Goitik beharako begiradak: bibliotekonomia zientzia hutsa al da?

Alde Zaharrean aspaldin eskatu dugun liburutegiaz ari gara egunotan bai liburuzainek bai auzokideok. Kontua da edo, hobeki kontua zen, orain arte adituek definitu egin dutela zer den liburutegia eta zer ez den. Jakintza adituaz ari gara eta, aunitzetan, jakintza aditu horren atzean potere hutsa dago.

Bittor Abarzuza Fontellas

2015-ko azaroak 23

Edozein zientzia sozialetan (horiek zientziak badira) goitik beherako paradigma izaten da, postmodernitatearen paradigma, alegia, non guk, adituok, defintzen dugun zer behar duzun zuk, administratua eta ez-jakituna. Guk, auzokizeok, ez gara bibliotekonomian adituak, baina pentsatzen dugu bestelako jakintza dugula eta gauza garela zer nahi dugun hori definitzeko garaian. Adituok zenbait arlotan haziak dira goitik beherako jakintzan, dakienak badu potere bat ez dakienaren gainean. Posiblea al da boterean etikoki aritzea?

Kontzeptuen nahasketa aurretik dator, kontzeptu horren definitzaileak nor diren eta nor ez diren definitzean. Ireki ditzagun behin betiko definizioak eta idatz ditzagun definizio berriak guztion artean. Izan daiteke publikoa, kogestionatua, komunitarioa… izenak izenak dira; garrantsitsuena da izana, izaera eta jokabidea. Guk partekatu nahi dugu dakigun apur hori, gure auzoaz, liburuzainokin, ze, azken finean, gu gara atenditu beharreko komunitatea. Badakigu zer nahi dugun, zer irakurri, zer ikasi eta nola entretenitu; eta, aldi berean, jabeturik gaude zenbat eta gehiago dakizun, orduan eta kontzienteagoa zaren ez dakizunaz, askoz gehiagokoa baita.

Gure auzoa berezia da, jakina, baiezt. Ez dira bi lagun berdinak munduan, nahiz eta gizaki hutsak izan. Ez dira bi herri berdinak lurrean, nahiz eta herrailde berako auzokideak izan. Ez dira kultura berdinak munduan, nahiz eta globalizazioaren eraginez hala dela sinestarazi nahi diguten. Eta bai, globalizazioak guztiongan du eraginik, baina, beharbada, modu diferenteetan. Komunitate bat, eta are gutxiago Alde Zaharrekoa, ez da bat, bakarra eta homogeneao. Sekulan ez. Baina liburutegiaren aldeko taldekideok aztertu ondoren zerbait ikasi dugu. Eta jende askok auzoan, pentsatzen da baino gehiagok, horren alde eman du. Gure liburutegia partikularra da, bai eta unibertsala ere. Gure auzoak bizitasun soziala eta kulturala badauka eta, gure ustez, liburutegiak erantzun beharko lioke horri. Eta estandar bat ere bada, baina ez dugu nahi estandarituak izatea. Zenbat eta gehiago jakin zure auzoaz, orduan eta doiago, finago eta hobeki atendituko duzu. Liburusailtzailearen printzipioa dela ere delakoan nago. Iruñea du izen zaharra eta ez dago munduan parekorik, nahiz eta parekorik izan.

Beraz, liburuzainen eta auzokideen arteko elkarlana ez dago galdua eta ez da sekulan galdu izan. Baina argi eta garbi dago elkarlanak behar dituen ezaugarriak inork ezin dituela markatu, nahiz eta oso adituak izan gure eremuetan; bestenaz, parte hartze horretaz mintzatzen garenean, zertaz hitz egiten ari gara? Agian, eta soilik agian, dokumentu aditu bakar bat ere irakurri gabe (nahiz eta asko izan) honetaz: gardentasuna eta konfiantza (elkarragileak direnak), liburutegia ez da inorena, guztiona baizik (ondarezko zentsu komunitarioa), erantzunkizun amankomuna, elkarrekikotasun-printzipioa (etengabekoa) eta gestioan integratzailea den atenzioa (elkarreriko laguntza) eta, azkenik, parte hartze anitza (ahalik eta parte hartzeko formula kopuru handien eta anitzen, hobeki).

Gure ustez auzokideok eta liburuzainok zuzen zuzeneko begiradak behar ditugu. Gure ametsak partekatuz lortuko dugu.

Bittor Abarzuza Fontellas
Alde Zaharreko auzokidea eta paper kulturalik gabekoa

Gehiago