agerian geratzen da, Maravillasen elkartasunean prestatutako bertso-afaria debekatu baitzuten, baina M8an egin zen bazkari jendetsua erasotzeko zilegitasun faltan, hor ez zuten eskua sartu.
Gure espazioetatik kanporatzeaz gain gure desartikulazio politikoa bilatzen duen beste eraso argia dugu Maravillasen desalojoen harira abiatutako prozesu errepresibo juridiko-ekonomikoa. Gaztetxearen aldeko eta desalojoaren aurkako indarraren parte izan ziren kideei isun ekonomiko handiak jarri zaizkie (osotara ia 110.000€ izan daitezke), eta 35 pertsona baino gehiago epaituko dituen epaiketa prozesua martxan jarri dute, pertsona bat espetxeratua izateko arriskua dagoelarik. Bide batez, lerro hauek aprobetxatu nahi ditugu gaur, martxoaren 11n deklarazioak hasiko direla eta astearte 12 eta ostegunean 14an jarraituko dutela gogorarazi eta deklaratuko dutenei elkartasuna adieraztera dei egiteko.
Hortaz, esandakoarekin argi geratzen da gaztetxeen defentsa ez dela hauen biziraupen fisikora mugatzen, edo desalojoak ekidin eta hauei aurre egitera, baizik eta gaztetxeen biziraupen eta garapen politikoa bermatzea ere defentsa dela, gure desartikulazio politikoa zuzenki konfrontatuz. Iruñerriko gaztetxeak horretan gaude eta horretan trebatuko gara, aipaturiko prozesu guztien aurkako borroka abiatuko baitugu.