Gobernua: Nafarroan ETB falta dugu

ETB3 ren aldeko plataforma

2017-ko abuztuak 4

Ana Ollo kontseilariak, joan den ostiralean, azken bi urte hauen balantzea egin
zuen, eta hartan hau esan: Gobernu honi esker, “EITB berriz ere ikusten da Nafarroan,
UPNren salaketa batek eragindako itzalaldiaren ondoren”. Hori ez da egia osoa inondik
inora ere. Nafarroako haur gehienak ETB3 gabe daude, hau da, euskarazko marrazki
bizidunik gabe. 

Zortzi urte daramatzagu horrela; gaur egun 40 urte dituztenek euskarazko
marrazki bizidunak izan zituzten, eta gaur egungo haurrek ez. Atzerapauso erabatekoa
da. 

Nafarroako Gobernuak herritarrei argitu beharko lieke PPren Gobernuak ez
duela inolako asmorik ETB3rako lizentziarik emateko. Gazteentzako euskarazko irrati
publiko bakarra, Gaztea irratia, ere ez dago Nafarroa osoan aditzerik. 

Espainiak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna sinatu
zuen, zehazki PPko Josep Piqué ministroak, eta hartan hitzeman zuen bermatuko
zuela gure hizkuntzan ematen diren telebista eta irratiak hartuko genituela. Baina,
egiaz, egin duen bakarra da euskarazko telebista eta irratien kontra isunak jartzea eta
mehatxu egitea. 

Egoera honen aurrean, Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu gai honi
lehentasuna eman diezaion, eta aliantzak bila ditzan Valentziako erkidegoko Ximo
Puigen gobernuarekin. Hark ere bigarren multiplex autonomikoa eskatzen dio PPko
gobernuari, TV3 ikusi ahal izateko. Ea behingoan Nafarroako haur guztiek euskarazko
marrazki bizidunak ikusteko aukerarik duten.

Gehiago